Atzo bukatu zuten zulatzea, zeremonia ikusgarriarekin. Goizean hasi zituzten lanak Sissi makina zulatzaile erraldoiarekin. Ipar muturra hego muturrarekin lotzeko txikitu behar zen 180 zentimetroko harrizko pareta desegin zuen makinak 13:00 aldera; une hartan txalo zaparrada bat entzun zen lurraren erraietan, 2.000 metroko sakoneran. 200 lagunek ikusi zuten bertan faraoien garaiko tankerako lanaren mugarria. Askoz gehiagok jarraitu zuten euren etxeetatik, tokiko telebistek zuzenean eman baitzuten gertaera. Ekitaldi ikusgarriak ia bi ordu iraun zuen, ikus-entzunezko baten emanaldia eta apaiz katoliko baten eta apaiz protestante baten bedeinkazioak tarteko. Unerik gorena hegoaldeko (Tesino) eta iparraldeko (Uri) langileek elkarri eskua eman ziotenean iritsi zen.
Gotthard tunela paradoxa da neurri handi batean: ingurumenaren izenean Alpeak zulatzea erabaki dute. Orain dela hogei urte hasi ziren lanak, baina 90eko hamarkadaren bukaera arte ez zioten berriro serio heldu, herri galdeketa baten ondotik. Merkantzien garraioa 2.000 metroko sakoneran egiteko eraiki dute munduko tunelik luzeena. Europako bihotzean, Alpeetan barna doan errepideari lekukoa hartzeko eraikiko dute Gotthardetik joango den trenbidea. Ikusgarriak dira agintariek egindako kalkulatzeak: 130.000 tona CO2 gutxiago isuriko ei dira, baita 840 tona nitrogeno oxido gutxiago ere. Bidaiari eta ibilgailuen garraiorako energia anitz aurreztuko ei dute tunelari esker, %50 inguru.
2017 arte ez dute zabalduko
Zulatzea da bat, eta tuneletik trenak iragan daitezen azpiegitura guztia prestatzea bestea. Gotthard ez dute 2017 arte zabalduko. Alemaniako hegoaldeko, Suitzako eta Italiako iparraldeko 20 milioi biztanle izango dira tunelaren balizko erabiltzaileak. Ingeniariek diotenez, bidaiarien edo merkantzien 300 tren pasatuko dira handik egunero. Orduko 250 kilometroko abiadura hartuko dute abiadura handiko trenek, eta ordubete gutxiago iraungo du Zurich-Milan loturak, adibidez.
Baina horretarako, 3.000 metrotik gorako mendien azpian izugarrizko zulatzeak egin dituzte. Presioaren arazoei eta muturreko tenperaturei aurre egin behar izan diete ingeniariek, eta 24 milioi tona arroka atera behar izan dituzte lur azalera. Ordu laurden eskas batean pasatuko dute tunela trenek. Beharginek, berriz, hamabost urte eman dituzte tunela egiten; zortzi hil dira lanetan. 13.000 milioi euroko aurrekontua du lan erraldoiak. Eta bistan da: kritikarik ez da falta Suitzan.
Zenbakietan
57
Kilometro. Gotthard tunelada munduko luzeena.24 milioi. Lur azalera atera behar izan dituzte arroka tonak.
13.000. Lanaren aurrekontua milioi eurotan.
2017. Trenbidea 2017an zabalduko da, atzerapenik ez bada.
8. Tunelaren lanetan hil diren meatzariak.
15. Tunela egiten eman dituzten urteak.