Mende laurdena ez da bete historiako hondamendi nuklearrik handiena jazo zela, baina drama negozio bihurtu da jadanik. Txernobyl aipatzearekin bakarrik Europako milioika hiritarren amesgaiztoak hasten ziren orain ez asko arte. Ukrainak, ordea, ez du abagunea galdu nahi izan. Jakin badakite hango agintariek azken urteotan bisitariak izan direla eremu hilean, Pripyateko hiri abandonatuan, Baso Gorrian… Hondamendiaren ondorioak beti erakartzen ditu batzuk; haiei ere turistak esaten zaie, eta horiek turismo nuklearra egiten dutela zehaztea ez da okerra izango inondik ere.
Iragarpen bat egin du Viktor Balogak, Ukrainako Larrialdietarako ministroak. Txernobylgo zorigaiztoko zentral nuklearrari bisita egin eta alboan Nazio Batuetako ordezkari bat zuela, espezialistak «ibilbide seguruak» eraikitzen ari direla esan du; betiere luze gabe Txernobylera joango diren turisten segurtasuna bermatze aldera. 1986an han gertatutako «istripu nuklearraren ikasgaia» emango omen dute bisitaldian.
Gaur egun, 2.500 langilek dihardute itxitako planta nuklearrean. Mantenimendu lanak egiten dituzte txanda zorrotzen bidez, erradiazioaren eragina gutxitze aldera. Urteak dira istripua izandako kokalekutik 48 kilometroko ingurunea itxita dagoela. Eremu horretan sartzea debekaturik dauka Kievek, baina azkenaldiotan ehunka dira euren etxeetara itzuli direnak, debeku eremuaren barruan.
Horrek ez du esan nahi dagoeneko erradiazioak jotzeko arriskua ez dagoenik, osasunaren eta ingurumenaren alorretan diharduten elkarte guztiek onartzen baitute oraindik ere pertsonei kalte egiteko arrisku gorria dagoela han. Izan ere, lurzoruaren kutsadura erabatekoa da, estrontzio-90 eta zesio-137 gisako osagaiekin. Hala ere, hainbat enpresak aspaldian eskaintzen dituzte bisitaldiak Txernobylera, debeku eremuaren barrura. Agintariek diotenez, «bisita horiek ez dira legezkoak, eta arriskutsuak dira turistentzat, gainera». Aurrerantzean ibilbide jakinak eskainiko ditu gobernuak infernuaren barruan, «hala kanpoko turistentzat nola bertakoentzat». Areago, 1986an istripua eragin zuen laugarren erreaktorearen gela ikusten ere utziko dute, 200 eta 400 euroren arteko diru kopurua ordainduz gero.
Egun beltz hura
Apirilak 26 zituen 1986 hartan Txernobylgo zentral nuklearreko arduradunek froga bat egitea erabaki zutenean. Argindarrean eten bat simulatu zuten, baina zerbait gaizki atera zen proban. Bat-batean 4. erreaktorean potentzia izugarri handitzen hasi zen. Nukleoa gehiegi berotu zen, eta barruko hidrogenoa lehertu. INES eskalan 7ko maila hartu duen istripu nuklear bakarra martxan zen.
Adituek jotzen dute 1945ean AEBetako hegazkinek Hiroshimako hiri japoniarrean jaurtitako lehergailu atomikoak baino 500 aldiz erradiazio kopuru handiagoa aireratu zela Txernobylen.
Biktimen kopurua aztertzea zaila da, istripua gertatu zenetik egun arte egindako txosten kopurua ez baita txikia. Iritzi ugari daude. Edonola ere, zuzenean 31 lagun hil ziren —suhiltzaileak eta plantako beste langile batzuk gehienak, likidatzaileak— eta 135.000 hiritar euren etxeetatik aldarazi zituzten, horietako 50.000 Pripyat hirian. Erradiazio poltsak ia Europa osoan barreiatu ziren, eta herrialde askotan alarma gorria piztu zuten.
Zientzialariek garbi diote milaka eta milaka direla erradiazio horrek eragin dituen heriotzak eta gaixotasunak Europa osoan. Oraindik ere asko dira istripu hark airera jaurtitako erradiazioa dela medio, minbizia eta beste gaixotasun batzuk pairatuko dituztenak. Baina arazoa da ezin dela kopuru zehatzez hitz egin. Izan ere, 5.000 heriotzatik bat istripuak eragina balitz, 80.000 heriotza izango lirateke Txernobylen ardura, 400 milioi pertsona inguru baitziren artean. Baina hori adibide bat besterik ez da.
Istripuaren ondoren ere, Txernobylek martxan jarraitu zuen beste erreaktoreekin, hainbestekoa zen Ukrainak zuen energia beharra. Sobietar Batasuna desegin, eta Ukraina independenteak ere plantarekin jarraitzea erabaki zuen, harik eta 2000. urtean, nazioarteko komunitatearen babes ekonomikoari esker, itxi zuten arte. 4. errektorearen erradiazioari eusten dion segurtasun sarkofagoa oso hondaturik zegoen ordurako, eta beste sarkofago bat eraikitzea erabaki zuten. 2007an hasi ziren lanak, eta 2012rako bukatzea espero dute.
Turismo nuklearraren zain
Txernobylgo ateak zabalduko dizkiete turistei 2011n. Historiako hondamendi nuklearrik handiena gertutik ezagutzeko, 4. erreaktorearen gelan sartzea baimenduko dute, 200 eta 400 euro arteko kopuruaren truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu