Hiriak ezagutzeko era ezberdin bat. Horixe proposatzen dute Marivi Puentek eta Marta Cortinak. Bilbao Greeters izeneko proiektua jarri dute martxan. «Bilbo bilbotar baten eskutik ezagutzeko aukera ematen du», Puenteren esanetan. Hiria bertako biztanle batek erakuts dakizun, bisita gidatu bat erosi behar dela pentsa dezake bisitariak, baina ez da horrela. Proiektuan parte hartzen dutenak boluntarioak dira; «jende berria ezagutu eta euren hiria erakutsi nahi dutelako hartzen dute parte», zehaztu du Cortinak. Baina ez dira bisita gidatuak. «Greeter-ek [proiektuan parte hartzen duten boluntarioak] ez dute zertan jakin eraikin jakin bat nork eta noiz eraiki zuen. Bere inguruko hiria erakusten dio bisitariari, beste era batera ezagutuko ez lukeen ikuspegia eskaintzen dio». Hiria bertako biztanle baten bidez dohainik ezagutzeko aukera bat da.
Eta nola jartzen dira harremanetan bisitaria eta boluntarioa? Bada,www.bilbaogreeters.com webgunearen bidez. Oraingoz, 50 greeter bilbotar topatu dituzte Bilbao Greeters-en sortzaileek, eta bisitariak ikusi nahi duenaren eta hizkuntzaren arabera aukeratzen dute gidari bat edo bestea. «Adin guztietako greeter-ak lortu ditugu; beraz, aukera zabala eskaintzen diegu bisitariei», dio Puentek. Une honetan boluntario gehiagoren bila ari dira, eskaintza ahalik eta gehien zabaltzeko asmoa baitaukate. Atzo bertan, esaterako, beste bi boluntariorekin itxi zuten tratua.
Eta gehiago ere beharko dituzte. Izan ere, gero eta bidaiari gehiago hurbiltzen zaizkiela adierazi du Cortinak. «Orain arte 170 bisita jaso ditugu, gehienak Espainiatik». Pentsa daitekeenaren aurka, sistema honen bidez bidaiatzea aukeratzen duten pertsonak 50-60 urte arteko pertsonak dira, «erosteko ahalmen handia daukatenak», dio Puentek.
Hogei urteko ibilbidea
Puentek eta Cortinak, ordea, ez dute ezer berria asmatu. Nazioarteko bisitarako sistema bat egokitu besterik ez dute egin. 1992an sortu zen Greeter kontzeptua, New Yorken. Orduz geroztik, zabaldu egin da bidaiatzeko era hori, baita boluntario kopurua ere. Une honetan, munduko 40 hiritan topa daiteke Greeter zerbitzua. Bilbon, joan den uztailetik hona jarri zuten martxan. Baina ez dute bertara mugatu nahi. 2012. eta 2013. urteen artean Donostiara eta Gasteizera ere zabaldu nahi dute eskaintza. Era horretan, Bilbao Greeters izan beharrean Eusko Greeters izango litzateke proiektua.
Baina, doako zerbitzu bat den heinean, zein bideragarritasun dauka proiektuak? Orain arte ez dute finantzatzeko biderik lortu, baina egitasmoa ezagunago egiten ari den neurrian, Bilbao Greeters lagunak bilatzen ari da. «Gure eskaintzaren bidez, ostalaritzako lokaletan edo antzerkietan tratu berezi bat jasotzen dute bidaiariek, beherapenen bidez, esaterako», Cortinak azaldu duenez. Bi aldeek lortzen dute era horretan irabazia: Bilbao Greeter-ek, laguntza ekonomikoa, eta haren lagunek, bezero gehiago lortzeko bidea. «Aukera ona da denontzat».
Turismoko boluntarioak
Bilbora iritsi da hiria bertako biztanle baten eskutik dohainik ezagutzeko eredua. Bilbao Greeters du izena, eta datorren urtean Gasteizera eta Donostiara ere zabaldu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu