Kataluniako ikus-entzuleek adi jarraitu dute TV3 azkeneko asteetan. Horren erakusgarri, katalanezko kate publikoak 2007ko martxotik hona lortutako daturik onena bereganatu du. TV3kate ikusiena izan da bere herrialdean, alde handiarekin. 8,3 puntu atera dizkio bigarren kate ikusienari, La Sextari (%9,2). Kataluniako hirugarren kate ikusiena urrian Antena3 izan da, %8,3ko kuotarekin; eta laugarrena Tele5, %7,8ko kuotarekin.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Tele5 izan da urriko ikusiena, %13,8ko ikusle kuotarekin; La Sexta bigarrena izan da (%10,2); Antena3, hirugarrena (%10,1); eta La1, laugarrena (%9,7). ETB2k %8,6ko ikusle kuota lortu du, iaz hilabete berean baino 1,3 puntu gehiago.
ETB1ek %1,8ko ikusle kuota lortu du urrian, iaz garai berean baino hiru hamarren gehiago. Herri txiki, infernu handi saioak lortu ditu daturik hoberenak; urriaren 15ean, programaren historiako datu onena bereganatu zuen: %6,6ko ikusle kuota.
ETB3k %0,4ko ikusle kuota izan du urrian —Hego Euskal Herrian ikus daitezkeen haurrentzako kateen artean azkenekoa da—.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herritar bakoitzak egunean batez beste hiru ordu eta 56 minutu pasatu ditu telebista aparailuaren aurrean.