Komunikazioa

TV3ek Valentzian emititzeari utzi behar izan dio, isunak saihesteko

Herrialde Katalanetako hainbat hedabide digitalek euren jarduna eten dute 24 orduz, protesta gisa

urtzi urkizu
2011ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
PPk eta Valentziako Generalitateak aspaldi eten nahi zituzten TV3ko emanaldiak Valentziako erkidegoan, eta euren helburua lortu dute azkenean. 26 urteren ostean, Valentzian emititzeari utzi dio Kataluniako telebista publikoak. Erkidego horretako gobernuak sustatutako ikus-entzunezko lege berriaren arabera, gaurtik aurrera TV3ek 120.000 euroko isuna jasoko du hilean Valentzian emititzen jarraituz gero. Isunen mehatxuei aurre egiteko, ACPV Valentziako Kultur Ekintza elkarteak emisioak etetea erabaki du. TV3 ez ezik, 3/24, Super3-3XL eta 33 katalanezko kateak ere ikusten ziren.

Eliseu Climent ACPVko presidenteak Francisco Camps Valentziako Komunitateko presidentea jo du erruduntzat: «ACPVren aurkako jazarpen kanpainaren atzean Camps dago. TV3ko emanaldiak eten izana erabili nahi du Gurtel aferan bere aurka dauden salaketak estaltzeko». Toni Gisbert elkarteko koordinatzaileak erasoaren tamaina azpimarratu du: «Itxierak ez dio bakarrik ACPVri eragiten, baizik eta adierazpen askatasun, puraltasun informatibo eta hizkuntzaren sustapen proiektu oso bati».

Afera Auzitegi Gorenera eraman du ACPVk, eta ikusteke dago zer epai ematen duen. Hala, Auzitegi Gorenak arrazoia emango balio ez dute baztertzen etorkizunean TV3ko emanaldiak berriz emititzea. Europako justiziara jotzeko aukeraz ere mintzatu dira ACPVko ordezkariak.

ACPV elkarteak Mugarik Gabeko Telebista ekimena jarri zuen abian 2009an. Ekimen horren eskaera da telebista kate autonomikoak ez daitezela emititzen diren erkidegoetara mugatu, eta hizkuntza partekatzen duten erkidego guztietan emititzeko aukera izan dezatela. Hau da, ETB Nafarroan ikusteko eskaera jasotzen du ekimenak. Ekimenaren aldeko 500.000 sinaduratik gora aurkeztu zituzten iaz. Tramiteak aurrera ez egitea erabaki zuen hasieran Espainiako Gobernuak,ekimenak eskatzen duena gastu publiko handia dela arrazoituz. Baina Espainiako Kongresuko Mahaiak ekimenari jarritako betoa atzera bota zuen urrian. Auzia geldirik dago orain.

Erreakzioak, etetearen aurka

Valentzian Kataluniako telebista publikoen emanaldiak etetearen aurkako erreakzio ugari izan dira. Alderdi politikoen artean, ideologia oso ezberdina duten Ciutadansek eta Solidaritat Catalana per la Independenciak (SI) itzalaldiaren aurkako adierazpenak egin dituzte. PP «frankismoaren oinordekoa» dela salatu du SIk: «Katalan hizkuntzaren aurka historian egin den atentaturik handienetako bat izan da hau». ICVk, berriz, iragarri du afera Kataluniako parlamentura eramango duela. Kataluniako Generalitateak «zinez» deitoratu du TV3en itzalaldia.

Herrialde Katalanetako hainbat hedabide digitalek, bestalde, euren jarduna eten dute 24 orduz, ACPV eta TV3ri elkatasuna adierazteko. Twitterren ere protestak ugariak izan dira, #sensesenyal etiketarekin.

Anonymous taldeak Valentziako Generalitatearen webgune ofizialari eraso zion atzo, protesta gisa, blokeatzea lortuz. Halaber, bere hurrengo helburuak PPren eta Valentziako Irrati-Telebistaren webguneak izango direla iragarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.