Aurreko larunbatean sagardoaren txanda izan bazen, gaurkoan txakolinarena iritsi da. 31 urtez egin dute dagoeneko Donostiako Sagardo Eguna. Txakolinaren Eguna, aldiz, estrainekoz egin dute gaur eguerdian Gipuzkoako hiriburuan, Konstituzio plazan, Euskal Jaietako egitarauaren barne.
Gipuzkoako Getaria, Zarautz, Deba, Hondarrribia, Orio, Mutriku eta Aia herrietako 22 upategik eraman dituzte txakolin botilak Donostiako Alde Zaharrera. Trikiti doinuek ez du huts egin, ezta Sebastian Lizaso eta Iñaki Murua bertsolarien bertsoak ere. "Osagarriak baitira beti txakolina eta bertsoa", kantatu du Lizasok. "Gauza goxoa dakarki lurrak ondo mimatuz gero", oroitarazi du Muruak. Upategi gehienetako kideek adierazi dute 2015eko uzta oso ona izan zela, eta 2016koa ere primerakoa izango dela iruditzen zaie. Itxaropen hori azaldu dute, behinik behin.
Gaurko jaian jasotako diruaren parte handi bat Etiopia Utopia taldeari emango diote. Anjel Olaran hernaniarrak sortutako taldearen proiektuentzat, alegia. Horrenbestez, giro eder eta alaitasunaz gain, elkartasun keinuak ere izan dira gaur Donostian.