Antonio Alustiza. Artzaina

«Txakur guztiak ez dira berdinak, batzuek ez dute lehiaketarako balio»

Oñatiko Nazioarteko Artzain Txakurren Txapelketa irabazi du Antonio Alustiza aresoarrak 'Ttiki' txakurrarekin

Aizpea Esnaola
2010eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Ttiki Gorbeiako artzain txakurra izan zen txapeldun igandean, Oñatiko 51. Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketan. Zazpi urte ditu txakurrak, eta jabearen esan apalak arintasunez bete zituen, eta Antonio Alustiza aresoarraren (Nafarroa) isiltasunak ere ongi interpretatu zituen. Hura izan zen artaldea ondoen menderatu zuen txakurra. Alustizak baserriko bizimodua duela urte batzuk utzi zuen, baina bere denbora librean artzain lanak egitera joaten da. Abuztuan hasi zen Ttiki Oñatiko txapelketarako prestatzen.

Espero al zenuen igandean irabaztea?

Ez, ni beti bezala lana txukun egitera joan nintzen; ongi atera zitzaidan, eta irabazi nuen.

Beste urteetan ere ibilia zinen Oñatiko txapelketan?

Bai, hamahiru urtetan izan naiz. Bigarren eta hirugarren egin izan dut, atzerago ere geratu izan naiz, baina lehenengo postuan inoiz ez.

Azken bost urteetan Joxe Mari Jauregik Bizkor-ekin irabazi du, aurten, berriz, beste txakur batekin lehiatu behar izan du, ezta?

Bai, oraingoan txakur berriarekin lehiatu da, baina, hala ere, podiumera igo da hirugarren postuan.

Bizkor-ren falta sumatu al da?

Bai, txakur oso ona zen. Jada zahartuta zegoen, baina horrek ez du esan nahi deus egingo ez zuenik. Joxe Mari Bizkor-ekin txakur berriarekin baino lasaiago joango zela uste dut, baina horrela tokatu zaio, eta orain Bizkor ez dago.

Txakurrari zainketa berezirik egiten al diozu?

Ez, zainketa berezirik ez, eguneroko lana. Abuztuan lehiaketak egiteko denboraldia hasten denean, orduan banderak erakutsi, eta gainerakoak.

Egunero joaten al zara Ttiki-rekin mendira?

Bai, gehienetan. Mendira edo bordara, ardien ingurura behintzat, ia egunero.

Zaila al da txakurrak kasu egitea lortzea?

Niri ez zait iruditzen, nire eginbeharra hori da. Nik gauzak errepikatzen dizkiot, eta berak ulertu eta egin egiten ditu; sekretua errepikatzea da.

Eta txakurra txikitatik ezagutzea?

Bai hobe izaten da txakurra txiki-txikitatik hartzea. Nik izan ditudanak behintzat hala izan dira, eta horrela gustura aritzen naiz.

Nabari duzu zure txakurra hartzen duzunean edo beste batena?

Noski, txakur guztiak ez dira berdinak. Nahiz eta nire txakurra izan, badira batzuk lan horretarako balio ez dutenak; nik baditut etxean beste txakur batzuk horretarako balio ez dutenak baina etxeko lanak egiteko onak direnak.

Nola jakiten duzu txakur batek balio duen ala ez?

Joera bat nabaritzen zaio txakurrari. Ez dakit nola esan, nire aginduetara aise jartzen dena. Beste batzuk bere gisara ibiltzen dira, eta lan honetarako ez dute balio.

Arrazak ba al du zerikusirik?

Ez, nik orain Gorbeiako arrazakoa daukat, baina izan dut betiko etxeko txakur iletsu bat, eta hau bezain gustukoa nuen.

Beste txapelketarik ba al duzu?

Txapelketarik ez, erakustaldiak ditut orain. Txapelketak bukatu dira.

Irailean bukatzen da denboraldia?

Bai, abuztuan hasten gara Nafarroako txapelketarekin, ondoren Euskal Herrikoa egin genuen, eta aurreko igandean nazioartekoa izan genuen Oñatin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.