Iker Ozkoidi. Lera gidaria eta Pirena 2009ko irabazlea

«Txakurren jabea eta laguna izaten jakin behar du 'musher'-ak»

2011ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Hamaika urte zituela erosi zion aitak lehenengo txakurra, eta ordutik animaliak ditu bizitzaren ardatz Iker Ozkoidik (Iruñea, 1979). Hamaseigarren aldiz parte hartuko du Pirenan, eta 2009an egin zuen bezala, lasterketa irabaztera irtengo da. Alpeetan izan da prestatzen, eta handik itzuli berritan erantzun ditu galderak, bizileku duen Pirinioetako Beret herritik.

Zer moduz zaudete Pirenaren atarian?

Ni ongi nago, baina txakurrak nekatuta. Alpeetan izan gara berriki, Alpentrail lasterketan parte hartzen, eta oso proba gogorra izan da, txakurrentzat, batez ere [Suitzan, Austrian eta Italian jokatzen da, eta 5. bukatu dute]. Elurretan ibiltzeko modua izan dugu, behintzat, Alpeetan.

Pirena bi astez atzeratu dute, hain zuzen, elur faltagatik. Atzerapenakeraginik izan al du prestaketan?

Guri ongi etorri zaigu, bai entrenatzeko eta bai Alpeetatik bueltan txakurrak suspertzeko. Pirinioetan apenas dagoen elurra, eta elurretan gutxi ibili gara. Bi asteko atzerapena prestaketan mesedegarria izango da.

Nolako Pirena aurreikusten duzu?

Elurra egingo duela diote iragarpenek, eta zeruari begira hala izango dela dirudi. Eta beharko elurra bota! Uneotan dagoen kantitatearekin zaila ikusten dut Pirena behar bezala jokatzea, ezinezkoa ia. Ibilbideak laburtu eta moldatu beharko lituzkete.

Zenbat txakur eramango dituzu Pirenara?

Hamalau txakur, baina etapa bakoitzean hamabi aukeratu ditzaket, gehienez. Etaparen ezaugarrien arabera eta txakurren egoera ikusita egiten dut aukeraketa; etapa luzea edo motza den edo elurraren baldintzen arabera, besteak beste.

Zer motatako txakurrak dira?

Husky eta braco arrazen arteko gurutzatzea dira, eta pointer odola dute. Korrika egiteko nahiz lerari tiratzeko horiek dira aproposenak: abiadura, indar eta erresistentzia handia dute, eta elkarlanerako joera. Gozatu egiten dute lerari tiraka.

Zer da garrantzitsuena musher baten eta txakurren arteko harremanean?

Talde lana da gurea, eta ahal dudan denbora guztia haiei eskaintzea funtsezkoa da. Lana tarteko, udan denbora gutxiago izaten dut, baina neguan 24 orduak haiekin egiten ditut. Orduak eta orduak pasatzea da gakoa, baina urte guztian, ez soilik elurra dagoenean. Errespetuan oinarritu behar da harremana, eta musher-ak txakurren laguna eta jabea izaten jakin behar du.

Aurkarien berri izan al duzu?

Urterokoak elkartuko gara Pirenan, eta, Alpeetan ikusi dudanagatik, Tom Andres eta haren taldea indartsu daude. Txakurrak aldatu ditu, gogor entrenatu dira eta indartsu datoz Pirenara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.