«Txernobylgo umeak hemen daudenean zoriontsu atera ohi dira argazkietan»

Txernobylgo Umeak erakundearekin elkarlanean, zentral nuklearreko ezbeharrak kutsatutako gunean izan da Jorge Lopez. Ateratako argazkiak Bilboko FNAC aretoan bildu ditu.

Adrian Garcia.
Donostia
2010eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Txernobylgo seme-alabak Jorge Lopez (Sestao, Bizkaia, 1972) argazkilariaren erakusketa ikus daiteke Bilboko FNAC erakustaretoan, urriaren 30era arte. Txernobylgo (Ukraina) hondamendiak hango biztanleengan egun duen eraginaren errealitate gordina islatu du Lopezek kamararen bitartez. Argazki guztiak liburu batean bildu ditu Lopezek. Bost eurotan jarri du liburua salgai, eta irabaziak Txernobylgo Umeak erakundearentzako izango dira.

Zer dela eta erabaki zenuen Txernobylera joatea?

Aspalditik dut harremana Txernobylgo umeekin lan egiten duten erakundeekin. Leku askoeskaini ohi diote hedabideek Txernobylgo umeei hemen daudenean, eta denak zoriontsu eta irribarrez atera ohi dira argazkietan. Han bizi duten egoeraz, baina, oso gutxi hitz egiten da, etaeuren egunerokoa nolakoa den ikusteko eta komunikatzeko gogoa nuen.

Noizkoak dira erakusketan ikusgai dauden argazkiak?

2008. urtean egon nintzenekoak; hamar egunez ibili nintzen argazkiak ateratzen.

Denbora asko igaro da hondamendia gertatu zenetik.

Datorren urteko apirilean 25 urte beteko dira istripua gertatu zenetik, baina zoritxarrez biztanleek urte askotan pairatu beharko dituzte ondorioak. Hondamendia gertatu zenean, agintariak jazotakoa isiltzen saiatu ziren. Ezin izan zuten sekretua luzaroan gorde, erradiazioa Finlandiara iritsi baitzen. Zentral nuklearraren ondoko Pripiat hiria hustu zuten, eta ordutik ez da inor bizi han. 30 kilometroko segurtasun esparrua hesitu zuten. Baina erradiozioak zabaltzeko duen joera oso bitxia da, eta kanpoko gunea barrukoa baino kutsatuagoa egon daiteke. Hango biztanleak ezer gabe geratu ziren, eta aurrera ateratzeko zuten bide bakarra lurra lantzea zen, kutsatutako lurra. Askok ez dute ur edangarririk, eta putzuetako ur kutsatuaedatera behartuta daude. Urte askotan luzatuko dira bertakoen arazoak.

Zenbat jende bizi da kutsatutako eremuan?

Oso erlatiboa da hori. Kiev, Ukrainako hiriburua, zentraletik 110 kilometrora dago. Ukrainako Gobernuak kutsatutako eremua ehun kilometrotan ezarri du, hiriburua kanpoan utziz. Biztanle asko dituzten hiri eta herri txiki asko hartzen ditu eremuak.

Zeintzuk dira eremu horretako jendeak dituen osasun arazoak?

Tiroideko minbizia du jende gehienak. Horrez gain, malformazioekin jaiotzen dira haur asko, eta begietan arazo asko izaten dituzte.

Ukrainako Gobernuak laguntza ekonomikorik eskaintzen al die?

Kutsatutako gunean bizi direnak txartel berezi bat dute. Hrivnia bat ematen diete hilabetean, euroko hogei zentimo gutxi gorabehera. Euren umeen elikadura hobetzeko helburuarekin ematen diete diru laguntza, baina oso urria da, eta diru horrek ez du askorako balio. Lotsagarria da gobernuak hrivnia bat bakarrik ematea, gasolina litroak zazpi balio dituenean. Hondamendiko guneko umeei udako kanpalekuetara joateko aukera ematen diete, Ukrainako kutsatu gabeko beste lurraldetara. Baina ustelkeria oso ohikoa da, eta familia txiroenek ez dute euren umeak bidaltzeko aukerarik izaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.