Txikitasunaren erronka handia

Pedro Miguel Etxenikek nanoteknologiaren erronkei eta arriskuei buruz jardun du enpresentzako nanoBusiness tailerrean, Donostiako CIC Nanoguneko egoitzan.

Pedro Miguel Etxenike, CIC Nanogunean, hitzaldia ematen. ANDONI CANELLADA/ ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia
2012ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Zientziak urteak eman dizkio bizitzari. Zientziaren oraingo erronka urteei bizitza ematea da». Nanoteknologiarenerronkei buruz Pedro Miguel Etxenikek esandako hitzak dira. Nanoteknologia, sentsazionalismoa ala errealitatea? hitzaldia eman du CIC Nanoguneko presidenteak nanoBusiness tailerren irekieran.

Argi du Etxenikek nanoteknologia errealitatea badela, nahiz eta sentsazionalismotik ere zerbait baduen. Atomo eta molekulen eskalan materiaren kontrola eta manipulazioa ikertzen duen zientzia aplikatuen eremua da nanoteknologia.

Zientziaren etorkizuneko erronketan nanoteknologiak «garrantzi handia» izango du, Etxenikeren hitzetan. Materiaren ezagutza gero eta sakonagoak ekarri ditu aurrerapenak nanoteknologiaren eremuan. Materia bera kokatu du Etxenikek bizitzaren erdigunean: «Unibertsoa sortu zuen eztandaren ostean atomoak sortu ziren. Atomo horiek antolatu egin ziren, eta nanoteknologiaren azken emaitza da gizakia».

Hondamendi bat gertatu eta gizadiaren ezagutza guztia ezabatuko balitz,ondorengoei transmititu beharreko ideia garrantzitsuena zein den zalantzarik ez du zientzialariak: «Materia atomoz osatuta dago, eta atomo horienarteko eragin trukeak sortzen du materiaren egitura eta konplexutasun guztia, pentsamendua barne, nahiz eta oraindik ez dakigun nola».

Bizitzaren sekretua dimentsio nanometrikoan dago, Etxenikeren arabera. Belaunaldi batek ondorengoari ezaugarriak transmititzen dizkion modua dago DNAren globo espiral egituran, eskala nanometrikoan. «Hor dago, nire ustez, XX. mendean egindako aurkikuntza garrantzitsuena, fisika kuantikoaren ondoren».

Egunerokoan nanoteknologiaz inguraturik bizi dira herrialde garatuetako biztanleak. Sendagaien eraldaketak, medikuntza erregenaratiboa, material berrien sorkuntza, teknologia berriak... Atomoen propietateak eraldatuz material erresistenteagoak egitea lortu dute ekoizleek.

Nanoteknologiaren erronka handia horrela laburbildu du Etxenikek: «Erronka ez da aplikazio bat edo bestea bilatzea, hori bakarrik etorriko da. Nanopartikula batek zehaztasun atomiko jakin batean zer funtzio bete dezakeen da jakin behar duguna». Bularreko minbiziaren eredua jarri du Etxenikek. Milaka elektroiek forma kolektiboan oszilatzen dutenean, bibrazio eta uhinen energia aukeratu daiteke. Elektroi horiek minbizia duen zelula batean jarri eta azpi infragorriekin berotzean, mugimendu elektronikoa sortzen da, eta energia hori beroan eralda daiteke minbizi eragile diren zelulak desagerraraziz.

Nanoteknologia dagoeneko «orainaldia» den arren, etorkizuneko erronkei irtenbidea bilatzeko balio dezake. «Guk orain arte gure mesedetan erabili eta suntsitu dugu natura. Etorkizunak beste bide batetik etorri behar du; ez da bakarrik etika kontua, praktikotasunagatik ere bada». Nanoteknologiak naturan orain arte existitzen ez ziren materialak sortzeko bidea eman du. Hori da, Etxenikeren esanetan, aurrera begira hartu beharreko norabidea. «Materiaren alterazioaren garapenetik etorri behar du aurrerapenak. Gehiago egin gutxiago erabiliz, hori dananoteknologiak eskain dezakeena».

Ezezagunerantz doan guztiak, ordea, arriskua ekarri ohi du, eta materiaren alteraziotik etor daitezkeen ondorioak zaindu behar direlakoan dago Etxenike. «Ondorio teknologikoak, etikoak, moralak eta legalak hor daude».

Zientzia luzera begirako talde lana dela gogoratu du. «Azken 100 urtetan ezagutzaren pilatze bat egon delako sortu da nanoteknologia. Leonardo da Vincirik gabe Gioconda ez litzateke existituko. Grafenoa, ordea, beste batzuek asmatuko zuten azkenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.