Txikitatik eraikitako hiri handia

Playmobil figurak erabiliz mundu osoko zenbait artelan berregin dituzte Bilboko Berreginen Museoan. 'Berre-click artea' erakusketa da museoaren 80. urteurrenean antolatu dituzten jardueretako bat

Maite Alustiza. Gabonak iristear dauden honetan, asko izango dira dagoeneko Olentzerori eskutitza idatzi diotenak. Azken diseinuko jostailuak edo sekula modaz pasatzen ez direnak. Baloiak, panpina ilehoriak edota Playmobil bildumaren piezak. Oparitako pap
2010eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Gabonak iristear dauden honetan, asko izango dira dagoeneko Olentzerori eskutitza idatzi diotenak. Azken diseinuko jostailuak edo sekula modaz pasatzen ez direnak. Baloiak, panpina ilehoriak edota Playmobil bildumaren piezak. Oparitako paperean bilduta edo museoko artelanen parte, klik deituriko Playmobilen jostailutxoak gertutik ikusteko aukera dago Bilbon, urtarrilaren 9ra arte.

Berreginen Museoko erakusketa baten parte dira; pintura, argazkilaritza, musika eta eskultura arloko obrak berregin dituzte horiekin. Dozena bat artelan aurki daitezke Berre-click artea erakusketan. Berregindako koadroen areto bat izan behar zuena, klik-en hiri handi batean bilakatu da orain.

Velazquezen Meninak, Leonardo da Vinciren Azken afaria, Robert Caparen Lunch atop a Skyscraper (Hamaiketakoa etxe orratz baten gainean) eta Beatlesen Abbey Road diskoaren azaleko erreprodukzioak dira gertu-gertutikikus daitezkeen lanetako batzuk. Bilboko zenbait txoko bisitatzeko aukera ere badago; San Frantziskoko aztarnek, Plaza Biribilak eta Berreginen Museoak berak Bilbo miniaturan ezagutzera eramaten dituzte bisitariak.

Museoak 80 urte bete ditu aurten, eta hori ospatzeko antolatu dituzten ekintzetako bat da erakusketa: «Gabon sasoia aprobetxatuz, haurrengana eraman nahi izan dugu artelan berreginen museoa», dio Asier Madarieta museoko zuzendariak. Halakorik nonbait bazegoela entzun zutenean, ideia ona iruditu zitzaien Berreginen Museora ekartzeko.

Luis Fernandez izan da artelan horiek guztiak berregin dituen artista. Museoak egin zion proposamena; klik-en bidez koadroak berregitearena, hain zuzen. Hamar koadro ingururekin lanean hasi zen orduan; koadroetatik arlo askotako obrak lantzeraino. «Museoak erronkak bota dizkio Fernandezi; gure proposamen guztiak berregin ditu, gainera». Madarietaren hitzetan, elkarlanean egindako zerbait izan da Berre-click artea. Berregin beharreko lanak aztertuz eta serietan datozen Playmobil figurak moldatuz eraiki du Fernandezek klik-en hiri handia.

«Harrituta eta oso pozik» hartu dute museoko arduradunek erakusketak izan duen harrera. Bereziki haurrentzako ekimena izanik, «seme-alabak dituzten bikoteak izaten ari dira museoa gehien bisitatzen dutenak». Gainera, erakusketarekin zerikusia duen marrazkien lehiaketa ere antolatu dute egun hauetarako. 10 urtez azpiko haurrek museoko edozein artelan aukeratu ahal izango dute, eta klik-ek dituzten ezaugarriekin marraztu: begi handiak eta aurpegi irribarretsua. Horrela irudikatu zituen Hans Beck Playmobil etxearen sortzaileak, haurrek egiten zituzten marrazkiak oinarritzat hartuta. Parte-hartzaile guztien artean zozkatuko dituzte Playmobil kaxa erraldoiak eta jokoak.

Museoaren 80. urteurrena

Mariaren Bihotza eliza da orain Bilboko Berreginen Museoaren egoitza nagusia. Museoak izan duen hirugarren egoitza da, hain justu. 1930ean zabaldu zuten museoa, garai hartan Berastegiko eskolak zeuden tokian -epaitegiak daude orain-. Handik Mirasol Kondearen kalera aldatu zuten; eta 2006. urteaz geroztik, San Frantzisko kalean dago.

«Duela hiru urte hasi ginen erakusketekin, eta beste maisuen artelanak hartu ditugu orain arte». Beraz, horrelako erakusketa «ezberdin» bat prestatzen duten lehenengo aldia da. Olinpiar Jokoak, giza eskubideen bilakaera eta Michelangelo izan dituzte hizpide museoko erakusketek.

Azken hori bisitatzeko aukera dago oraindik, eta Motorino izeneko berrikuntza bat ekarri du berarekin: museoak jasotzen duen jatorrizko lehenengo artelana da. Gasteizko Artium museotik ekarri duten motor txikia da, bidaietan erosten diren oroigarriekin eta hondakinekin egindako motorra. Asteartetik igandera bitarte bisitatu daitezke Faktoria Michelangelo eta Berre-click artea; astelehenetan eta jaiegunetan itxita egoten da Berreginen Museoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.