Gaur egun Bilbon ez dago txikiteorik; egunerokotasunean behintzat, kalean ez da txikiteorik ikusten», zioen Jose Luis Manuel Coscojalesek. Zazpikaleetako Burtsako eraikinaren aurrean zegoen atzo, beste hainbat bilbotar zeuden bezalaxe. Izan ere, Bizkaiko zaindaria den Begoñako Amaren eguna zen atzo, eta baita Bilboko txikiteroen eguna ere. Zazpikaleetako eraikinean Ama Birjinak duen irudiari egindako lore eskaintzan zeuden hainbat fededun eta txikitero, baita Coscojales bera ere. Txapela buruan, txikito basoa eskuan eta bilbainadak ahoan. Era horretan egin zuten bildutako ehunka bilbotarrek Begoñako Amari eskainitako lore eskaintza. «Ekitaldi honetara, ordea, benetako bilbotarrak etortzen dira bakarrik, gainerakoek uste baitute Bilboko jai egun handia abuztuan Begoñako basilikan egiten den jai egun hori dela», azaldu zuen Coscojalesek.
Txikitero Egunaren harira, bilbotartasun sena bultzatu nahia azaldu zuen bertaratutako bilbotar batek. «Txikiteoa harreman soziala ulertzeko modu bat da, eta gaur eredu horren aldeko aldarrikapena egin nahi dut nik», zioen. Txikiteoak, gainera, onura pertsonalak dakartzala uste dute egun hori antolatzen aritu diren hainbat elkartek, «kalera irten, eta txikito bat hartzea onuragarria da oso, ezarri nahi diguten gizarte indibidualistaren eredu horretatik ihes egiteko».
Egunaren oinarrian, ordea, ez zegoen txikiteoaren eredua goratzearen nahia. Duela 48 urte egin zuten lehen Txikitero Eguna, Epifanio Mezo apaizaren ekimenez. «Egun honen bidez, urte osoan hil ziren txikiteroak omendu nahi zituen Begoñako Amaren egunean», Coscojalesek azaldu duenez. Urteak ez dira alferrik igaro orduz geroztik, eta orain ohitura horri eustea posible egin duten gizon eta emakumeei eskainita dago, txikitoaren eredua aldarrikatzeaz gain.
Baina Zazpikaleetako txikiteoa ez zen ezer izango Bilbainadarik gabe. Horregatik, abesti horiek guztiak biltzen dituen liburuxka bat jarri zuten salgai lore eskaintza egin zen lekuan bertan. «Herritarrek bertako abestiak jakin ditzaten», Coscojalesen hitzetan. Eguerdian Zazpikaleetako hainbat txokotan entzuten ziren kantu ugari, baina une handiena arratsean heldu zen, Txikiteroen salbea egin zutenean.
Jaiaren erdian, ordea, bazuten txikiteroek haserre egoteko arrazoirik. Bere garaian txikiteroek Burtsako eraikinaren aurrean jarri zuten Begoñako Amaren beste irudi bati eraso egin baitzioten asteburuan lagun batzuek. «Lotsagarria da; zer egin zioten, bada, horrela hondatzeko?», esan zuen Coscojalesek kopetilun.
Junkera eta Caritas, omenduak
Txikitero Egunaren harira, Kepa Junkera musikariak eta Bizkaiko Caritas erakundeak iragan astean ohorezko txikitoaren saria jaso zuten, Burtsaren eraikinean egindako ekitaldian.
Trikitilari bilbotarrak euskal balio eta tradizioak «unibertso mundura» zabaltzearen truke jaso zuen saria. GKEak, bestalde, orain arte egindako ibilbidearengatik jaso du txikiteroek eman dioten saria.
Txikitoa, ohitura eredu
Bilboko Zazpikaleetan Txikitero Eguna egin dute, txikiteoak dakarren harreman sozialaren eredua sustatzeko asmoz. Begoñako Ama ere omendu dute haren egunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu