Huts egin ezinezko eguna da urriaren 11koa Bilboko txikiteroentzat. Begoñako Ama Birjinaren eguna da, eta, 1964tik, txikiteroena ere bai. 49. aldia izan da aurtengoa, Epi apaiza egun berezi hau ospatzen hasi zenetik. Santiago katedraleko parrokoa zen, eta baita txikitero fidela ere. Atzokoan ere txikitoak ez zuen hutsik egin, eta, 1997. urteaz geroztik egiten duen legez, Txikitero Artean elkarteak, ekitaldi nagusi bi prestatu zituenBizkaiko zaindaria omentzeko: lore eskaintza goizean eta bilbainaden kantu saioa arratsaldean.
Eguraldia lagun, eguerdian behintzat, lagun asko animatu ziren Bilboko Burtsaren egoitza parera. Han, Zazpikaleetako Andra Maria eta Pelota kaleak batzen diren izkinan, egin zioten lore eskaintza Begoñako Ama Birjinari. Hori da Zapikaleetatik Begoñako basilika ikusten den puntu bakarra.
Txistularien doinuak girotuta, Inmaculada Legarreta Zapikaleetako Athletic peñako presidenteak jarri zion lehenengo lore sorta Birjinari, sei metro garai dagoen horma hobira igoz. Jendeak txaloz jaso zuen lore eskaintza, eta, ondoren, norberak berea jarri zuen. Itziar Villafañez Bilboko Konpartsetako Bozeramailea ere hurreratu zen: «Txikiteroen elkartean egon ez arren, harremana dugu eurekin, eta, Bilbon erroturiko ohitura bat izanik, Konpartsek ere parte hartu nahi dugu».
Sustraituta dagoen tradizioa bada ere, horrek ez du esan nahi aldaketarik ez duenik izan. Marino Montero Txikitero Artean elkarteko kidearen esanetan, «gero eta ardo gutxiago edaten da, eta garagardoa da gazteen artean gehien edaten den edaria». Dena den, edariak bere garrantzia duen arren, «nolabait, harremanak egiteko modu bat da»,eta horri eutsi egiten zaiola dio Monterok.
Txapela buruan ibili zen Montero, «beste jai askotan tradiziozko zapia eramatea den bezala, gaurko egunean txapelaren erabilera bultzatu nahi dugu».
Dena ez da edaria, baina, bazkaldu aurreko aperitibo gisa, Bizkaiko Gozogileen Alkartasunak egindako Begoña tartaren zati gozo bat probatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek.
Iluntzean, bilbainaden txanda
Iluntzean, abesteko ordua heldu zen Bilbora. Leku berean elkartu ziren hainbat txikitero, eta, txikiteroen salbea abestu ondoren, tabernaz taberna eta kalez kale ibili ziren bilbainadak abesten. Bilboko eguneroko gaiei buruzko abestiak dira, eta «kantatzeko oso errazak», Monteroren iritziz.Txikitero Artean-etik Bizkaiko abesbatzen federazioko kideak gonbidatu zituzten 20:00etako saiora, baina ez abesbatza gisa, baizik eta modu informalean. «Jai parte-hartzailea izatea da gure xedea, jende guztia momentuaren parte sentitzea, eta ez abesbatza bat entzutera etortzeko».
«Kutsu euskalduna» eman nahi izan diote Txikiteroen Egunari Bilboko Konpartsek, eta, euskal kanta tradizionalak gizarteratzeko, ordu berean antzeko ekitaldi bat antolatu zuten. Hilero egiten den Bilbo Kantariren edizio berezia prestatu zuten, eta Plaza Barriko Cafe Bilbaotik jende mordoa abiatu zen, haiek ere Zazpikaleak kantuz betetzeko asmoz.
Txikitoak eta bilbainadak
Bilboko txikiteroek urteroko hitzordua izan dute Zazpikaleetan; txapela buruan eta txikitoa eskuan, Begoñako Ama Birjina omendu dute, lore sorta eta kantu artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu