Txina

Txinak adingabeei debekatu die astean hiru orduz baino gehiagoz jolastea 'online' jolasetara

Haurrek eta nerabeek egunean ordubetez jolastu ahal izango dute ostiraletan, larunbatetan eta igandetan. Gainerako egunetan debekatuta izango dute.

Gizon bat mugikorrarekin jolasean, joan den astean, Pekinen. ROMAN PILIPEY / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko abuztuaren 30a
16:41
Entzun

Txinako adingabeek Interneteko jolasetan ibiltzeko are eta denbora gutxiago izango dute aurrerantzean. Gobernuak aspalditik erakutsi izan du gaiarekiko kezka, eta azkenean are eta gehiago gogortuko ditu lehendik ere gogorrak ziren legeak.

Astean hiru orduz soilik jolastu ahal izango dute nerabeek eta haurrek; ez, gainera, nahi dutenean: astelehenetik ostegunera ezingo dute jolastu, eta ostiraletan, larunbatetan eta igandetan egunean ordubetez soilik, 20:00etatik 21:00etara. Pekinek azaldu duenez, neurria ezartzeko arrazoia gazteenek jolas horiekiko duten mendekotasuna da.

Neurria ez da erabat berria Txinan. Lehendik ere jolasteko orduak mugatuta zituzten 18 urtetik beherakoek, 2019tik: jai egunetan hiru orduz jolas zezaketen, eta gainerako egunetan ordu eta erdiz.

Legea aplikatzeko arduradunak, berriz, Internet bidezko jolasak eskaintzen dituzte enpresak izango dira, eta haiek ziurtatu beharko dute gainontzeko orduetan adingabeek ez dituztela euren zerbitzuak erabiltzen. Horretarako, nortasuna egiaztatzeko sistemak ezarri beharko dituzte, eta horiek lehendik ere sortu izan dute eztabaida. Tencent Holdings konpainiak —sektoreko handienak Txinan—, adibidez, aurpegia antzemateko sistema bat ezarri zuen bere jolasetan, eta milaka erabiltzaileren haserrea eragin zuen horrek.

Bestetik, Txinako Gobernuko Prentsa eta Argitalpenen bulegoak jakinarazi du areagotu egingo dituztela jolasen enpresetan egiten dituzten ikuskaritzak, denbora mugak errespetatzen dituztela baieztatzeko eta mendekotasunen aurka lanean dihardutela ziurtatzeko. Guraso, ikastetxe eta bestelako eragile batzuekin batera jardun beharko dute helburu horren alde.

«Droga elektronikoa»

Xi Jinping presidenteak atzo bertan esan zuenez, arrakastatsuak izan dira «teknologia enpresen hazkunde neurrigabea eragozteko» orain arte hartutako neurriak, eta haiekin jarraitzeko asmoa erakutsi zuen. Besteak beste, Tencent Holdingsek sektorearen monopolioa izatea da Pekinek eragotzi nahi duen gauzetako bat.

Dena den, ez dirudi konpainia hori oso kezkatuta dagoenik. Azken orduetan jakinarazi duenez, adingabeei esker Txinan irabazten duten dirua euren sarreren %3 inguru soilik da. Hori ulertzeko, kontuan izan behar dira aurretik ere ezarrita zeuden mugak.

Azken hilabeteetan Txinako Gobernuak eta haren hedabideek gogor jo dute Interneteko jolasen aurka. Economic Information Daily hedabideak hil hasieran argitaratu zuen artikulu batek, adibidez, jolas horiek «droga elektronikoak» eta «opio espirituala» direla zioen: «Ezin da onartu industria batek, kirol batek, edo halako ezerk belaunaldi oso bat suntsitzea», zioen idatziak.

Hortaz gain, Interneteko jolasak lotzen zituen eskolan nota txarrak ateratzearekin, miopiarekin, lo ezinarekin edota depresioarekin.

Haurrei azterketarik ez

Jolasena ez da Pekinek azken orduetan haurrei lotuta iragarri duen neurri bakarra. Aurrerantzean, ikastetxeetan, legez debekatuko dute sei eta zazpi urteko haurrei azterketak egitea. Gurasoek eta haurrek jasaten duten presioa apaltzea da neurriaren asmoa.

Txinan ohikoa da haurrek Lehen Hezkuntzako lehen mailatik azterketak egitea, baina gobernuak adierazi du horrek haurrei kalte egiten diela fisikoki eta psikologikoki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.