Ezarian

Txinaren kontraesanak kalean

'Txina: faktoria globala' izeneko erakusketa jarri dute Legebiltzarraren kanpoko aldean, herrialdearen egoera ezagutzera ematekoPeriscopio prentsa argazkilaritzako zikloaren lehenengo erakusketa izango da

Kalean jarritako 23 mural horiekin, Periscopiok herritarren arreta bereganatu nahi du. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
2011ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Gasteiz prentsa argazkilaritzaren erdigune bihurtuko da beste urtebetez abendu erdi aldera arte. Izan ere, aste honetan abiatu berri da Periscopio, argazkilaritza mota honi begirada eskaintzen dion erakusketa zikloa, Legebiltzarraren kanpoko aldean jarri duten erakusketa batekin. Lehen erakusketa hori, gainera, zenbait pertsonak etorkizuneko inperio moduan aurreikusten duten herrialdearen inguruan izango da: Txina: faktoria globala izenarekin, Asiako erraldoia izango du erakusketak abiapuntutzat.

«Krisi egoera honen barruan, Txinak politikoki, ekonomikoki eta garapenaren inguruan duen garrantziari buruz asko hitz egiten ari da garai honetan», Paco Valderrama Periscopioko zuzendariaren hitzetan. Testuinguru hori aprobetxatuz, «une honetako Reuters agentziako argazkilari onenen eskutik» azken hamarkadan ateratako 42 argazki jarri dituzte Legebiltzarraren kanpoaldean, 23 paneletan banatuta. «Estetikoki, kolorearen aldetik eta formaren ondorioz, jendearen arreta bereganatuko dugula iruditzen zait», Valderramak adierazi duenez. Horretaz gain, argazkietan ikus daitezkeen irudiek ere jendearen atentzioa bilduko dutela ziur da zikloaren zuzendaria, hezkuntza, armada, hiria, landa eta horrelako gaiak jorratzen baitituzte, «Txina apur bat gehiago ezagutzeko».

Munduko herrialde guztiek dauzkate kontraesanak euren sistemaren barnean, baina «Txinako eredua gaur egungo paradoxa unibertsala da», Valderramaren ustez. «Orain dela gutxi, esaterako, herrialde horretako pertsonarik aberatsenetarikoak alderdi komunistan sartzeko eskaera egin zuen», dio. Horregatik, egungo Txinako sisteman, alderdi komunistak, kapitalismoa babesteaz gain, «kapitalista handienak ere bere alderdiaren barnean hartzen ditu».

Baina eredu aldaketa hori gauzatzeko, Txinaren barnean egon den pentsamendu aldaketak ere garrantzi handia dauka. Esaterako, Deng Xiaoping Txinako agintari erreformista ohiak esana da: «Aberastea zoragarria da». Gaur egun, herrialdearen urteko hazkundea %10ekoa da, eta AEBen kanpo zorraren %40 eurek erosten dute. Asiako erraldoia «izugarri aberastu» da, Valderramaren hitzetan, eta eredu horri jarraituz, herritar ugari landatik hirira migratzen ari da, «baldintza txarretan lan eginez». Hori guztia ere erakutsi nahi izan dute Legebiltzarraren kanpoaldean jarritako erakusketa honetan, hirietako langileen baldintza eskasak eta landa eremuko pertsonak erretratatuta.

Argazki erakusketa honekin, beraz, dragoi erraldoiko egunerokotasuna gizarteari gerturatu nahi diote antolatzaileek. «Bertako errealitatea zein den erakutsi nahi dugu, 44 argazkik ematen diguten apaltasunarekin», dio Valderramak. Arantza Quiroga Legebiltzarreko lehendakariak ere horixe bera azpimarratu nahi izan zuen erakusketa zabaldu zen egunean. «Asiako herrialde honek duen garrantzi geopolitikoa denon ahotan dago, baina herritarren inguruan daukagun ezjakintasuna leuntzen lagunduko digu erakusketa honek».

Duintasuna berreskuratu

Duela sei urte sortu zenetik, Periscopiok helburu zehatz bat izan du: prentsa argazkilaritzaren duintasuna berreskuratzea. Izan ere, beste hainbat lanbide bezala, argazkilarien gremioa ez dago egun unerik gozoenean. «Krisialdi ekonomikoaren ondorioz, planak, proiektuak eta langile kopurua murriztu egin da. Eta globalizazio teknologikoak ikusezin bihurtzen ditu berez zaila den lanbide honen fruituak», Valderramak adierazi duenez. Horregatik, Periscopion eskaintzen diren erakusketen bitartez, argazkilariek burutzen duten lanari garrantzia eman nahi diote. Urte osoan egiten dituzten hamaika erakusketa horiekin guztiekin, argazkilarien lana ongi duinduta dago gainera, urtean 100.000 bisitari joaten baitira Periscopiok antolatzen dituen erakusketetara. Aurtengoan ere, datu horietara iristea espero du bertako zuzendariak.

Ikusle kopuru horiek berdindu ala ez, Legebiltzarrean jarri duten erakusketa honekin, Periscopioren seigarren aldiak lehen urratsa egin du dagoeneko. Behin lehen erakusketa zabalduta, datorren astetik aurrera hasiko dira gainerako erakusketak zabaltzen, hiriko hainbat gunetan.

Legebiltzar kanpoan jarri duten erakusketarekin, Periscopio zikloa bera kalera irtetea da haien helburua. «Asmo horrekin sinatu genuen harreman hori Legebiltzarrarekin duela hiru urte», Valderramaren hitzetan. Hala ere, ez da hori izango herritarrengana eta kalera inguratzeko modu bakarra. Izan ere, Periscopio Amateur lehiaketan izen emateko epea ere aste honetan amaitu baita, eta laster abiatuko da hori ere.

Argazkilaritza afiziotzat hartzen duten guztiek euren lanak Arabako merkatu, ostalaritza edo kulturguneetan erakutsi ahal izango dituzte. Erakustokia argazkilariak aukeratu lezake, era horretan, «Gasteiz argazkiz betetzeko eta Periscopio herritarrengana are gehiago inguratzeko», Valderramak adierazi duenez. Erakusketa horiek urriaren 21ean zabalduko dira, eta lehen hamar sailkatuek datorren urteko Periscopion jarriko den erakusketa batean parte hartzeko aukera izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.