Javier Iturritxa. Mendizalea eta 'Aristas y crestas de Euskal Herria' liburuaren egilea

«Txindokikoa da izarra, baina Anboto, Palomares... non aukeratu asko dugu»

BERRIA.
2011ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Hamasei urte zituela Zeanuritik Gorbeiara lehen aldiz igo zenekoa gogoan du Javier Iturritxak. Bi urte beranduago hasi zen eskalatzen. Ordutik bi jarduera horiek ditu zaletasun, eta horiek uztartuta idatzi du bere ibilbideko eskaladarik luzeena: Aristas y crestas de Euskal Herria.

Aspaldiko asmoa omen zenuen halako gida bat idaztea.

Mendira joaten hasi nintzenetik nenbilen halako liburu bat idazteko asmotan. Euskal Herriko mendiei buruzko liburuak eta kirol eskalada eskolen ingurukoak argitaratu izan dira, baina ertzak eta gailurrak biltzen dituen lanik ez. Hutsune bat ikusten nuen, eta hutsune hori bete nahi nuen urteetan bildu dudan informazioarekin. Mendian hasi nintzenean esku artean izatea gustatuko litzaidakeen moduko liburua beste batzuk izan dezaten nahi nuen.

Zer erakargarritasun du mendietara ertzetatik igotzeak?

Mendiko jardueren artean gehien erakartzen nauena da. Ibiltzea gustatzen zait, eta eskalatzea ere bai, eta biak uztartzeko modua da. Kirol eskaladan seguruak jarrita daude hormatan, eta ahalik eta zailtasun gradurik handiena gainditzen saiatzea izaten da eskalatzailearen helburua, zailtasuna bilatzea, alegia. Ertzak eta gailurrak igota, berriz, bestelako osagai batzuk bilatzen dira: ibiltzea, tontorrera iristea, paisaiarekin gozatzea, eskalatzea…

Zer irizpide hartu dituzu kontuan zerrenda osatzeko orduan?

Mendira noan bakoitzean ea ertzik ba ote duen erreparatzen hasten naiz, eta egiteko moduko bat ikusten nuen bakoitzeko hura igotzen saiatu naiz. Eskalatu daitezkeenak biltzea izan dut helburua, ez soilik biderik onenak biltzea. Irizpide nagusia hori izan da, batez ere. Bigarren mailakoren bat akaso kanpoan geratu da, baina esanguratsuenak bildu ditut. Erakargarria izan dakioke mendizale askori; eskalada bat Txindoki, Beriain, Udalaitz edo Anbotoren tontorrean bukatzea amu saihestezina da.

Mendizale ororentzat moduko liburua al da?

Denetariko zailtasuna duten ibilbideak bildu ditut. Batzuk ia bere osotasunean oinez egin daitezke, eta bertigorik ez edukitzea da baldintza bakarra; Artzena mendilerrokoa edo Eskameloko ertza dira adibide bi. Gehienetarako, ordea, eskalatzeko oinarrizko teknikak menperatzen jakin behar da, eta badira eskalada zailtasun maila handixeagoa dutenak ere.

Bildutako 42 proposamenen artean ba al da bereziki gomendatuko zenukeenik?

Txindokiko ertza da izarra, huraxe aholkatuko nuke, batez ere. Mitikoa da, eta gozatzeko denetarik dauka. Baina Palomares, Anbotoko ertza edo San Donatokoa ere nabarmenduko nituzke. Euskal Herrian kalitate handiko ertzak daude.

Nahikoa ezagutzen al ditugu? Ez al dago gertukoa gutxiesteko joera mendizale askoren artean?

Harritu egiten nau zenbat begiratzen dugun urruneko mendietara, eta zeinen gutxi etxetik irten eta gertuen ditugunetara. Euskal Herrian denetariko mendiak ditugu, eta ez dakigu baloratzen. Pirinioetara, Europako Mendietara edo Alpeetara begiratzen dugu, baina Euskal Herrian ere kalitate handiko ertzak ditugu. Mendizale eta alpinista on asko atera da hemen, eta zerbaitengatik izango da. Gutxiegi zergatik erreparatzen diegun ez dakit. Altueran mendi xumeak direla izan daiteke arrazoietako bat, eta jendeak zenbakiei begiratzen diela. Baina mendi potenteak baditugu inguruan, eta errespetu handia zor zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.