Donostiako Bulebarreko errepidea oinezkoen pasealeku bihurtua da azken egunotan, Aste Nagusia dela eta. Atzo, ordea, txirrindulariek hartu zuten tokia. Eta ez nolanahikoek. Bost eta hamar urte bitarteko 250 haur inguru bildu ziren bizikleta festara.
Kolore eta tamaina guztietako bizikleta eta kaskoak ikus zitezkeen. Ia guztiek Kutxako Gazte Ekintzako elastikoa zeukaten jantzita, aurrean eta bizkarrean zenbaki banarekin. Gutxi batzuek profesionalen jantziak eraman zituzten.
Hiru adin tartetan banatu zituzten umeak: 5 eta 6 urtekoak lehenik, zenbaki beltzarekin; 7 eta 8 urte bitartekoak gero, zenbaki urdina hartuta; eta, azkenik, 9 eta 10 urtekoak aritu ziren, kolore berdeko zenbakiarekin. Guztira, hamabi lasterketa egin zituzten.
Urduritasuna eta emozioa nabari zen haurren aurpegietan. Txanda iristean, bizkor biltzen ziren irteera tokira. Harro egiten zieten kasu guraso eta lagunei; eta gurasoek ere irribarretsu ateratzen zizkieten argazkiak. Irteteko oihua entzun aurretik hasi zen bat baino gehiago pedalei eragiten.
Ondo moldatzen direla erakutsi zuten txikiek. 300 metroak motz geratu zitzaizkien batzuei, eta helmugara iristean ia aurretik eraman zituzten antolatzaileak. Helmugara iristean modu askotara ospatu zuten garaipena: batzuk gurasoengana joan ziren ziztu bizian; batek, «ama, irabazi egin dut!» esan, eta aitari bostekoa eman zion; eskuak altxatuta Tourreko etapa balitz bezala ospatu zuenik ere izan zen.
Denak irabazle
Helmuga gainditzean, guztiek jaso zuten saria: edaria, izozkia eta Realeko elastikoko Trikiren panpina. Helduenei, panpinaren ordez, liburuxkak eman zizkieten. Hainbeste gauza eskuan hartuta, zaila egin zitzaien askori gurasoengana iristea, eta bati baino gehiagori freskagarria lurrera erori eta blai eginda geratu ziren inguruko guztiak.
Gustura ziren haurrak, baita Nerea ere: «Ez dut oso ongi egin, baina gustura bukatu dut. Dagoeneko 10 urte ditudanez, ezingo naiz gehiagotan irten, eta pena ematen dit». Mikel ere gustura zegoen: «Ilusio handia egin dit. Oso azkar joan naiz, eta uste dut irabazi egin dudala. Hurrengo urtean berriro aterako naiz». Beste mutiko batek zorte txarragoa izan zuen, eta lasterketa hasi aurretik, gurpila guztiz zulatu zitzaion. Hala kontatu zion bere aitak antolatzaileetako bati, eta saria eman zioten bertara iristeko ahalegina eskertzeko.
Emozioa bukaeran piztu zen, zozketak hastean. Kutxaren opariz betetako hiru poltsa eta Eureka zientzia museorako hiru sarrera bikoitz zozkatu zituzten lehenengo, adin tarte bakoitzerako bat. Ondoren, bizikletak zozkatu zituzten, eta haur guztiak adi egon ziren, euren zenbakia noiz entzungo. Hor ere, hiru baino ez ziren izan zortedunak. Zozketak bukatzean, gurasoak handik joateko ahaleginetan aritu ziren, «goazen, ez zaigu tokatu eta» errepikatuz txikiei, baina zenbaitek ez zuten galdu bizikleta berriarekin etxera joateko esperantza: «Aita, ni ez noa etxera bizikleta bat tokatu arte».
Donostiako Aste Nagusia
Txirrindularien inbasioa
Hamabi lasterketa egin dituzte Donostiako Bulebarrean, haurrentzako bizikleta festan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu