Gabonak iragarki dira; iragarki garai, alegia. Erosi eta erosteko tartea izaki, produktu, marka, iragarleak ez dira, prezisamente, baboak, eta badakite aro hori dela denetan egokiena beren burua saltzeko, ahalik eta guapoen, ahalik eta txukunen, ahalik eta gezurren. Noski, gero konpetentzia izaten da basa, ez da denentzat lekurik, eta batzuk dira besteak baino azeriagoak, nork beteko lerroetan lehena. Badira iragarki melengak, badira beroak eta afrusak. Lehian guztiak nor izango amurik behinena. Eta atentzioa ematen dute askok, baina batean jarri nahi dut gaur begia, hain da, nola esan, behartuegia.
Hasteko, agertzen zaigu Santiago Segura, auto ilara batetik bajatzen aurrena. Eta jarraian datozkio Bigote Arrocet, Florentino Fernandez, Gomaespumako bat, Chiquito de la Calzada, Martes y trece, Esteso eta Pajares eta segizio luzea. Espainiako komiko onenak omen, Alex de la Iglesiak zuzendutako iragarkian. Eta, egia esatera, komiko handien segida baino, gehiago iruditu zait B serieko zonbien desfile narrasa. Hots, horiek balira nire balizko herriak dituen komiko onenak, berehala eskatuko nukeela espatriazioa, edonora ateratzen den lehen hegazkin txartela. Jainko potzoloa.
A, ez dizuet esan, baina hestebete ekoizle batek ordaindu du komiko horien guztien elkartzea: Campofrio etxeak. Eta iragarkiaren une batean agertzen dira denak piknik moduko batean, txorizo janean ito beharrean —salbatzen den bakarra Fofito, xerra bati miazka—. Eta Miguel Gilaren hilobia bisitatzen dute denek, Miguel Gilaren omenaldi izan nahi baitu iragarkiak. Eta ez dakit Gilak zer pentsatuko duen. Seguru puska bat bihurritu dela bere hilkutxan.
Onena, ordea, iragarkia estreinatu ondorenean etorri da. Animalien aldeko elkarte batek erakutsi du bideo bat, non ikusi ahal den aipatu hestebete enpresak animaliei eskaintzen dien tratu eskisitoa, salgai jartzen dituen produktuen parekoa. Irudiak gogorrak dira, egia, hestebeteak denboraldi luze batez jateari uzteko modukoak: ez dakit zenbat mila zerri pilatuta, elkar zapaltzen, gaixoak, deformatuak, hilotzak. Irudi gogorrak, baiki, Campofrio etxearen azken iragarkiak erakusten dizkigunen parekoak. Faemino eta Cansado non zeuden bada? Seguru Eugenioren hilobi inguruan, txorizoa baino laranja zukuarekin vodka edanean.
Komunikazioa. Ekografiak
Txistorra eta vodka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu