ATZEKOZ AURRERA. Erika Arrizabalaga. Zoroak kuadrillako txistularia

«Txistulariei esker daude Neskak»

Zortzi urte zituela entzun zuen lehenengo aldiz txistua Arrizabalagak, eta txundituta utzi zuen haren soinuak. Egun, txistuaren inguruko bideoak egiten ditu Youtuben, eta kuadrillan ateratzen da jaietan.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Leire Yue Ortubay Ibabe
Gasteiz
2023ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Ume zenean, Neska gisa sartu zen Erika Arrizabalaga (Gasteiz, 2000) Zoroak kuadrillan. Pixkanaka, baina, txistua jotzera animatu zuten kuadrillakoek. 2020an, Youtuben kanal bat ireki zuen, txistua biziberritzeko asmoz.

Zer desberdintasun nabaritu duzu neska izatetik txistularia izatera?

Txistularia izanda, erantzukizun handiagoa daukazu. Ezin zaitezke pasatu alkoholarekin, eta ondo jotzeko moduan egon behar duzu beti. Halere, merezi du; nahiagodut erantzukizuna hartu, gero hobeto sentitzen bainaiz. Ez dauka preziorik jendea zure erritmoan salto egiten eta gozatzen ikusteak. Gainera, kuadrillakoekin gaude denbora guztian, eta gu ere kuadrillako blusak eta neskak garela esaten digute.

Zenbat txistulari kuadrilla zarete hirian?


29 kuadrilla daude guztira. Antzina, denetan jotzen zen txistua, baina hiru kuadrillatan eusten zaio ohiturari egun.

Zergatik eutsi diozue txistuari zure kuadrillan? Zer garrantzi dauka?

Gure kuadrillako kide asko emakume txistularien seme-alabak dira. Antzina, blusak bakarrik irten zitezkeen kalejiran. Emakumeei geroago utzi zieten irteten, txistua jotzen zutela justifikatuz. Azkenean, txistulari hasi, eta neska gisa ateratzen hasi ziren gero. Txistulariei esker daude neskak. Beraz, kuadrillek historikoki badaukate zerikusi handia txistuarekin. Gehienek kanpoko txarangak ekartzen dituzte, baina guk gurea aldarrikatu nahi dugu.

Txarangek festa hobeto animatzen dutela diote batzuek. Zer deritzozu zuk?

Txistulariok ez dugu dirurik irabazten, eta txarangek, berriz, bai. Horrek entseguak egiteko eta serio hartzeko modua ematen die. Beraz, egia da soinu politagoa ateratzen dutela. Guk gauza bera egingo genuke erraztasun handiagoa edukiko bagenu. Egia da txistua baxuago entzuten dela, baina bozgorailuak erabil ditzakegu, eta haizezko instrumenturen bat sartu, adibidez. Badaude konponbideak, baina laster jarri behar ditugu martxan hau amaitu ez dadin.

Txistularioi ere ordaindu beharko litzaizueke orduan?


Bai. Beste musikari guztiei ordaintzen bazaie, guri ere bai. Ez dauka zentzurik kanpokoei ordaintzeak eta guri ez. Horrela gazte gehiago animatuko lirateke jotzera. Gainera, hobea izango litzateke, jendeak serioago hartuko bailuke. Bestalde, dirua inbertitu beharko litzateke gaur egungo abestiei behar dituzten moldaketak egiteko, bozgorailu on bat izateko, entseguetarako lekua izateko...

Txistua hizpide daukan kanal bat ireki zenuen Youtuben. Zergatik?

Txikitatik gitarra jo izan dut, eta Youtuben ikasten nituen gustuko nituen abestiak. Txistuarekin, ezinezkoa da hori egitea. Hutsune hori betetzen ahalegindu nintzen: txistuak ere bere lekua behar zuen. Herri txikietan kalejirak etadantzak jotzeko instrumentu bat baino askoz gehiago dela erakutsi nahi nuen. Edozein musika mota jo dezakezu, eta nahi duzun instrumentuekin uztartu dezakezu. Beste musika instrumentu bat da.

Harrera ona izan dute bideoek?

Orokorrean, bai. Jendeak ez zuen uste horrelako abestiak txistuarekin jo zitezkeenik. Askok partiturak eskatu zizkidaten, eta nik pozik utzi nizkien, nire helburua txistua sustatzea eta biziberritzea baita. Are gehiago, txistu irakasleren batek ere eskatu zizkidan, ikasleei erakusteko. Jaso ditut kritikak ere, baina ez dut uste asmo txarrez idatziko zituztenik. Txistua mundu tradizionaletik ateratzea bortitza izan daiteke oraindik ere.

Abesti tradizionaletatik aldendu zara.

Tradizionala gustuko dut, baina gaur egungo abestiak ere bai. Gazteak motibatzea zen nire helburuetako bat, eta bestelako abestiekin lortu dut hori.

Horrelako berritasun gehiago falta zaizkio txistuaren munduari?

Bai. Jende gehienak erantzukizun gisa ikusten du. Denetarik jo beharko genuke. Askotan, txistu kontzertuak ikustera datorren jendea txistularion familia eta lagunak dira; oso gutxi dira benetan txistua entzutera datozenak.

Beste mota bateko kontzertuak egitea posible ikusten duzu?

Huntza eta Esne Beltza taldeek kontzertu ez-tradizionalak egiten dituzte trikitiarekin. Noiz ikusi da trikiti bat biolin batekin eta baxu batekin? Inoiz ez, beraiek egin zuten arte. Txistua ere talde baten parte izan daitekeen instrumentu bat da.

Kaleko edo akademiako txistularia zara?

Bietan jotzen dute ezagutzen ditudan txistulari guztiek. Desberdinak dira, baina nik biekin gozatzen dut. Are gehiago, batak bestea hobetzen laguntzen dit. Bata bestearekin dago lotuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.