Aurtengo Aste Nagusian txosna jarri dute Komantxe konpartsakoek estreinako aldiz. Bilboko okupazioaren aldeko mugimenduaren konpartsa da Komantxe, eta hiriburuko eta inguruko gaztetxe, gazte asanblada eta gune autogestionatuetako kideek osatzen dute. Oso une berezian iritsi zaie Komantxekoei txosna lehenengo aldiz jartzeko tenorea: gaztetxeak hizpide izan dira azken asteetan Bilbon, batez ere Kukutza hustu eta botatzeko mehatxua dela kausa, eta gaur manifestazioa egingo dute gaztetxeak beharrezkoak direla ozen aldarrikatzeko.
Duela lauzpabost urte sortu zen Bilboko okupatzaileen artean konpartsa eratzeko ideia, Oskitz Lekue Komantxeko kideak esan duenez, «Bilboko gaztetxe eta gazte asanbladen ikuspegia jaietara eramateko, jaiak eraldatzeko, eta, era berean, okupazioaren mugimenduaren mezua herritarrei helarazteko».
Konpartsen batzordearen arautegiaren arabera, konpartsa sortu berriek bi urtez jardun behar izaten dute Aste Nagusian eta batzordeak antolatutako bestelako ekitaldietan parte hartzen, txosna jartzeko eskubidea lortu arte. Hala egin zuten Komantxekoek, eta, azkenik, iaz iritsi zitzaien txosna jartzeko unea. Baina ezinezkoa izan zen, Bilboko Udalak baimenik eman ez zuelako: «Emandako arrazoiak asmakeria hutsak izan ziren. Alde batetik, esaten zuten berdegunea zapaltzen genuela, eta orduan aurkeztu genituen planoetan argi ikusten da ez dela horrela; beste alde batetik, batzuek esan zuten gu Kaskagorri eta Txori Barroteren estalki bat ote ginen, baina errealitatea da konpartsa sortu zela bi konpartsa horien inguruko polemika sortu baino lehen».
Gaztetxeak, egoera larrian
Oso abagune zailean iritsi zaie Komantxekoei estreinaldia, Lekuek adierazitakoaren arabera: «Egoera larria da, Bilbon, Bizkaian zein Euskal Herrian. Kukutzarena da kasurik ezagunena, baina, Bizkaiari dagokionez, Zallako gaztetxea, Itzubaltzetakoa, Bilboko La Komi eta beste hainbat antzeko egoeran daude. Badago auzoak eta herriak eraikitzeko beste modu bat, non auzokideak diren protagonista eta eragile, eta modu hori kolokan jarri nahi dute».
Azken bolada honetan, Bilboko Errekaldeko Kukutza gaztetxearen auziak erakarri du iritzi publikoaren arreta, eraikinaren jabe Cabisa enpresak hura eraisteko asmoa duela iragarri zutenetik. Sostengua leku guztietatik iritsi zaie, nazioartetik ere bai, eta Kirmen Uribe pregoilariak gaztetxearen aipamen zuzena egin zuen joan den larunbatean, Aste Nagusiari hasiera eman zion pregoian.
Hamahiru urte daramatza Kukutzak «auzoa ametsez zipriztintzen», Lekuek dioen moduan. Bilboko okupazio mugimenduko kideen ustetan, argi dago «interes ekonomikoak» daudela zorua berriro kalifikatu eta eraikina botatzeko erabakien atzean: «Kukutzak hainbat aukera aurkeztu dizkio udalari egoera konpontzeko, horien artean, zorua berriro industrialde gisa kalifikatzea, lehen bezala. Guk argi daukagu irtenbideak badaudela, baina irtenbide horiek aztertzeko borondate politikoa behar da, eta hori da une honetan EAJren udal agintariengan sumatzen ez duguna».
Kukutzaren beharra
Hamahiru urtean, mota guztietako jarduera, ikastaro, ekitaldi eta bestelako jarduerak antolatu dituzte Kukutzan, betiere autogestioa eta auzokideen parte hartzea abiapuntu hartuta. Horregatik pentsatzen dute Komantxekoek Errekalde auzoak Kukutza behar duela: «Erakunde publiko guztiek, udalak, diputazioak zein Eusko Jaurlaritzak, urtean Errekalden antolatzen dituzten kultur ekitaldi guztiak batuta, Kukutzak antolatzen dituenen erdira ere ez dira iristen. Horrek argi erakusten du Kukutza beharrezkoa dela, eta beharrezkoa dela orain arte izan dituen ezaugarriekin, hots, mundu guztiari irekita eta mundu guztiaren parte hartzean eta autogestioan oinarrituta».
Etxebizitzak eraiki gura dituzte gaur egun Kukutza dagoen orubean, baina hori, Komantxekoen ustez, ez da une honetan auzoaren lehentasuna: «Errekalden, biztanle kopuruak behera egin du azken urteetan, eta une honetan 1.500 etxebizitza baino gehiago daude hutsik. Auzoak ez du horren premiarik; aldiz, Kukutzaren moduko gune baten premia badu».
Txosna jartzeaz gain, Komantxe konpartsakoek egitarau zabala prestatu dute, eta hainbat ekitaldi egingo dituzte Aste Nagusiak irauten duen bitartean. Horretaz gain, eta gaztetxeak defendatzeko ahalegin horretan, manifestazioa egingo dute gaur arratsaldean, Bilboko Plaza Biribiletik abiatuta, 17:00etan. Lekuek iragarri du ez dela manifestazio arrunta izango: «Ekitaldi oso koloretsua izango da, jai girokoa. Busti zaitez gaztetxeen alde da leloa, eta jendeari dei egin diogu bainujantzia soinean duela ager dadila, ideia hori indartzeko».
Bilboko Aste Nagusia
Txosnarekin, lehenengo aldiz
Komantxe Bilboko okupazio mugimenduaren konpartsak txosna jarri du aurten estreinakoz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu