Ohi baino erle gehiago dabil aurten Aste Nagusian, Hor Dago! Abanteren txosnara hurbildu ahala, batik bat. Eskuan BERRIA ale bat daraman erle batek ematen die ongietorria euskaltzaleei, eta eskaera bat egiten: «Eman ziztada BERRIAri». Euskaldunon Egunkaria-rekiko zein BERRIArekiko atxikimenduari eutsiz, Zure ziztada behar dugu kanpainarekin bat egin du konpartsak, eta gai hori erabili du txosna dekoratzeko.
Koloretako erlauntzek hartu dituzte hormak, sukaldea erletegi bihurtu da, eta barran ere, erlez inguratuta ari dira garagardoa, kalimotxoa eta txoripan-ak zerbitzatzen. «Horrelakoak egiteko artista onak ditugu konpartsan», azaldu du Agurtzane Sotch Abanteko kideak. Dena den, onartu du barrako erleak eskegitzea kosta egin zitzaiela: «Nola jarriko genituen ondo pentsatu gabe egin genituen erleak; eskailerekin goraino igo behar zen, baina inor ez zen ausartzen jaiak istripu batekin hastera. Azkenean, albo batetik bestera soka batzuk jarri genituen, eta horietatik eskegi».
Dekorazio berezia du aurten txosnak, baina horrek ez du esan nahi belarrietan kazeta orriak dituen elefante arrosak urteroko festara huts egin duenik. Abanteren sinboloa da; kutuna, berez, baina are preziatuago azken egunotan, bero itogarriaz libratzeko ehunka lagun bildu baitira ura botatzen duen tronpara. «Jendeak eskatuta zabaltzen dugu txorrota; aurten ez dugu ia itxi».
Kazetariak zerbitzari
Baina Abanteren ekarpena ez da dekorazio hutsa. «Konpartsen batzordean ere kanpaina aurkeztu dugu, eta nahi dutenekin BERRIAren egoera azaltzeko bilerak egitea hitzartu». Izan ere, kazeta aurrera ateratzeko denen laguntza beharrezkoa dela berretsi du.
Eta laguntzak alde bietakoa behar duenez, BERRIAko langileek ere konpartsaren jardunean parte hartu nahi izan zuten atzo. Bilboko zein Andoaingo egoitzetako kazetariak ere erle artean jardun ziren atzo iluntzean, kroketak frijitzen eta katxiak betetzen, Euskalguneko agertokian Siroka eta Itziarren Semeak taldeek jotzen zuten bitartean.
Bilboko Aste Nagusia. Gure txokotik
Txosnetan ere, erleak
'Zure ziztada behar dugu' kanpainarekin bat eginez, erlauntzekin dekoratu du Abantek aurten bere txosna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu