Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdian omendu egingo dute Panta Rhei taldea. 25 urteko ibilbideari emandako saria izango da, eta baita denbora horretan guztian txotxongilolaritza aldatzeko eman dituzten aurrerapausoak onartzeko ere.
Nola hartu zenuten omenduko zintuztelako albistea?
Ilusio handia egin zigun, 2012an 25 urteko beteko baititugu. Baina betidanik lagun izan dugu Bilboko txotxongilo jaialdia. Beti topatzen genituen beste herrialdeetatik zetozen artistak. Euskal Herrian txotxongiloak aktoreekin nahastea nahiko teknika berritzailea zenean, hori guztia hemen ikusi ahal izan genuen.
Zuek izan zineten aurrenak Euskal Herrian txotxongiloak eta antzerkia uztartzen...
Bai, eta hasieran zorotzat hartzen gintuzten, gainera. Baina uste genuen bi esparruak osagarriak zirela. Ipuinetan bezala, istorioan norbait sartzen denean, beste era batera ulertzen du dena haurrak. Hori zuzen iristen zaio. Aktoreak, bestetik, zailtasunak ditu txotxongiloekin batera lan egiteko, bien artean harreman berezi bat baitago.
Eta egun, nola dago txotxongilolaritza Euskal Herrian?
Txotxongiloak antzerkiarekin uztartzeko eredua pixkanaka hedatzen joan da. Horretaz gain, jendea ohartu da txotxongiloak denentzat direla. Guk familiarentzat lan egiten dugu, baina gero eta aniztasun handiagoa dute txotxongilo lanek, eta hor zerikusi handia izan du Bilboko jaialdiak. Nolabait, gu ere horretan ari gara, guk ere hamar urte baitaramagu Gasteizen txotxongilo jaialdia antolatzen, jendea hezi egin behar baita.
Zuen konpainiak, gainera, eduki sozialak lantzen ditu bere lanetan...
Bai. Hasieratik garbi geneukan, eta horri garrantzia eman diogu. Era horretan, hiru trilogia osatu ditugu. Lehenengoa euskal pentsamolde eta mitologiari buruz egin genuen. Beste denboraldi batean, ipuinaren indarraz jabetu ginen, kontatzeko daukan ahalmenaz. Eta horren inguruan haurrak inguratzeko pausoak egin izan ditugu. Eta azken trilogia, urritasuni buruz egin genuen. Ezintasun bat duen neska baten inguruko lan bat, beste bat itsuekin lan eginez... Pertsona guztiok ahalmenak eta urritasunak dauzkagula uste dugu, eta horregatik egin genuen azken trilogia hori.
Eta hizkuntza modernizatzen ere saiatu zarete. Nola?
Hitzak erabiltzeko moduan datza, horrek erakusten baitu nola pentsatzen dugun. Esaterako, urritasun bat duela esan beharrean, ohartu gara txarrak zertan garen esatea ez dela egokia.
Nerea Ibargutxi. Panta Rheiko kidea
«Txotxongiloak eta antzerkia elkartu genituen»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu