Mitxel Blanco. Alaberga danborradako zuzendaria

«Txupina botatzea sekulako ohorea da»

Zortzi urtez Alaberga danborradako zuzendaria izan da Blanco, eta aurten amaituko du bere lana. Danborradak 50 urte bete ditu, eta omenaldia egingo diete gaur; txupina botako dute.

AIZPEA AMAS / OARSOALDEKO HITZA.
I. Garikano
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Alabergako danborradako zuzendaria da Mitxel Blanco Txuri (Errenteria, 1964). Danborradak 50 urte beteko ditu aurten, eta, hori dela eta, jaiak ofizialki hasteko txupinazoa botako du gaur, 19:00etan. Mila Urrutia, Maite Hernandez eta Josetxo Ule danborradako kideak izango ditu alboan. Udalaren erabaki horrek iskanbila sortu du herriko talde feministen artean. Izan ere, Josetxo Ule zuzendari zenean, emakumeak kantinera gisa soilik aterako zirela esan zuen. Hori dela eta, Amalatzek, Bilgune Feministak eta Garaipen talde feministak «iraintzat» hartu dute Udalaren erabakia. 2005ean hasi ziren emakumeak danborradan jotzaile gisa ateratzen.

Alabergako danborrada omenduko du aurten Udalak, eta horko lau kidek jaurtiko duzue txupinazoa. Espero al zenuten?

Egia esan, ez; ezusteko ederra izan da. Ereintza eskubaloi taldea ere tartean zegoen, aurten mailaz igo baita. Beste hautagai asko zeuden, eta, horregatik, ez genuen espero gu aukeratuko gintuztenik.

Udalaren esanetan, «ezin daitezke madalenak ulertu danborradarik gabe». Zein izan da 50 urte hauetan danborradak Errenteriari eta jaiei egindako ekarpena?

Jende askok parte hartu du orain artean, eta oraindik ere horrela ida; geroz eta zabalagoa da. Ez dakit noraino iritsiko den, baina urterik urte emakume eta gizon gehiago ateratzen dira. Duela 50 urte danborrada egiten hasi zirenean, Alaberga auzokoak soilik ateratzen ziren, 60 bat pertsona. Aurten, berriz, 230 kide inguru aterako gara.

Azken zortzi urteetan zu izan zara danborradako zuzendaria, eta aurten amaituko duzu. Toreatzaileen antzera, «ate handitik» aterako zara, omenaldi eta guzti.

Bai, nire lana bukatutzat ematen dut; aurrerapauso handia izan da emakumeak danborradan jotzen hastea, eta ez soilik kantinera gisa ateratzea. Orain, beste norbaitek hartu behar du lekukoa. Izan ere, azkenerako nekagarria bihurtzen da zuzendari izatea, ardura handiko lana baita. Gainera, nire ustez, maila gorenean utzi behar dira gauzak, eta aurten une polita da horretarako. Lehenagotik ere pentsatua nuen taldea uztea, duela hiru urte, baina azkenerako jarraitu egin nuen. Aurten, ordea, behin betiko utziko dut.

Zer sentitzen duzu festak hasi atarian?

Sentimendu nahasketa handia dut barnean: urduritasuna, ardura, poza... eta, bereziki, ohorea. Oreretar batentzat txupinazoa botatzea sekulako ohorea da; guretzat, txupinazoaren unea Iruñea txiki bat bezalakoa da.

Amalatz, Bilgune Feminista eta Garaipen talde feminista ez dira ados agertu Josetxo Ule zuzendari ohiak txupinazoa botatzearekin. Izan ere, jendaurrean adierazi zuen bera zuzendari izan bitartean emakumeak kantinera gisa baino ez zirela aterako.

Urak baretu egin dira. Ulek adierazpen batzuk egin ditu jendaurrean, eta, nire ustez, oso egokiak izan dira, garai berriak kontuan hartuta. Emakumeek parte hartzeko eskubide guztia dutela esan du. Udaletxearen eta Auzo Elkartearen aldetik, eztabaida amaituta dago. Duela zortzi urte hasi ziren emakumeak danborradan ateratzen, eta orain gizonak baino gehiago dira. Danborrada parekidea egiten dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.