Asteburuko proposamenak

Txupinazoa botatzeko besteko feria

Altsasu. Bihar hasiko dira feriak, baina larunbata eta igandea izango dira egun handiak

Inigo Astiz
2011ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Galdu egin dute ganadu feriek Euskal Herrian garai batean zuten zentralidadea. Garai batean, herrietako bizimoduaren topagune nagusi izaten ziren, baita beste herrietako ezagunekin harremanetan jarzeko aitzakia ere. Aldatuz joan da dena, ordea, baita feriak ere. Horrek ez du esan nahi gaur egun feriak garrantzi gabekoak direnik, halere. Altsasuko udazkeneko feriak dira froga (Nafarroa). Ostiralean hasiko dira, txupinazo eta guzti, eta igandera arte iraungo du festak.

Larunbatekoa eta igandekoa izango dira egun handiak, baina bihar hasiko da ofizialki festa. Txupinazoaz gainera, haurrentzako jolasak eta txokolate jana ere antolatu dituzte Foruen Plazan. 18:00etan izango da hori.

Larunbatean goiz hasiko dira ekitaldiak. 10:30ean tortilla txapelketa egingo dute altsasuarrek Foruen plazan. Haurren parkea irekiko dute gero, eta 12:00etan Onddo Lasterketa izango da. 15:00etan bazkaria izango da, eta bazkalondoan peñen kalejira. 18:00etan pilota partidak jokatuko dira, eta 20:00etatik aurrera Trikidantz taldearekin dantzaldia. Zezensuzkoa 22:00etan aterako da kalera, eta ondoren, berriz izango da dantzaldia gauerditik aurrera.

Igandekoa izango da feria eguna, eta feria gunea izango du ardatz nagusia. 09:00etatik hasita han egingo dute Auritz arrazko zaldien lehiaketa morfologikoa. 13:00etan izango da sari banaketa. Goiz osoz pottoka haragi dastatzea ere izango da, eta ganadu feria. Jaki eta artisautza azoka ere izango Foruen plazan, eta argazki eta erreminta erakusketak.

Ziza eta onddo erakusketa ere jarriko dute Iortia Kultur Gunean 10:00etatik,19:30era. Euskarara bikoiztutako zinema ere emango dute 17:00etan: Arthur eta munduen gerra izeneko filma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.