Bilboko Aste Nagusia

Txupinera bizi guztirako

Aurreko urteetako txupinerek berriz ere traje gorria jantzi dute, urtero egiten zaien omenaldian parte hartzekoEuren garaiko gertaerak lagunartean gogoratu dituzte txupinerek

Txupinera ohiek Bilboko Areatzan suziriak botatzen jardun zuten, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Bilboko Aste Nagusi bakoitzak bere pregoilari eta txupinerak izan ohi ditu, eta, bederatzi egunez, jaiak hiriko txoko guztietara zabaltzeko enkargua edukitzen dute. Baina jai guztiek daukate euren iraungitze data, eta, behin hori igarota, pregoilari eta txupinera ohi bihurtzen dira horiek guztiak. Hori pregoilarien kasua izaten da, ordea, txupinerek urtero baitaukate aukeraren bat berriz ere kargua eskuratzeko. Izan ere, txupineren omenaldiak ezinbesteko txokoa dauka Aste Nagusian, eta, jantziak berriz jantzita,behin izan zuten kargua berreskuratzeko aukera izaten dute. «Egun polita da guretzat: txupinerak berriz elkartu, trajea beste behin jantzi, eta txupina botatzeak ilusioa ematen du», Josune Bañales 1994ko txupineraren esanetan.

Eta atzo izan zuten euren eguna, iraganean txupinera izan ziren konpartsakideak. Goizean goizetik hasi zuten eguna, gainera. 10:00etan, eguneko lehenengo txupina bota zuten Nerea Orizaolarekin batera, beste jaiegun bateko ekitaldiei hasiera ematen dion txupina. Tartean zegoen euren omenaldia. Erronda kaletik ere poteatu zuten ondoren, eta gosaria Erriberako merkatuan hartu zuten. Han, txupin gehiago piztu zituzten, baina ekitaldi nagusia eguerdian izan zuten, txupinera guztiek batera suziriei su eman zietenean. «Une zirraragarria da, berriz ere kargua eskuratzen dugulako», Bañalesen hitzetan. Azkenik, eguneko ekitaldiak bazkari batekin amaitu zituzten, Patricia Lezama joan den urteko txupineraren konpartsan, Mekauen-en, hain zuzen ere.

Oroimenerako unea

Txupineren omenaldia memoria egiteko une aproposa izaten da, gainera. Montse Valerio, esaterako, 1981. urtean izan zen txupinera, eta ordu hartan bolborak beldur apur bat ematen ziola oroitzen du. «Oraindik ere pixka bat ematen dit bolborak, baina esperientzia handia daukat, edozein modutan». 31 urte pasatu ditu suziriak botatzen, eta oraindik beldurra du, baina ondo moldatzen dela onartzen du. «Gaur egun, gainera, pertxa batekin botatzen dira suziriak; gure garaian, makila batekin eta ahal zen bezala egiten genuen», dio.

Bakoitzaren urtean gertatu ziren gertaerak ere oroitzen dituzte. Patricia Lezamak, esaterako, fresko dauka bere Aste Nagusia, joan den urtean izan baitzen txupinera: «Joan den urteko uneak gogoratzen ari naiz gaur». Eta denek ariketa berdina egiten dute. «Inbidia apur bat ere ematen du urteko txupinera ikusteak; baina,hala ere, festaz orain gehiago gozatzen dut, kargua zure gain duzunean gauza asko baitauzkazu egiteko», Aratz Irazabal 2010. urteko txupineraren esanetan. Inbidiarekin edo gabe, denek beste behin ere txupina botatzeko aukera izaten dute, lagunartean. «Giro ederra izaten dugu gure artean, jatorra», Valeriok onartzen duenez.

Eta giro hori ikusita, Virginia Berasategi aurtengo pregoilariak euren eguna ospatzeko aldarrikapena egin du. «Inbidia sano apur bat ematen dit ikustea zeinen giro ederra daukaten euren artean. Sekulako senidetasuna daukate eta», Berasategiren esanetan. Atzo ere eurekin izan zen triatloilari bilbotarra, «egun oso polita izaten ari da».

Txupinera jantzia 1985etik

Baina txupineraren egunik ez zen izango txupinera ohiak ez baleude euren jantziekin jantzita. Denek gordetzen dute traje gorria, «mimo handiz», Lezamak onartu duenez. Baina urteen joana sumatzen hasten da jantziren batean. «Horrenbeste metxari su emanez, urtero erretzen da apur bat gehiago, ezinezkoa da ongi irautea», dio Bañalesek.

Baina ez dira jantzi horiek betitik janzten. «Nire garaian konpartsaren kamiseta eramaten genuen», dio Valeriok. 1985ean diseinatu zen lehen jantzia, eta horrekin komeriak sortu ziren. Izan ere, neurrira egiten da trajea, eta bakarra. Hori gutxi ez, eta Aste Nagusi osoan soinean eraman behar dute.

Nerea Orizaolak oraingoz nahiko garbi dauka berea. Hurrengo urterako garbitu, eta beste urte batez txupinera izango da. Bera izango da zerrenda luze bateko txupinera berria, betiko izaten jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.