Etxe dotore batek egingo digu ongietorria Ubidera sartu orduko. 1910. urteko estilo ingeleseko etxea da Aretxagatarrena, teilatuko egitura zuri-gorri ikusgarriarekin. Garaiko beste hainbat indiano bezala, Mexikora joan zen 15 urterekin Santiago Aretxaga, eta aberastuta bueltatu zen Josefina Lopez de Letonarekin ezkontzera, Ameriketan ostatu hartu zuen senitartekoaren alaba berarekin. Etxea Alfredo Acebal arkitekto bizkaitarrak egin zuen, old english eta Ana erreginaren estiloei jarraiki. Handik gertu ikus daiteke Madalenako baseliza, Santiago Aretxagak berak berreraikia.
Haren alboan Aduana ezaguna ikusiko dugu, Arabako eta Bizkaiko jaurerriko lurrak marra batekin bereizten zituen eraikin ezaguna. Inguruko eraikinen aldean ezberdina da erabat, XX. mendeko estilo neoingelesekoa hauxe.
Hain zuzen, Madalena auzoa da Arratia eskualdeko herri honetan sartzerakoan bisitatuko dugun lehendabizikoa. Atseden hartzeko lorategi txikia eta ibai ertzean luzatzen den harrizko eserlekua ere badugu. Bertan ospatzen dituzte uztailaren 22an madalenak, ubidear guztientzako sardinak eta ardoa banatuta. Herriko jai nagusiak, ordea, ekainaren 24an izaten dira, San Joanen omenez. Su handiek ematen diete hasiera jai asteburu beteari.
Ibai txiki bi ditu Ubidek. Gorbeian jaio eta Zeanurik eta Ubidek Arabarekin duten muga lerroa ezartzen du Undabek. Zubizabal, berriz, Saldropo mendi lerrotik heltzen da herrira eta Undaberekin egiten du bat erdigunean, Santa Engraziako urtegira urak isuriz.
Madalena baselizatik Zubizabal erreka jarraitu eta berehala helduko gara herriko plazara, San Joan auzoan oraingoan. Plaza inguruan batzen da biztanle kopuru handiena, eta bertan topatuko dugu, baitaherriak gorde duen ondare zaharrena ere. Erdi Aroko galtzada dugu bertan, udaletxetik San Joan elizara igotzen dena. XVI.mendekoa da eliza, habearte bakarra eta urre koloreko erretaularekin. Beste baseliza bat ere izan zen kilometro eta erdira, Zeanurirekin mugan, baina egun desagertuta dago eta arrasto gutxi batzuk geratzen dira.
Herriko elizarekin batera, udaletxeak, frontoiak eta plazak berak osatzen dute herrigunea, beste garai batean burdinolak nagusi izan ziren gunean. Izan ere, Ubideko herria, hainbat lanek aditzera ematen duten modura, antzina herrian egon ziren hiru-lau burdinolen eraginez sortu zen. Zuazola, Aurtenola eta Olazarra burdinolak bultzatuta, errementari eta olagizon ugari bildu zen bertara XVII. mendeaz geroztik.
Erdigunearekin batera, inguruetako eraikinak ere ikusgarriak dira, Landazabal eta Latxa baserri ederrak tartean, eta errota zaharra, egun etxebizitza dena. Zoritxarrez baserri gutxi batzuk baino ez dira mantendu gaur arte, baina aldiz, neoklasiko tankerako hainbat etxebizitza eder daude. XIX. mendean aurrerakada nabaria izan zuen neoklasiko estiloak, eta 1831-1845 bitartean lekututako etxeak aurki ditzakegu.
IBILALDI SORTA AUKERAN. Ubidek aisialdirako ingurune ederrak ditu. Harizti eta pagadiak nagusi, Undabe ibaiaren alboko Olalde gunea izan daiteke, esaterako, horretarako aproposa. Herritik gertu, mahaiak, barbakoak eta haurrentzako jolasak ere aurki daitezke.
Ubiden gailurrik aipagarrienak 784 metro dituen Eniebe eta 794 metrotako Motxotegi dira, baina handik gertu beste hamaika ibilaldi egiteko aukera ere badago, Gorbeia moduko tontor garaietara edo txikiagoetara ere.
Plazako frontoi atzetik aterata, Undaberen zubia pasatu eta Iñarragain mendi azpitik abiatuko gara, esatera, pinu eta nekosta artean. Siskiñu mendira doan bidea jarraituko dugu, antzina ikatz zama garraiatzeko erabiltzen zen bide beretik. Harrikurutzeko gailurra albo batean utzita, pago artean, 50 bat metrora, helduko gara Siskiñuko tontorrera. Bertatik Etxaguenerako bidea jarraituko dugu, Arabako lautadaren eta urtegien lehendabiziko ikuspegia parez pare. Oketako (1.031m) gaina igaro ostean, iratze artean helduko gara Umarango haitzetara. Berehala ikusiko ditugu Zubialdeko sakana eta Gorbeiako aintzira ederrak.
Gorbeiara doazen mendizale ugariren bilgune ere bada Ubide. Izan ere, ibilaldi luze baten aurretik indarrak hartzeko edota ibilaldiaren ostean atseden hartzeko aukera ugari eskaintzen du herriak. Sabela betetzeko ostatuak eta lo kuluxka egiteko zelai ederrak ez dira falta. Aste barruan lasaitasuna da nagusi, 170 bat biztanle ditu, mendizaleen bisitak hausten du lasaitasuna asteburuetan.
Gorbeiara heltzeko, Zubizabal errekari jarraituko diogu Agiñaldera (903m) heldu arte. Dulauko (1.136m) eta Aldamiñosteko (1.321m) muinoak igaro eta laster helduko gara tontorrera.
JaKInGarrIaK
Nola iritsi: Gasteiztik Bilboranzko norantzan (N-240), Barazarko portua hasi aurretik aurkituko dugu Ubide, Ollerieta eta Elosua herriak atzean utzita.
Non jan: Urbide jatetxean, familia arteko giroan, ederki bazkaltzeko aukera dago. Eskaintza zabalaren artean, babarrunak, bakailaoa eta piper beteak daude. Lo egiteko aukera ere badago. Telefonoa: 945-45 02 44. Plazan, bestetik, Herriko Tabernan bazkaltzeko aukera ere badago. Txuletak ez dira faltako gosez datozen mendizaleentzat. Telefonoa: 945-45 03 00.
Non lo egin: Urbide ostatuarekin batera, Olalde aterpeak mendizale talde eta ikasleei lo egiteko aukera ematen die. Telefonoa: 944-00 80 60.
Argibide gehiago: Ubideko udaletxea 945-45 03 22.