Uda agurtzeko eguna

Gasteiztar ugarik urteroko ibilaldia egingo du bihar Olarizu mendiaren magalaren inguruan, eta arratsaldean erromeria egingo dute

Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Irailaren 8aren osteko lehen astelehena egun garrantzitsua izaten da Olarizun, Gasteizen. Izan ere, iraileko Andre Mariaren osteko astelehenean erromeria egiten da bertan XIX. mendeaz geroztik, eta hori bihar izango da. Ohitura beste urtebetez berrituko da horrela, eta uda agurtzeko modua izango da gasteiztarrentzat. Eguna mugarriak gainbegiratuz hasiko dute, eta 09:00etan Plaza Berritik abiatuko dira agintariak Martioda, Artatza Foronda, Legarda eta Forondako mugarriak ondo daudela egiaztatzeko. Jai giroan egingo dute ibilbide hori, Udal Txistulari Bandak lagunduta joango baitira ibilbide guztian. Baina jaia, ohi bezala, Olarizu mendiaren magalean egingo da.

Elikagaien eta bestelako produktuen salmenta postu ugari jarrita egongo dira inguru horretan, baina protagonista nagusi bat egongo da: babarrunak. Izan ere, babarrun jatea egingo da eguerdian, eta hala nahi duen orok platerkada bat dastatzeko aukera izango du. Jatekorik ez da faltako, ezta edatekorik ere. Goizean motorrak berotuko dituzte, baina arratsaldean izango dira eguneko ekitaldirik garrantzitsuenak.

Bazkari ostean erromeria egingo dute Olarizu mendiaren magalean. Gaztelu puzgarriak, erraldoien eta buruhandien kalejira, Gargantua eta beste hainbat ekitaldirekin batera, dantzaldia egingo dute, 17:00etan, Drindots taldearekin batera. Dantzarako astia izan ostean, aizkolarien txanda izango da, eta 18:15ean, Arabako Dantzarien Biltzarraren eskutik euskal dantzen erakustaldia egingo dute, iturriaren inguruan. Eguna amaitzeko, udal segizioa mendi magaletik Gasteizera itzuliko da, eta 20:45ean zezensuzkoa egongo da Plaza Berrian. Era horretan amaituko da Olarizuko erromeria, eta horrekin batera agurtuko dute uda milaka gasteiztarrek. Datorren urtean tradizioa berriz berritu arte.

Olarizuko erromeria

Bihar, Gasteizko Olarizu mendiaren magalean, egun osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.