La Pop'lla Donostiako Antigua auzoko taldeak azken kontzertua emango du gaur, 22:00etan, Agurainen (Araba), Gazte Egunaren barruan. Goizetik hasita, hainbat ekitaldi izango dira han, bazkari eta guzti, eta La Pop'lla, Tinko, Zirkiñik Bez! eta Bad Sound System taldeekin amaituko dute eguna.
La Polla omentzeko taldea Jon Martinez Txiki abeslariak, Iñigo Ozaeta baxuak, Mikel Arruti bateriak eta Ioritz Blanco eta Jon Agiriano gitarrek osatzen dute.
Nola sortu zen taldea?
Antiguako jaietarako sortu genuen, 2011ko sansebastianetarako. Ilusioa genuen, eta auzoari begira kontzertu gauari indar emateko eta morboa emateko egin genuen, jendea bil zedin. Ni La Pollaren zale sutsua naiz, eta Antiguako sanjoanetan auzoko kide batzuei azaldu nien ideia. Hasieran, asmoa jaietan bakarrik jotzea zen, baina, deitzen hasi zitzaizkigula kontuan hartuta, bilera bat egin eta aurrera jotzea erabaki genuen. Indar hartzen joan ginen eta jendearen artean ezagunak egiten hasi ginen.
Espero zenuten erantzuna eman al du jendeak?
Espero ez genuena taldeak halako arrakasta izatea zen. Hirugarren kontzertuan, SAren alboan jo genuen, Donostiako karmenetako jaietan, 4.000 pertsonaren aurrean. Gure lehen kontzertu handia izan zen; nire bizipen zirraragarriena, dudarik gabe. Bilboko eta Gasteizko jaietan ere jo dugu. Itzela izan da.
Abeslaria izanik, zein momentutan gozatzen duzu gehien?
Jendea saltoka eta abesten ikustean eta kontzertu ederra izan dela esaten dizutenean, oso gustura sentitzen zara, gogobeteta.
Zer da taldeak eman dizun gauzarik onena eta txarrena?
Onena, taldean auzoko adin bateko eta besteko kideak batu garela eta lagunak egin garela; eta, txarrena, talde baten atzean ikusten ez den eta egin behar den lana.
Zergatik erabaki duzue azken kontzertua izatea Aguraingoa?
Horrelako proiektu batean, zure abestiak kantatzen ez dituzunean, ez da erraza luzaroan irautea. Omenaldiek hasiera eta amaiera bat izan behar dute. Izan dugun udarekin goia jo dugu; ez dut uste lortu dugun baino gehiago lor daitekeenik. Gainera, Aguraingo kontzertua atera zitzaigunean, pentsatu genuen ez zegoela amaitzeko leku hoberik Evaristo La Pollako abeslariaren jaioterria baino.
Zergatik La Pop'lla?
Belaunaldi bateko eta besteko jendea biltzen zen, eta biltzen dugu, lelo berak abestuz. Duela 30 urteko arazoak ez dira konpondu. Hitzak zuzenak dira, egiak esaten dituztenak. Beste talde baten tributua egin izan bagenu, ez genuen edukiko izan dugun arrakasta.
Ezer berezirik prestatu al duzue gaurko, azken kontzertua izanik?
Bai, baina guk egingo dugu berezia. Su festa eta kontatuko ez dizkizudan ezusteko batzuk ere baditugu, gonbidatu bereziren bat...
Zer sentituko duzu oholtza gainera igotzean, jakinda ez zarela berriz itzuliko?
Hor dago morboa. Azken partidak, azken kontzertuak... beti sortzen dute zirrara. Gainera, gure ibilbidean garbi eduki dugu zerbaitegatik jotzen dugula; atzean beti dago kausa bat. Agurainen, berriro Gazte Eguna antolatzen hasi nahi izan dute, eta gure harri koskorra ekarriko dugu, egun berezia izan dadin aguraindarrentzat eta bertaratzen den ororentzat.
Jon Martinez, 'Txiki'. La Pop'llako abeslaria
«Uda honetan goia jo dugu; ez dut uste lortu dugun baino gehiago lor daitekeenik»
La Pop'lla Antiguako taldeak azken kontzertua emango du gaur, Aguraingo Gazte Egunean. Espero ez zuen arrakasta izan du taldeak: jaietako egun batean jotzea zen asmoa, eta 30 kontzertu eman ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu