Eko-tik

Udaberria, txoriak eta oiloak

Xabier Akizu
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Pozik hartzen da goizean goiz esnatzerakoan txorien kantua: birigarroa, txantxangorria, txepetxa, zozoa...06:20an lehen notak, eta 06:30erako orkestra osoa martxan, enararen bat agertu da, baina nekez ikusten dira, iazko arazoak horrenbesteko eragina izan ote zuen? Kukua ere atarian dugu.

Baina beste hegazti batzuetaz hitz egitera etorri naiz, handixeagoak, aspaldi baten etxeratu genituenak babesa eta janaria emanez, udaberrian arrautza batzuk egitetik urte osoan egiten erakutsi genienak —gure probetxurako noski, babes eta janariaren truke—; bai, oiloei buruz ari naiz hitz egiten.

Baserri gehientsuenetan ziren etxe inguruan belar, xomorro, janari ondar, artale eta abarrez elikatzen genituen, eta oilarra aurrean zutela etxe ingurua alaitzen zuten. Baita jatorduak ere, beraien arrautza zaporetsuez! Eta gaur etorri zait bat-batean non ote daude oilo horiek? Dendetan arrautzak bai, baina baserri inguruetan oiloak falta!

Ba, preso daude! Burdinazko zelda txikietan hirunaka, kaiola ilarak bata besteen gainean 7 solairu osatu arte, gela erraldoietan. Mokoa moztuta, eguzkirik gabe, belar eta xomorrorik gabe, aitona, ume edo txakurrik ikusi gabe. Garai batean etxeratu genituen zaintzeko konpromisoaz, eta orain preso sartu ditugu ia denak! Nolako arrautzak egin ditzakete egoera horretan?

Baina hori omen da errentagarria! Dena zientifikoki estudiatuta arrautzak ahalik eta merkeen lortzeko. Izugarrizko aurrerapena! Baserrian libre dabiltzan oiloen arrautza ekologikoaren dozenak 3,60 euro balio du —batez beste—, eta oilo esplotatuenak —barkatu, haztegikoak—1,6 euro balio du! Hori bai dela aurreratzea, baina zertan gastatzeko?

Kalkulua eginda langile batek ordubetean 20 euro irabazten badu —oporrak, paga estrak… barne— eta batez beste egunean arrautza bat jaten badu, urtean 3 orduko soldatarekin aska dezake beretzako arrautzak egingo dituen oilo parea presondegitik eta baserrietan libre jarri. Erosle bakoitzak erabakitzen du bere erosketarekin bihar oiloa non biziko den: haztegian preso ala baserrian ekologikoki urteko soldataren %0,2agatik —autoarekin %10 inguru gastatzen dugu—.

Horrela, oilo parea libre, eta zaporeko arrautza jango genuke, kutsadura gutxiago izango litzateke, hegazti gripe arriskurik gabe, gure eta ingurunearen osasuna pixka bat gehiago zainduko genuke, berriro oilarra kukurrukuka entzungo genuke… Denok pozik! Ipuin polita, ezta? Bada, bakoitzaren esku dago hala izatea, eta pausoa ematen laguntzeko, arrautza bat jatera zoazen bakoitzean pentsa nola bizi den oilo hori… eta on dagizula!

Bakarren batek pentsatuko du a! zer txepelkeria; Japonian bizi duten tragedia eta istripu nuklearrarekin parekatuz, bai,baina han ere kw haztegi erraldoi hori eraiki beharrean bakoitzak bere oilo parea etxe ondoan edo balkoian jarri balitu, seguru asko lasaiago egongo ziren gaur egun.

Bakoitzak geure aletxoa jarriko bagenu eguneroko bizitza eko-logikoagoa eginaz, ez al ginateke zoriontsuago biziko guztiok (oiloak barne)?

Nekazaritza ekologikoaz edozein zalantza edo galdera izanez gero:

Biolur-Gipuzkoa Nekazaritza Ekologikoaren Aldeko Gipuzkoako Elkartea.Telefonoa: 943-76 14 47

[email protected]

ENEEK - Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua.Telefonoa: 902-54 01 65

[email protected]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.