Osasuna. Sexologia

Udaberria udazkenean?

Gizarteak bultzatzen dituen mezuak ez diete laguntzen nagusiei. BERRIA.
2011ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Sexualitatearen eta erotikaren kontuetan, ematen du dena egina dagoela gaur egun, edo jakina dela. Denok daukagula informazio nahiko eta jarrera nahiko zabala, benetan deseatzen duguna bideratzeko. Andreen eta gizonen edota nesken eta mutilen taldeetan murgiltzen naizenean, eta arazoak zein bikote sistematan izaten diren aztertzen dudanean, gero eta argiago daukat hainbat gauza aldatu egin direla eta aldatu egin ditugula. Baina baita oraindik galduta gabiltzala ere horrenbeste informazio artean, lehengo ereduak ez zitzaizkigula balio, baina gaurkoak ere... Gure gurariak betetzeak buruko min asko ematen digu, eta barrenak dioena eta buruak agintzen duena askotan oso desberdina dela.

Adibidez, oso argi daukagu gure nagusien sexualitatea askotarikoa dela, umeena, gazteena eta helduena bezala. Baina oso zaila egiten zaigu haien bizipenak azaltzen direnean, euren desioaz berba egiten dutenean, euren beldurrak plazaratzean eta abar haien aldarria entzutea, haien modua onartzea, haien gorabeherak bideratzea. Nagusietan ere, gizarteak bultzatzen dituen mezuak ez die batere laguntzen. Batetik, gazteen sexualitatearen eredua bultzatzen baita eta bestetik euren pasioak saihesten. Alde batetik, euren esperientzia azpimarratuta eta, beste alde batetik, esperientziak ukatu diena ezkutatuta.

Eskerrak gure nagusiak, gure atsoak, gure agureak, gure amamak, gure aititak, gure mutilzaharrak eta neskazaharrak oraindik ere badaukatela gogoa ikasteko eta hurrengo belaunaldiei ere irakasteko. Lekua eta denbora emanez gero, hara zer dioten:

—Herriko KZguneak beste herri batzuetako gizonak ezagutzeko aukera eman dit; aspalditik ez neukan harremanak izateko eta nire gorputza ezagutzeko aukera inork ukitu baino lehenago. Inork ez zuen imajinatuko —barre egiten du—. 65 urteko andrea alarguna —hamabost urte alargun—. Enpresa txiki baten arduraduna.

—Hamar urte daramatzat harremanetan andre ezkondu batekin; txikitako laguna da, herrikoa. Egia esan inork ez nau asebete berak egiten duen moduan, eta hura da nire neska. Nire lagunek ez dakite, eta hobeto horrela, inork ere ez lukeelako ulertuko. 70 urteko mutilzaharra. Baserriko nagusia.

—Gizona eta biok oso zahartxoak gara, baina nik ez dut hil nahi orgasmo bat zer den jakin baino lehen. 75 urteko andrea, bere gizonak 82 urte ditu. Etxeko andrea eta armadorea.

—Ez dut inoiz koitorik izan. Inoiz saiatu izan naiz, baina ezinezkoa izan da. Ez dakit zaharregi naizen kontu hauetan sartzeko; beharbada, beranduegi da. Beldur naiz, eta lotsatuta ere banago. 60 urteko bikote gabeko andrea. Irakaslea.

—Gizonak aspalditik gaixotasun fisiko bat dauka, eta hori dela-eta hirugarren bat sartu izan dugu gure harremanean.Gure seme-alabek ez zuten imajinatu ere egingo. Baina gure hirukote harreman honek oso zoriontsu egiten gaitu. Geuk ere ez genuen sekula pentsatuko horrelakorik, baina… 63 urteko andrea eta 60 urteko gizona. Hirugarrena 65 urteko gizona. Denak lagunak eta lantegi bereko langileak.

—Oraindik ama bizirik, 95 urte. Elkarrekin baserrian. Eskerrak noizean behin Bilbora noala narrutan egiten, han gizonak eta andreak topatzea errazagoa da eta. 65 urteko gizona, arotza.

—35 urte ezkonduta egon ostean, banandu egin naiz. Sasoia izan da. Ez neukan bikotekide txarrik. Baina nik aspalditik emakume baten beharra neukan.60 urteko andrea. Ekonomista.

—Gorputza ez da gaztea, gu izan arren. Etxeko sofa egokitu dugu, eta ohean kuxin eta buruko pilo bat ipini ditugu, sexua errazteko. Kalean katxaba eta ohean kuxina. 78 eta 84 urteko andrea eta gizona. Piano jotzaileak eta irakasleak.

—Nire neska-laguna nagusien egoitza batean dago. Inoiz berarekin geratu naiz lotan hantxe, baina inork ez zuen ezer asmatuko ni neskazaharra ere banaizelako... 67 urteko baserritarra.

Entzundakoak ez dira andre edo gizon berezien bizipenak; gure herrian, gure auzoan, gure alboan bizi dira. Beharbada zure izekoa edo lehengusua, amama, aita, arreba... Sexualitatearen eta erotikaren bizipenak asko dira. Jakin badakigu, baina lantzean behin entzutea oso ondo etortzen zaigu, ezta?
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.