Neguan delarik, udaberriaren gosea dator, ilunbetan argiarena bezainbat. Molde berezi batez «populuen udaberriak» aipu dira. Maghreb aldean «udaberri arabe» hori lehen tituluetan dabil prentsan. Horrelako garaien gogoratzeekin gara. 1848 urtekoak Europa astindu zuen, Poloniatik Pariseraino: nazioen askapen nahi moderno lehendabizikoa orduan hasi zen edonon. Berari zor diogu, zalantzarik gabe, Euskal Herrikoa. Eta Baiona alde honetan Xaho zuberotarrarena dugu gogoan. Honek Seine ibai aldeetako lagunei esker bere egin zituen emanzipazio gogoeta zenbaitzu. Duela berrehun urte jaio zen gazte sutsuak amestu zuen euskal errepublika libre bat. Ez zen garaia oraindik. Mende erdi beranduago Sabin Arana Goiri eta bere lagunen gogoa bide berdinetarik ibiliko zen, beste jantzi batzuekin, baztertuz laikotasuna, baina burujabetasuna goraki errepikatuz.
Beste udaberri asko ahazten dira hargatik: Kabiliarena, 1968koa gutixko aipu da, badaiteke ere Darfurekoa, honen independentzia duela gutxi onartu delarik, eta beste hainbeste, munduko lau hegaletan askatasun gosea jendetasun beharrari lotua baita.
Joseba Arregiren oroitzapena, Madrilen oinazeenpean hilarazi zutena, duela hogeitahamar urte hor dugu. Baikor izateko doi bat gogora dezagun ere Frantziako aldaketa politikoa urte berdinean. Itxaropen handia bazen hemen, Antonio Tejero pistola eskuan Cortesetan ikusi arren. Horiek hola, alabaina, Euskal Herriko udaberriaren beha gaude, zozoak eta pikak tira ahala beren kabien egiten ari direlarik bazter guztietan. Bizitzeari hauek lehentasuna ematen diote: eta guk?
Maratila
Udaberriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu