Interes berezia du begiratokietan Ramon Ruiz Cuevas arkitekoak, hiriko ezaugarria bere lanetan integratzen saiatzen da.
Zer du berezia Gasteizek horrelako eraikuntzak hemen bakarrik izateko?
Egia esan, Euskal Herriko gainontzeko hirietako klima berdintsua da, eta ederki egokituko lirateke haietara ere, baina, Gasteizen izan zuten garrantzirik ez zuten hartu. Hiritarron izaera izan liteke arrazoietako bat; hau da, kalera begiratzeko aukera izatea, baina gainontzekoek ikusia izan gabe. Bestalde, XIX.mendeko garai horretan, hiriko industria txikiak martxan hasiak ziren, kristalgintzan eta zurgintzan esaterako, eta horrek ere indartuko zuen begiratokiak eraikitzea. Bizilagunak eraikitako modu berean egitea ere izango zen beste arrazoietako bat, betiere itxura bera mantenduz eta ezer deigarria egin gabe. Hortik etor daiteke guztiak kolore zurikoak eta estruktura bertsukoak izatea, bakoitzak bere berezitasun txikiekin. Begiratoki bakoitza da berezia, baina irudirik politena kale osoan zehar osatzen dute irudi jarraia da. Euren kristaletako islekin, mugimendua sortzen dute. Gure hiria ezagutarazteko eta turismoa gureganatzeko arrazoi garrantzitsua izan litezke; etorkizuneko ekonomiaren sostengua bide horretatik ikusten dut.
Zer erakutsi nahi izan diozue gasteiztarrei erakusketaren bidez?
Olagibel arkitektoaren inguruko erakusketa egin genuen iaz, eta arrakasta handia izan zuen. Aurten begiratokien ingurukoa antolatzea erabaki genuen udaleko ARICH errehabilitazio agentziak proposamena egin ostean. Oraingoz, hiritarrengan arrakasta izaten ari da, beti izaten baita interesgarria bertakoa eta gurea den hiriaren eboluzioa eta altxorrak hobeto ezagutzea. Bertakoek betidanik ikusi izan ditugu, baina kanpotik etortzen den jendeak, ordea, beste garrantzi bat ematen die begiratokiei, harriturik geratzen dira horma zuriz eta kristalez beteriko etxeak ikustean. Hiritarren estimua igotzeko, hirian ditugun ezaugarri berezien ezagutza zabaldu nahi izan dugu lan honekin.
Energia aurrezteari dagokionez, proiektu bat baino gehiago egin eta hainbat sari irabazi izan dituzu; azkena lortu duzun Isover, ezaugarri bioklimatikoko proiektuen saria, esaterako. Begiratokiei dagokienez ere, interes berezia azaldu izan duzu betidanik.
Azkenaldian teknologiak hartu duen abiadura ikusita, hemendik urte gutxira oso gutxi gastatuko duten etxeak izango ditugu, eta 2050erako etxebizitzak energia sortzaile bihurtzera iritsiko gara. Azken sari hori lortzeko, Gasteizko begiratokien sistema bertsua erabiltzen duten etxeen proiektua aurkeztu genuen. Egungo teknologiarekin, iraganeko ohitura aurreztaileetara egokitzen ari garela esan daiteke.
Begiratoki batzuen egoera nahiko eskasa eta utzia da. Hiriko ezaugarri arkitektoniko nagusietakoak izan arren, urte hauetan udalak ez du ordenantza berezirik egin.
Udalak eta instituzioek jada eraikiak dauden begiratokiak mantentzeko ahalegina egin beharko lukete, laguntzetan oinarritutako ordenantza batzuk sortuz, jendeak bizirik mantendu eta zaindu ditzan. Bestalde, instituzioek etxebizitza berrietan begiratokiak eraikitzea susta dezakete. Horretarako, begiratokiek ez lukete eraikigarritasunean kontatu behar, lehengo eran egingo balira behintzat. Eraikinaren horma itxia izango lukete, kanpoaldean utziz begiratokia, horrela soilik lortzen baita energia aurreztea. Egungo begiratokiak aztertu eta sailkatu ondoren, tipologiaren arabera katalogatzea ere garrantzitsua izango litzateke, Hiri Berde markaren inguruko promozioan garrantzia izan beharko lukete.
Nola ikusten duzu Gasteizko begiratokien etorkizuna?
Betidanik hirian izan den eta interesa sortzen duen elementua izanik, eta gure bizitzaren zati direnez, maitatzea beharrezkoa da; horretarako, ezagutzea garrantzitsua da. Baikorra naiz, begiratokiak bizirik mantendu eta berriak egitea lortuko dugula uste dut.
Ramon Ruiz Cuevas. Arkitektoa
«Udalak eta instituzioek jada eraikiak dauden begiratokiak mantentzeko ahalegina egin beharko lukete»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu