Kaian nago. Nasser lakuko ura berde iluna da, beroa zakarra, zeruko zuritasunak itsutu egiten du. Kaia txikia da, soila, eta hutsik dago. Bertatik abiatzen den pista gorriaren ondoan gizon batzuk ari dira pikotxekin erreten bat zabaltzen, eguzki galdaren azpian.Aduanako eraikina harantzago dago. Arreta handirik gabe miatu dituzte nire poltsak eta aurrera segitzeko agindu. Eguzkitara ostera atera eta bizikletara igo naiz. Hondarra dago nire aurrean, nire inguruan, hondarrezko lautada mortu bat. Hareatza horretan barreiatuta auto zahar baten hondakin herdoilduak ikusi ditut, tren bagoi irauli bat, harrizko muino txikiak; trenbidea eta geltoki bakartia ezkerrean daude; eskuinean, urrun samar, adobez egindako etxe multzo bat. Ez dago biderik. Autoen gurpil arrastoak batera eta bestera doaz. Lanrober bat pasatu da.Asto-gurdi bat norabait doa astiro.
Esan liteke Wadi Halfa -«Afrikako tokirik lehorrena», nire mapamundiaren arabera- bi deserturen artean dagoela. Eta, paradoxaz, urezkoa da bata, Egiptoko Asuan hiritik Sudango ipar mugaraino luzatzen den Nasser urtegi erraldoia daukalako bere iparraldera, eta ur eremu geldi eta itxuraz amaiezin hura nabigatu beharko duelako, ezinbestez, handik etorrita munduko bazter apartatu honetara iritsi nahi duenak. Hondarrezkoa da bigarrena, eta hartaz ondo konturatuko da bidaiaria lehorra zapaldu bezain laster -Wadi Halfako egiazko izaeraren aurrean dagoela, alegia- urari bizkar eman eta hondarra eta hautsa baino ez dizkiolako eskainiko, aurrerantzean, begien aurrean eta gurpilen azpian daukan lur berriak. Eta pentsatuko du ezikusia egiten diola Wadi Halfak bere inguruko ur oparotasunari, edo areago, etsai bat bailitzan tratatuz, muzin egiten diola, arbuiatu egiten duela, eta mespretxu eta arroztasun horiek ez direla, agian, zauri baten oroimena baino: urtegi ankerraren azpian ito zen Wadi Halfa zaharragatik oraindik sentitzen duen dolumina adierazteko modu bat. Baina bidaiariarentzat beharrezkoagoa den beste egia bat ere badago: urez iritsi bada ere, hondarrezko eta harrizko basamortu erabatekoak zeharkatu beharko ditu, orain, bere bidaia jarraitu ahal izateko. Ekialdetik zein hegoaldetik Wadi Halfak ez dio beste aterabiderik utziko.
Bi desertu horiek bi nazioren arteko mugaren inguruan egiten dute topo: Egipto eta Sudan. Mende luzetan muga horren berririk eta beharrik izan ez duen herri bat bizi izan da hemen, Nilo ibaiak hondarretan irekitako ildo berde-urdinaren arrimuan eta babesean: Nubia herria. Orain, ordea, Egiptoko Nubia suntsituta dago, urezko desertu bare horren azpian betirako itota. Sudango Nubia, ez. Sudango Nubiak bizirik dirau eta Wadi Halfa berria da bere iparraldeko atea.
Wadi Halfak ez du egitura zehatzik. Adobezko eta zementuzko eraikinak hareatzan sakabanaturik daude ordenarik gabe, kale edo multzo antolaturik osatu gabe, norbaitek deskuiduan ahaztu edo axolagabeki han jarri balitu bezala. Wadi Halfa, hala ere, gune aski ezberdinez osatua dago. Hegoalderantz, esate baterako, herria gehiago zehazten da, nortasuna bereganatzen du, eta hondarrezko kale zabalak eta garbiak ikusiko ditugu, eta ikusiko dugu lurraren kolore bera duten murru luzeak direla kale horiek zedarritzen dituztenak. Murru horiek Nubiako etxea -patio handi bat eta bertan bizitokia osatzen duten eraikuntzak- hesitzen dute. Atearen ondoan, inguruko idortasuna pixka bat goxatuz, zuhaitzen baten gerizpea aurkituko dugu maiz.
Merkatuak, polizia etxeak, bankuek, hotelek eta hainbat denda eta jatetxe xumek gune horietako bat osatzen dute, erdialdea deitu genezakeena, beharbada. Hiru hotel daude Wadi Halfan, bata bestetik gertu eta oso antzekoak hirurak. Logela soil batzuk eduki arren, beroagatik burdinazko oheak patiora aterata egiten da lo, hondarraren gainean eta zeru beti ere izarrez josiaren azpian. Ura, bai edateko bai garbiketarako, Nilotik edo inguruko putzuetatik ekartzen da eta buztinezko ontzi handietan gorde. Hiruretatik Wadi El Nil da nik aukeratu dudanaren izena.
HIENAK. Abulkasik-ek ere nire hotelean hartu du ostatu. Gaztea da, 22 urte, eta ezkondua dago. Ile kizkur motza eta bibotea ditu eta musulmamen «gualabiya» edo tunika beix bat darama soinean. Patioko oheetan eserita, arabierazko eta ingelesezko hitzak nahastuz eta keinu ugari tartekatuz mintzatzen gara. Wadi Halfatik aurrera, Akasha-ra bitartean, hienak daudela bidean azaldu dit («Mafain Dabba»). Liburu bat atera du poltsa batetik - Teach english yourself in 7 days- eta behar dituen hitzak bilatzeari ekiten dio. Banan-banan erakusten dizkit gero: «hyena-don't touch-danger-danger of death-careful-abandoned». Bidea desertutik doala esaten dit, Nilo ibaitik aparte, eta menditsua eta oso bakartia dela, motoz zihoan kanpotar bat behin bertan galdu zela betiko, motoa eta argazki makina baino ez zituztela aurkitu. Hienak gauez dabiltzala bakarrik argitu dit ondoren, eta suak edo linterna baten argiak uxatuko dituztela. Bera Karman bizi da eta bihar joango da hara bere Toyotan. Ni eramateko eskaintza egin dit. Jatorra da Abulkasik, barru-barrutik begiratzen dit eta distira egiten diote begi beltzek hitz egiten duenean.
Eguerdian 41 gradu markatzen du termometroak itzalpean. Jendea isilik eta burumakur dago teilatupeetan edo etxe atarietan babestuta. Gutxitan altxatzen dira eta oso astiro mugituko dira orduan. Gauean hondar-ekaitza izan da eta patioan lotan geunden guztiok mantetan eta maindireetan bildu gara hautsak lurperatu ez gintzan. Ez kezkatzeko hienekin esan dit beste lagun batek, Mohamedek. Urte askotan berak ez duela bat ere ikusi, atzerritar askok ibiltzen dutela bide hori, bizikletaz, motoz. . .
Airea epela eta sentsuala da Wadi Halfako gauetan. Joanak dira atzoko bidaiari tropelak, hotela hutsik dago (eta argirik eta urik gabe), ni naiz, nonbait, bezero bakarra. Lasaitasuna da nagusi kanpoan, hareazko kaleetan. Zakur zaunkak aditzen dira eta txokoetan eserita hitz-aspertuan ari direnen murmuriozko jardunak. Ilargiak Wadi El Nil-eko bazterrak argitzen ditu, adobezko paretak, teilatuko txapak, zutoin zaharrak, burdinazko oheak: argitasun zurixka eta itzal beltzak. Barrakoi ahaztua dirudi Wadi El Nil-ek.
Goizean tea saltzen duen betiko andrearengana jo dut. Bere jantzi koloretsuekin betiko tokian dago eserita, egurrezko aulki txikian. Bere aurreko mahaitxoan edalontziak eta, kristalezko poteetan, infusioak prestatzeko belarrak ditu. Han nengoela, itsu bat hurbildu zaigu bere mutilarekin. Aldameneko dendan gelditu dira aurrena eta itsuak lanturu baten antza zuen doinu bat kantatu du. Ondoren zuzenean etorri da itsumutilaren eskutik nire ondoraino eta kantu tristea berritu du. Txukun dago jantzia, tunika eta turbanteak garbiak dira, makila darama esku batean. 50 dinar eman dizkiot eta bere ibiliarekin jarraitu du. Hautsa dago airean, eguzkia ere zapuzteko gauza den lanbro zikin bat.
Midhat eta Mazar anaiek turismo bulego bat daukate Wadi Halfan. Gutxi izaten dira asteroko ferryan Egiptotik iristen diren edo hara joan nahi duten bidaiari europearrak, baina, hala ere, bakan horientzat da, gehienbat, bi anaien negozio xumea. Midhat Khartum-en dago egun hauetan eta Mazar-ekin joan naiz gaur bulegora. Nire hoteletik gertu, muino baten oinean dagoen eraikin txiki bat da. Kanpoaldean Mashan Sharti for service dago idatzia. «Gure hizkuntza da, Nubiako hizkuntza, eta 'eguzki izpiak' esan nahi du» erantzun dit Mazarrek «Mashan Sharti» hitzen zentzuari buruz galdetu diodanean. Barruko gela bakarrean mahai bat, telefono bat eta bi aulki daude. Eta inguru guztian, hormetatik zintzilik, Wadi Halfa zaharraren zuri-beltzeko argazkiak. Astiro ibili naiz irudi maiztuei banan-banan eta arretaz begiratuz: kai eta ontzi bat ikusi ditut ibai handi baten ertzean, nekazariak soroetan lanean, beste garai bateko gizon-emakumeen begiradak, dotoretasunik falta ez duen hotel handi bat... Itxuraz herri handi eta atsegina zen Wadi Halfa zaharra.
Gero mahai aurrean eseri eta Nubiako hizkuntzaren lehen hitzak ikasteari ekin diot Mazarrekin.
HIzTeGI TxIKIa
Euskara-Nubiera (Wadi Halfa eta Karma bitartean hitz egiten den eran).EuskeraNubiera
Zer moduz? Maskaglo
Egunon Maskafixo
Agur Afialogo
Bai Eio
Ez La-la
Lo egin Ner
UraAman
Jana Kaba
Datilak Fenti
Tea Xai/Sada
Esnea Suu
Kafea Bun
Haizea Tug
Beroa Yuk
Ederra Axria
Herria Jila
Krokodiloa Ulum
Harea Skid
Astoa Katx
Etxea Nok
Zein herri da hau?Injitdole?
Ni Dongola-ra noa Ai Dongola lenafil
1 Guera
2 Uo
3 Tisko
4 Tamso
5 Didza
6 Gordzo
7 Kolot
8 Iduo
9 Oskoda
10 Dime
20 Aro