UDAN BAI. UDAN BAI

HARAT-HONAT. Mendialdeko turrustak. Ur-jauziak (VI): Arluzeako ur-jauziak. Arluzeako eliza-gotorlekua zaharberritu dute oraintsu, eta, herriko hainbat behar asetze aldera, energia berriztagarriak baliatzen hasi dira 2003tik. Tamalez, bestelako patua pairatzen ari da Errota ibarreko ondare hidraulikoa. Erreka jostalari batek bi turrusta eder sorrarazten ditu ahazturiko eihera ttipiaren ondotik igaro aurretik.

Josean Gil-Garcia.
2006ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Arluzea Mendialdeko eskualdeari dagokion hiribildu zaharra da. «Hogeita hamahiru iturri ditu lur maite honek», esaten zuen maiz Arluzeako artzain eta aditu Jesus Egurceguik. Artzain nekaezin horrek hamaika urtetan bilduriko datu etnografikoak idatzita laga ditu lan mardul batean; hura gainbegiratzeak, hain zuzen, Errotako ibarra eta ur-jauziak gogora ekarri dizkigu. Erkameztiak eta enbor lodiko pagoak gogaide, Kapildui mendiko Erdi Aroko gaztelu zaharraren hondarretaraino igoko gara ibilbide honetan.

ERROTA ZAHARRA. Arluzeara bertaratzeko, Trebiñura doan errepidea hartu behar dugu Gasteizen. Hala, Armentiako bentetara iritsita, ezkerrera egin eta Argote igaro eta berehala Markinez eta Arluzeara doan errepidea ikusiko dugu. Erromaniko ederra erakusten duen San Joan baselizaren ondotik eta haitzulo artifizial batzuetatik igarota iritsiko gara Arluzeara.

Eskola zaharrean hasiko dugu ibilbidea. San Martin elizara heldu baino lehenagoko bidebanatzean, ezkerrera egin eta, pista asfaltatu bati jarraituz, goratasuna hartzen hasiko gara. Herritik aterako gara jada, eta Pika talaia inguratzen hasiko. Burdinazko langa bateraino eramango gaitu landa bide batek; Errotako ibarrerantz ondoren. Arluzeako errota zaharra hurbil dago. Hura ikuste aldera, ertz paretik doan xendari men eginez segituko dugu, erreka pasatu gabe. Bost minutu nahikoak dira orain dela hamarkada batzuk arte jardueran zegoen errota ttipiraino. Tamalez, urtea joan urtea etorri, sastraken eta belar gaiztoen paradisu bilakatu da ondare hidraulikoa. Orain hamabost urte eginiko inbentario batean, berriz, errotaren, ubidearen eta presaren egoera ona zen. Atzean gelditu dira, hortaz, eiheraren garai onak, ganaduarentzako pentsua xehatzen hamaika bider jo eta su aritu ondoren. 3.000 kilo pentsu birrintzeko adina indarra omen zuen barruko harri astunak, metro eta erdiko diametrokoak. Errotaren lan isila aspaldi zen ezaguna Arluzean. Izan ere, 1802ko estatistika batean agertzen dira haren jarduerari buruzko lehen datuak, Ruiz de Arkaute bizilaguna alkate zela.

Kuboa edo ur-biltegia arrailduraz josita dago egun, errotarrira ura bideratzeari aspaldi utzi baitzion ubideak. «Garai batean haur guztiak errotako ur-biltegira joaten ginen udako bero sapa arintze aldera. Ubidea eta presa utzikerian erori direnetik, berriz, ume algararik ez da jada aditzen». Holaxe, otzantasunez, errota maiteaz mintzatu zaigu ogitara herriko plazara jalgi berri den bizilaguna.

HARRIZKO BUZTANA. Errotatik bide nagusira jaitsi eta, erreka zeharkatu bezain pronto, eskuinera egingo dugu behe ibarrean gora egiteko. Izki natur parkean sartuko gara; bide seinale batek hala adierazten du eta. Ezpelen eta pago sendoen artean abiatuko gara errekaren konpainian. Uraren zaratarik sumatzen ez dugun arren, korrontearen harrabotsa igartzea errazago zaigu ibili ahala. Lehen ur-jauzia, akaso deigarriena, bat-batean azalduko da. Hezeguneaz gozatze aldera, xendatik irtengo gara eta eskuinetik ikusitako bidexka bati ekingo diogu. Beheranzko bidexka hura ikusi ezean, ez larritu, erreferentzia bat izango baitugu bide nagusian: ur bazterrera doan xendaz ohartuko gara, hain justu, bidebanatze batera iritsi baino lehenago.

Urak zortziren bat metroko jauzia egiten du hantxe, eta putzu txiki batera biltzen da ur emaria ibarretik segitu aurretik. Harrizko buztan baten gainetik labain egiten du ur lamina finak, ezpelak, zuhandorrak, hurritzak eta erkametzak nagusi diren txoko ederrean. Paraje polit horrek badu, gainera, babesleku bat. Aterpe xelebrea ur korrontearen ondoko haitzean ikus daiteke.

KAPILDUI TONTORRERA. Ur-jauzitik bide behinenera igoko gara eta, aldameneko bidebanatzera iritsita, errekastoaren ondotik segituko dugu. Pago erori baten aldamenetik igaroko gara ondoren, eta ertzaz aldatuko gara aurrerago. Errekatik aldendu gabe jarraituko dugu harik eta ur gainean enbor zahar bat ikusi arte; ertzaz aldatuko gara berriz ere. Hala, estugune batera iritsitakoan, gora egingo dugu, bigarren eta azken ur-jauzia aurrez aurre izango dugu eta. Eihar frantsesak, erkametzak, hurritzak eta pago xumeak ikusiko ditugu sakan horretan.

Errekastoari men eginez, goratasuna hartzeari ekingo diogu. Arretaz jarraitu beharra dago orain, bi errekastoren elkargune batera helduko baikara laster batean. Ezkerreko ibarbidetik hartuko dugu, eta ipar-mendebalderantz joango gara. Pagadian barrena igoko gara pista belartsu bat ikusi arte. Errekaren konpainiatik aldenduko gara orduan, eta pistari jarraituz, gora eta gora egingo dugu Fuente Friako porturaino. Mendebaldera egingo du pista zabalak, Izartzako eta Okinako barrutirantz. Handik segitu ordez, eskuinera jo eta hesi baten paraleloan joango gara. Minutu batzuen buruan, Kapildui tontor industrializatuan izango gara. Hedagailu bat eta radar bat ikusiko ditugu mendi-postontzi ttipiaren ondoan. Frantsesen aurkako gerra garaian talaia ederra izan zen. Arluzeako artzain Jesus lagunak entzunda zuenez, «gailurretik eginiko tiroak Gasteizko lautadaraino iritsi egiten ziren, hots, bost kilometrora lerro zuzenean».

GAZTELUTIK HIRIBILDURA. Gainaldeko zerbitzuko pistatik jaisten hasi eta lehen bihurgunera iritsitakoan, zuzen jarraituko dugu, hegoalderantz. Pista belartsua da, eta mendilerroko hesia ukitzera iristen ez den arren, haren aldamenetik igaroko gara beherago. Gailurretik ordu erdira edo, metalezko langa bat zeharkatuko dugu La Quemada-ko parajean. Aurrera egingo dugu bidebanatze bateraino. Bide sardan eskuinera joko dugu eta harresi eta pago sendo baten ondoraino segituko dugu. Ezkerreko bideari ekinez, larreetan barrena joz, Pabloren edo Poliren etxolaren ondotik igaro eta Arluzeara iritsiko gara Rebidiko bide zaharretik.

ur-jauzia, datuetan

Ur-jauzia: Errotako erreka

Erreka: Errotako erreka

Herrialdea: Arluzea, Araba

Mendilerroa, mendia: Gasteiz Mendiak

Ur-jauziaren neurria: 8 metroko bi jauzi

Gomendioak:

-Ura eta hamaiketakoa eraman

-Hezeguneak errespetatu

-Izki natur parkean murgilduko gara. Naturgunea kudeatze aldera araudi berezia ezarri du Arabako Diputazioak.

-Errota atzeko presa eta kuboa egoera txarrean dagoenez, tentu handiz ibili beharra dago han.

-Kapildui mendia segurtasun eremu bateko muga-mugan zutitzen da. Hori dela eta, gailur ondoko hesia ez igaro.

Atzean geratu dira errotaren garai onak: 3.000 kilo pentsu birrintzeko adina indar omen zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.