INFERNUKO UR-JAUZIA. Etxebertzeko Borda jatetxearen atzealdetik hasiko dugu Infernuko errotara doan paseotxo leuna. Hala, langa eta erreka zeharkatu gabe, eskuinera egin eta errekastoaren konpainian hasiko gara. Haritzak, haltzak, gaztainondoak, pagoak eta lizarrak gogaide, bi errekastoren elkargune batera iritsiko gara berehalakoan. Infernuko errekak, erreka nagusiak, ezkerretik segitzen baitu, ezkerrera egingo dugu guk ere. Beste bidebanatze batera iristean, ezkerretik jarraituko dugu seinaleak adierazten duen legez. Ur ertzetik aldendu gabe Infernuko errotara iritsiko gara. Errotak berak arreta guztia bereganatzen badu ere, ur-jauzia ere ez da nolanahikoa. Buztan zuria indarrez amiltzen da eta ur emaria putzu biribil batean ederki kiribiltzen da. Ur maila txikia denean, ur-jauziraino hurbiltzea posible da; ur-jauziaren indarra eta perspektiba zeharo desberdina da behealdetik. Egoera horretan, seguruenera, Infernu hitzaren adiera esanguratsua interpretatzen asmatuko dugu. Alabaina, Zugarramurdiko sorginen aferarekin lotu izan dute hainbat ikertzailek. Iluntasuna eta landaretza trinkoa ikusita ez da harritzekoa, ez jauna!
INFERNUKO ERROTA. Bistan denez, sakan estuaren ezpondetan egokitu zuten aspaldi errota txikia (160 urte baino gehiago omen ditu). Errekak sorrarazten duen ur-jauzia baino ez zuten baliatu errota eraiki zutenek, presarik edo ur-biltegirik eraiki gabe. Ur emari gutxi baina etengabea, eta nahikoa omen zen errotarria behar beste mugiarazteko. Makinaria pisutsuari eusteko moduko oinarri sendoa egokitu zuten, beraz, Infernuko sakan estuan: alde bat harrian ondo atxikita eta bestea Etxalar eta Orabidea lotzen dituen bidexkaren ondoko ezpondari hertsiki lotuta. Ezin errazagorik. Eraikin xumea bukatzeko, harrizko bi horma eta haritzezko eta gaztainazko estalki sendoa moldatu zituzten gainean. Gaur egunean ez bezala, eiherazainak gau eta egun egon behar izaten zuen errota barruko sukalde txikian, errotariak birrinduriko ale kopuruaren araberako ordainsaria zuen eta. Vidal Perez ikertzailearen aburuz, Infernuko errotako zainaren kasua bestelakoa izan zen, etxera lo egitera joaterik zuela, errota ttipiak lan handirik ematen ez zuelako.
Jose Mari Argarate Etxebertzeko Bordaren nagusia da, eta bere ekimenez, erortzear ikusi zuen Infernuko errota erosi eta zaharberritu zuen orain sei urte. Harrezkeroztik, ibiltari ororen gozamenerako irekita uzten du errotako atea. «Asko gustatzen zaio jendeari errotaraino joatea; berehala zaude han eta bidea ederra da». Infernuko errota egoera kaskarrean izan aurretik, Arraiozko eta Lekarozko bi baserrik erabili omen zuten arto aleak xehatzeko. Lagun horiek utzi zutenean, Orabide auzoko beste baten eskuetara pasatu zen errota, baina, arrazoi batzuk tarteko, bertan behera utzi zuen zaharberritzeko plana. Alabaina, hutsune hori baliatu zuen Argaratek bere ametsa gauzatzeko. Aukeraegokitu zitzaionean, buru-belarri ekin zion lanari, errota behialako estilora altxatua berriz ikusi arte. Gaur egun ezinbesteko erreferentzia da Baztan aldean. Egitura berezia erakusten duen errota horren berri izaten baitu jendeak, gero eta naturzale gehiago bertaratzen da jakin-mina asetzearen kariaz. «Gaur bertan 45 laguneko talde frantses bat etorri da Etxalarretik, oinez. Behe ibarretik etorri dira eta larrean gora Baztanen bordaraino igo dira. Eguraldi ona izan dute, hori bai!», azaldu zuen Argaratek.
INFERNUKO ERREKATIK ETXALAR ALDERA. Behin errotara iritsita, ibiltzeko gogorik izanez gero, Etxalarrera jaisteko aukera ederra dago. Kilometro batzuk dira, bai, baina Etxalarren edota Etxebertzeko Bordan indarberrituz gero, egun-pasa ederra pasa liteke Baztango lurretan. Hala gauzak, errotatik metro batzuk egingo ditugu Etxebertzeko Bordarantz, eta lehen bidebanatzean ezkerrera jo eta igotzen hasiko gara. Aldapa amaituta, ipar-mendebalderantz egingo dugu ibar nagusiari jarraikirik. Zehar-zehar egiten hasiko gara pagadiak eta haritzak lagun. Bidebanatze batean ezkerrera egingo dugu eta Baztanen bordara iritsiko. Borda igaro ondoren, antzina egingo dugu Orizki alderantz. Ibilbide luzea egin eta gero, Altxateko errekaraino eramango gaitu basoko pistak. Hura zeharkatu eta gorantz egingo dugu Orizko leporaino. Errepidetik edo metro batzuk beherago doan basabidetik jarraituko dugu Etxalarreraino. Xoxaxuriko bordara helduko gara asfaltoan minutu batzuk eman ostean. Infernuko errekaren ondo-ondoan gaudela, errepidetik irten eta, erreka pasatu gabe, bide harriztatuan aurrera egingo dugu. Antsolokueta auzotik sartuko gara Etxalarren.
Bide beretik egingo dugu Etxebertzeko Bordara bidea.
Errekak sorrarazten duen ur-jauzia baino ez zuten baliatu, presarik edour-biltegirik eraiki gabe
ur-jauzia, datuetan
Ur-jauzia: Infernuko ur-jauziaErreka: Infernuko erreka
Herrialdea: Nafarroa
Mendilerroa, mendia: Baztan
Ur-jauziaren neurria: 6/8 metro
Gomendioak:
Ura eraman, Etxalarrera joan nahi izanez gero
Errota irekita dago. Ondare hidraulikoa errespetatu
Etxalarren nahiz Etxebertzeko bordan indarberritzeko aukera dago