Beherago, Iturrietatik Maeztura doan errepide estuaren ondo-ondoan, ur putzu sakonak osatzen ditu Igoroin berak. Pocilones izena hartzen du bazter horrek eta errepide ondoko harri xelebre batek irudi polita osatzen du. Politikarien ahotan maiz izan da Igoroingo behealde hura, errepidea zabaltzeko egitasmo suntsitzaile bat abian jarri nahi zutelako. Zorionez, Biltzar Nagusiek atzera bota zuten egitasmo hura 2006ko martxoaren hondarrean. Besteak beste, egin nahi zuten obrak igarabaren bizilekua arriskuan jarriko zuela argudiatu zuten talde ekologistek. Arabako Paisaia Bikain eta Berezien katalogoan jasota baitago esparru hori, Biotopo izendapena aldarrikatu zuen Biltzarkideen gehiengoak. Alabaina, Diputazioak ekainaren azken eguneko batzarrean jakinaraztera eman zuenez, baliabide mekanikoak erabiltzeko prest azaldu da zirkulazio gutxi duen errepide hura egokitzeko. Pocilones-ko estugunea, hortaz, urakanaren begian dago.
SANTO TORIBIO ETA SANTA PIA. Igoroingo goi-ibilguaz gozatzeko Santo Toribio izeneko baselizan hasiko gara oinez. Zekuianotik Musitura doan errepide bazterrean ikusiko dugun ermita xumea da.
Garai batean Laminoriako Erret Harana osatzen zuten inguruko herriek eta antolatzeko modu berezi hura gogora ekar dezakeen elementu bakarra Santo Toribio bera dugu. Izan ere, ermita ondoko babeslekuan batzarrak ospatu ohi ziren. 50-60ko hamarkadan, Laminoriako udalerria deuseztaturik, Gasteizko Edurtza mendi taldeko Jesus Markinez presidente eta mendizale nekaezinaren ekimenez, aterpe gisa erabiltzeko aukerari onura ederra ateratzen asmatu zuen. Gasteiztik Lizarrara abiatzen zen tren txikitoa baliaturik, txangoak eta zeharkaldiak burutzeko xedez, makina bat mendizale bildu ohi zen Santo Toribiokora. Gaur egun ahaztu egin da baseliza. Joan den mendeko mendizale uholdeak baretu dira, tamalez. Laminoriako harrobietara doazen kamioiek hautsez eta zaratez janzten dute paraje eder hori.
Errepidetik egingo ditugu lehen urratsak, Musiturantz. Arabako Mendialdeko bira zidorrari dagozkion bide seinaleak agertuko dira. Zutoin pintura horidunei jarraikiz, errepidean gora hasiko gara. Eskuinetik ikusiko dugun lehen desbideratzea bazter egingo dugu; izan ere, bidea errekara doa eta hura behin zeharkatuta, Santa Pia izena zuen errotaren kokapeneraino. Harri batzuk eta mendi aterpe ziztrin bat baino ez ditugu ikusiko han. Historikoki garrantzi handiko lekua izan omen zen hura. Historialariek diotenez, Erdi Aroan Santa Pia Abadetxea bertan altxatu zen Laminoriako Erret Haranaren gorabehera erlijiosoak eta zibilak gobernatzeko xedez.
Errepide ondoko harrobi txiki batera iritsitakoan, eskuinera egingo dugu eta uraren ertzera jaitsiko gara. Igoroin errekak sorrarazi duen arroila ederra aurrez aurre izango dugu. Urratsak erreka paretik egingo ditugu. Landaretza alderantzikatuari erreparatuko diogu behe ibarrean. Behe garaierarekin bat egiten duten erkametz eta ezpelez gain, hezeari eta goratasunari lotuta diren beste espezie batzuk ere ikus ditzakegu hantxe; pago sendoak, besteak beste.
IGOROINGO HERRI HONDARRAK. Erreka ondotik minutu batzuk eman ostean, ezkerrera bihurgune bat egingo du bideak. Erreka bazterretik ibiltzeari utzita, hor, goratasuna hartzen hasiko gara bide zabalari men eginez. Musituko errepideraino igoaraziko gaitu xenda eder batek. Eta errepidean aurrera ehunka metro eginda, edateko leku, iturri eta ikuztegiraino. San Martin eliza alderantz abiatuko gara. Hara heldu baino lehenagoko bidebanatzean, ezkerrera egingo dugu. Herriko bazter ugariren eta Igoroingo arroilaren gaineko ikuspegi politak izango ditugu goratasuna hartzen dugun heinean. Basoan sartzeaz batera, langa zahar bat zeharkatu eta bide nagusitik beherantz hasiko gara. Arroilaren bista galantarekin, ibarraren hondoraino jaitsiko gara. Pinudi baten babespean sartuko gara aurrerago, errekarekin bat egin bezain pronto. Eskuineko ibar xume batetik jauzika jaisten den Bojal errekastoaren gaineko zubitxo bat zeharkatuko dugu gero. Adi ibili beharko dugu aurrerago, Igoroingo errota zaharra errekaz bestaldean ikusiko badugu. Oharkabean igaroko litzateke bide ondoko mugarri txiki batengatik ez balitz. Ertzaz aldatzea zaila izaki, pinuditik izango dugun ikuspegiarekin konformatu beharko dugu. Joan den mendearen 80ko hamarkadarako zeharo hustua zen errota. 1930eko erroldaren arabera, zortzi lagun bizi ziren han.
Izei batzuk hazten direneko eremu batera helduko gara. Igoroin herri hustuaren azken hondarrak hantxe ikus ditzakegu, landaretzak irentsita. Gerardo Lopez de Gereñu etnologo jakintsuak herrixka horren datu xumeak jakinaraztera eman zituen aspaldi argitara eman zuen Mortuorios o Despoblados liburuan. Gereñuk berak dioenez, Igoroinen zegoen azken etxeak suaren eragin latza pairatu zuen orain hamarkada batzuk; hori dela eta, hondar xumeak besterik ez da gelditzen han. Bi bizilagun omen zituen XIX. mende hasieran, eta, 50 urte geroago, lagun bakarra. San Martin elizaren arrastorik ez da sumatzen jada; izan ere, 1784rako harri hondarrak baino ez ziren gelditzen eta jatorri erromanikoko harri puskok txabola bat konpontzeko erabili ziren. Horma erori bat baino ez dago gaur egunean, eta iturri bat Erroetarako bide zaharraren ondoan.
UR-JAUZIAK BEGI BISTAN. Behe ibarrean aurrera egingo dugu xendari jarraituz. Nahiz eta arriskutsua ez den, tentu handiz ibili beharra dago orain; izan ere, goratasuna hartuko dugu eta bidexkaren egoera ez da espero bezain ona: luiziak etengabe gertatzen dira Igoroingo mazeletan. Bidexkak igoaraziko gaitu ur-jauzi txiki bezain deigarri baten gainera. Aroaren arabera ur asko eta indarrez amiltzen da handik. Ur-salto horretan mosketoien eta soken lagunek hitzordu dibertigarri bat izaten dute uda partean. Bigarren ur-jauzia, handiena, ibarraren erdi-erdian dago eta lehen jauzitik ikus daiteke. Sigi-saga egingo du bidexkak gero arroilatik atera arte. Goialdeko soroak inguratuz, ur-biltegi baterantz abiatuko gara. Erroitegiraino segituko dugu gero.
Santo Toribio baselizara itzulera ibilbide beretik egingo dugu.
ur-jauzia, datuetan
Ur-jauzia: Igoroin.Erreka: Igoroin.
Herrialdea: Musitu eta Erroitegi herrien artean, Araban.
Mendilerroa, mendia: Entzia mendiguneko mendebaldean.
Ur-jauziaren neurria: 10 metro.
Gomendioak:
-Ura eta hamaiketakoa eraman.
-Igoroingo errota egoera txarrean dago, erortzeko zorian. Kontuz ibili, beraz.
-Sakan basatia ez bada ere, kalitate handiko paisaiaz gozatuko gara. Errespeta ezazu natura.
Laminoriako Erret Haraneko antolaketaren lekuko bakarra da Santo Toribio baseliza
Pocilonesen, errepidea zabaltzeko proiektu suntsitzaile bat aurrera eramatekotan egon ziren
Igoroingo azken etxeak suaren eragina jasan zuen duela asko; orain hondar xumea besterik ez dago