UDAN BAI. UDAN BAI

HARAT-HONAT. Zeruraino, pedaletan. Amets bat gurpiletan (IV). Txiletik Boliviara joateko igo egin behar da. Ez dago beste aukerarik. Eta igotzeko asko dago gainera, barneratzen den tokitik barneratuta ere. Nik Arikatik La Pazera, Chungarako aintziratik igarotzen den bidetik joatea erabaki nuen, eta itsasotik zerura igotzea zer den ikusi eta ikasi nuen.

inaki petxarroman
2006ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Arika Txileko iparraldean dago, Peruko mugan. Peruren agindupean zen hiria 1880ko ekainaren 7ra arte. Egun horretan, Txileren lurralde izatera igaro zen, Pazifikoko gerraren ondorioz. Kostaldean da hiria, eta inguru guztia basamortua du. Arikan izan naizen egunetan itsasoaz gozatzeko azken aukerak aprobetxatu ditut. Azkenik, nagiak gainetik kendu, eta abiatu naiz, goiz-goiz. Poconchilerainoko bidea erraza da, Lluta ibaiaren ibilbideari jarraiki baitoa, pixkanaka-pixkanaka Andeetako mendikatean barneratzen. Igoera oso leuna da, eta ia ez da sentitu ere egiten. 500 bat metro egin ditut gora. Kontuak egiten hasi, eta edozein tokitatik hasita ere, ez dira kontuak ateratzen, 4.300 metro geratzen zaizkit igotzeko.

Buelta asko eman dizkiot buruari Poconchilen, 40. kilometrotik 100. kilometrora, alegia, 60 kilometroan 2.800 metro egin behar baitira gora. Eta ingurunea basamortua da, alegia, idorra, eta ura ez da inon aurkitzen ahal. Ez arriskatzea erabaki dut, eta Arikatik Putrera egunero joaten den autobusa hartzea erabaki dut. Pukara de Copaquilla izeneko bazterrean utzi nau autobusak, 3.200 metro inguruan. Hemen oxigeno gabezia nabaria da dagoeneko, eta mendi garaietan kolore berdea nagusitzen hasten da. 40 bat kilometrotan Putre herrira heldu naiz, 3.600 metrora. Bidea ona da, eta paisaiak zoragarriak: behin baino gehiagotan ikusi ditut guanakoak bide bazterrean, eta ia autorik ez da igaro. Soilik autobus eta kamioiren bat noizean behin, egiten ari naizen «balentria» dela-eta animoak ematen dituztenak.

Putren garaieraren ondorioak nabaritu ditut gauean: buruko mina eta arnasa hartzeko zailtasuna. Baina goizeko hotzarekin batera, errepidean gora abiatu naiz berriro. Errepide zaharretik joan naiz, eta desnibel itzelak aurkitu ditut; behin bahino gehiagotan jaitsi behar izan dut bizikletatik, oinez aurrera egiteko. Las Cuevas inguruneko bazterrean, 4.310 metrora, ederki noa, eta alturak ia ez dit eragin oraingoz. Tarteka-tarteka, ordea, koka hosto batzuk ahoratzen ditut, indigenen ohiturari jarraiki. Parinacota, Caquena, Nasahueto eta Visviri herrixketako bidegurutzean Pomerape eta Parinacota mendi zuriak ageri dira, begien gozagarri. Halako batean, errepideak gora egiten du, eta bere garaierarik handiena hartu: 4.800 metro. Hortik, behera egin behar da Chungara aintzirara heldu arte. Han, bistak zoragarriak dira, begiak edozein norabidetara bideratuta ere. Conaf Txileko Ingurumen Ministerioaren mendiko aterpea itxita dago, eta kanpadenda jarri behar izan dut, 4.600 metro inguruan: gauak ez du barkatu. Bidaia osoko gaurik hotzena izan da, inongo dudarik gabe.

Hurrengo goizean, eguzkiaren lehen printzekin batera, Boliviako mugara abiatu naiz. Lehenik Txileko Poliziaren kontrola igaro dut, bazter guztietan pilatzen diren kamioiren artean. Ondoren, Boliviakoa pasatu dut, Tambo Quemado herrian. Herri horretatik aurrera, Sajamako Parke Nazionala hasten da. Sajama Boliviako mendirik garaiena da (6.520 metro), eta irudi ikaragarria du errepidetik. Llamak, bikuinak, mendi garaiak non-nahi eta lautada zabalak: nire ametsetako bat betetzen ari da, eta oso sentsazio bereziak izanditut: Boliviako goi ordokira heldu naiz.



GOI ORDOKITIK LA PAZERAINO. Curahuara de Carangas herriraino arratsaldeko lehen orduetan sartu naiz. Herri txikia da, Oruro probintziakoa, eta, jakina, hemen denak indigenak dira, aimarak. Ez da erraza indigenekin hitz egitea, itxiak dira, eta mesfidatiak, eta iritsi naizen bezala, martetarra naizen sentsazioa sartu zait. Hurrengo egunetan, sentsazio hori handiagotu egingo da, La Pazeraino iritsi arte.

Inauteriak ospatzen ari dira Boliviako goi ordokian. Toki guztietan entzuten dira musika eta festaren oihartzunak. 4.000 metro inguruan bada ere, erraz noa bizikletarekin, eguneko 100 kilometro inguru eginez. Modu horretan, uste baino lehenago iritsi naiz La Pazera.

La Paz 3.600 metro inguruko hiria da. Izugarria da bere ikusmira El Altoko hiriko talaiatik. 5.000tik gora mendiak ditu alde guztietan, eta 4.000 metrotik beheraino, etxeek hartzen dituzte mendien hegal aldapatsu guztiak. Inauteriak ospatzen ari dira hemen, eta harritu nau alkoholaren kontsumo deskontrolatuak. Sentsazioa daukat mundu guztia mozkortuta dagoela hemen, baita gure inguruetan behin ere mozkortuta ikusten ez ditugun 60 urtetik gorako emakumeak ere. Non-nahi ageri da festaren arrastoa, baina baita herrialdean gertatzen ari den aldaketa politikoarena ere. «Evo presidente», «El pueblo con Evo» (Herria Evorekin) eta halako pintaketak ikus daitezke non-nahi. Jendea itxaropentsu dago, eta historian lehen aldiz haietako bat, alegia, indigena bat, herrialdeko lehendakari izatea harrotasunez hartzen dute gehienek. Harritzen nau, ordea, zer ziurtasunez esaten duten: «Evo herriak eraman du lehendakari izatera, baina hitzartutakoak ez baditu betetzen, herriak berak kenduko du bere tokitik»; bati baino gehiagori entzun nion mezu bera Bolivian izan nintzen hilabetean. Hilabeteotan egin dituen batzuek (erregaien nazionalizatzeak eta nekazari lurren banaketak, besteak beste) erakusten dute Evo Moralesek asmoa duela hauteskunde kanpainan hitz emandakoak betetzeko.

La Pazen egun pare bat igaro eta gero, Titikaka aintzira aldera abiatu naiz. Titikaka Hego Amerikako aintzirarik handiena da, eta munduko garaiena. La Pazetik Tiquinara joan naiz aurrena, eta handik Copacabanara. Azken herri horretan, Eguzkiaren eta Ilargiaren uharteak bisitatu ditut, eta Inken zibilizazioak inguruotan utzitako arrastoa ezagutu. Izan ere, Inkentzat Titikaka laku sakratua zen.

Beste bi egun behar izan ditut Copacabanatik Punora iristeko (Peru), Titikakaren ertzari jarraiki. Punon egun batzuk atsedenean igaro eta gero, autobus bat hartu, eta Cuzcora abiatu naiz, Machu Pichu ezagutzeko asmoarekin.

Gizaki zuriek ez zuten Machu Pichuren berri izan 1911. urte arte; Inken hiri ezkutua da

4.310 metrora ederki noa, alturak ez dit ia eragin; tarteka koka hosto batzuk ahoratzen ditut

Inken hiri sakratura

Machu Pichu (Mendi Zaharra) inken hiri ezkutua da, eta gizaki txuriek 1911 arte ez zuten haren berririk izan. Ez da askorik jakiten hiriari buruz, Inkek ez baitzuten idatzitako lekukorik utzi. Itsasoaren gainetik 2.300 metrora dago, eta inken hiri sekretu eta sakratua zen. Hara iristeko, bi modu baino ez daude: Inken Bideari jarraiki, edo Ollantantaibotik trena hartzea Aguas Calientes-eraino.

Inken Bidetik joateko mugak jarri dituztenez, lau egun itxaron behar nituen Cuzcon, eta, ez itxoitea erabaki nuen. Cuzcon bi turista txiletar ezagutu nituen, eta haiek Aguas Calientesera zuten iristeko asmoa gustatu egin zitzaidan: trenbidetik oinez joateko plana zuten. Horretarako, baina, gauez joan behar da, trenbidea zaintzen duten zaindarien zaintza saihesteko. Jende asko joaten da modu horretan, batez ere trenak kobratzen dituen 30 dolarrak ordaindu nahi ez duten turista hegoamerikarrak. Izarren eta ilargiaren laguntzarekin abiatu ginen Urubamba ibaiaren ertzetik doan trenbidetik, 23:30 aldera. Bidean siesta pare bat eginda ere, oso gogorra egin zitzaigun bidea. Trenbidetik harri solteen gainetik ibiltzea, oso deserosoa baita. Goizeko lehen orduetan bukatu genituen Ollantantaibotik Aguas Calientesera joateko dauden 35 kilometroak, lur jota. Lo kuluxka bat egin, autobusez abiatu ginen Machu Pichura. Toki izugarria da inken hiri galdua. Beti Huayna Pichuren (Mendi Gaztea) itzalpean, mendi garai eta amildegi bortitzen talaian aurki daiteke naturaren eta gizakiaren lanaren bat egitea modu ikusgarrian azaltzen duen munduko toki magikoenetako bat. Orduak azkar joan dira, eta sentsazio gazi-gezarekin goaz denak, hau esanez: «Gustura itzuliko ginateke bihar, hona sartzea merkeagoa balitz». Baina, beharbada, sekula ez dugu berriro ikusiko Machu Pichu, irudien memorian garden gordeko badugu ere, inkek beraiek gorde zuten bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.