Oso leku preziatua da Erronkari; horren izena aipatze hutsak inguruaren ezaugarriak ekartzen dizkigu gogora; bai mendiarekin eta naturarekin zerikusia dutenak, bai artzaintzarekin eta horien lanaren fruitu diren gazta gozoekin, bai eta herritarren ohiturekin, horiek gaur egun gutxi badira ere. Leku lasaia da berez, gertaera edo egun gogoangarri gutxi izan dituelako. Izan ere, XVI. mendearen hasieran izan zen haraneko gertakari historiko nagusia, Albreteko Juan gaztelauek kendutako Nafarroako lurrak berreskuratzen saiatu eta borroka galdu zuenekoa, Erronkariko Bataila izenekoa. Egun Erronkaribarko Batzarra denak ere iraganera garamatza, 1345. urtera; garai hartan onartu zuten haraneko ordezkariek Batasun eta Erregimen Kontratua, eta haren ondorio dira abeltzaintzaren eta nekazaritzaren -jarduera nagusiak- inguruko arauak. Hala ere, nahiz eta haranak kudeaketa organo bat eduki,horrek ez zion eman Nafarroako Gorteetan ordezkaritza izateko eskubidea. Irrikaz nahi zuten hori herritarrek, baina behin eta berriz ukatu zieten hori, 1785ean, azkenekoz.
Beraz, mendiko lanbideek izandako bilakaera eta hizkuntza dira, besteak beste, haraneko erakargarritasun historiko nagusiak. Zubereraren antz handiago du inguru horretako euskarak, Nafarroako gainerako eskualdeetako euskararena baino. Iparraldeko auzoekiko harremanen ondorio da hori; izan ere, hegoaldeko auzoekin baino merkataritza harreman handiagoa izan zuten horiekin hainbat urtean. Guztiz kontrakoa uste bada ere, batu egiten dute mendiek, ez bereizi; hizkuntzari dagokionez, herrietara sartzerakoan ikus daitezkeen karteletan agertzen den Onki xin hori da horren adibide. Erronkariarrakharro daude euskara berreskuratzen ari direlako, orain gutxi arte ia galduta baitzegoen. Hainbat herritar taldek berreskuratu dute dagoeneko, eta luze iraungo duela dirudi.
Antzinako lanbideei dagokienez, nahitaezkoa da horietako bi aipatzea. Batetik, baso trinkoen ustiaketa. Almadiak erabiltzen zituzten antzina, enbor horiek ibaian behera garraiatzeko. Basoko zuhaitzak moztearekin batera hasten zen prozesu luzea enbor horiek almadia osatu eta almadizainak ibaian barrena gidatzen zituenean amaitzen zen. Burgi da erreferentzia almadiei dagokienez, eta almadien jaistea izaten da bertan urtero. Ikuskizun aparta bihurtu da hori Nafarroako jaien egutegian.
Bestalde, Erronkariko artzainen irudi enblematikoaeta horien lanaren emaitza den gazta ospetsua ditugu. Larreetan barrena ibilbide luzea egin ondoren, gazta egiten dute artzainek ardi latxen esnearekin. Horiek horrela, Bardeko lur lehorretara transumantzia egiteko ordua heltzen da Belaguako zelaiak elurrak estaltzen dituenean, artaldeen neguko etxoletara. Nafarroako hegoaldeko larreetara jotzeko eskubide hori882. urtean eman zieten erronkariarrei; itxura denez, gerran egindako merituengatik. 130 kilometro inguruko ibilbide horiErronkariarren Abelbidean barrena da. GR gisa seinalatuta dago, eta Erronkari mutur batetik bestera zeharkatzeko aukera ematen du.
Abeltzaintzarekin eta larreekin lotuta baita ere, oso antzinakoa den ekitaldi bat egiten dute Erronkarin: Hiru Behien Zerga. Gerrako zerga dela diote batzuek. Uztailaren 13an egiten dute, San Martingo Harriaren inguruan, Nafarroaren eta Baretousen (Biarno) arteko mugan. Aspaldiko ohitura bati jarraituz,Baretousko haranek hiru behi ematen dizkiete erronkariarrei, haien larreak erabiltzearen truke. Eta bakea zin egiten dute adiskidetze ekitaldi batean, biarnoarrek zerga ordaindu nahi ez izateagatik XIV. mendean izandako liskarren ondoren. Horrek erakusten du askoz ere lehenagokoa dela ohitura hori, eta horren benetako arrazoiaren inguruko misterioa gordetzen du.
ERRONKARI, HEGOALDETIK IPARRALDERA. Ezka ibaiak -paradisua da arrantza zaleentzat- Burgi hegoaldeko horma arrokatsua zulatzen du, eta obra naturala sortzen: Burgiko arroila, urak kontu handiz irekitako tartea. Natur erreserba da inguru hori, hegaletako landaretza askotarikoagatik eta hegazti fauna bereziagatik; sai arrea da ugariena, baina ugatzak, belatzak edota miruak ere aurki daitezke.
Ezka ibaiaren ezkerreko ertzean dagoen bidezidor batetik sar daiteke Burgiko arroilara, Burgiko Erdi Aroko zubiaren beste aldean eskuinera. Bidezidor horren hasieran, almadiek zer-nolako neurria zuten ikus daiteke. Pixka bat aurrerago, eraikin baten aurretik pasata, Burgiko Erdi Aroko elurgunera iritsiko gara. Teilatu baten azpian dagoen horma zilindrikoa da elurgunea; lur azpian sartzen da eta neguan bildutako elurra eta izotza gordetzeko freskura eta baldintzak ditu. Gero, hainbat gauzatarako erabiltzen da hori, osasungintza eta sukaldaritzarako, besteak beste. Aurrerago, karea egiteko labe bat aurkituko dugu eta, ibilbidea luzatuz gero, arroilaren gainean dagoen begiratoki batera ailegatuko gara; hegaztien hegaldia ikusteko modua emango digu horrek. Ibaiaren ezker ertzeko ezkerreko bidetik Basariko pinudian sartzen dena eta herriaren hegoaldeko sarreran dagoena, Arandariko amildegitik barrena doana, dira Burgi inguruko beste bidezidorrak.
Burgiri dagokionez, almadizainen herriari -almadien museoa dago udaletxean-, hainbat kale mailakatu ditu mazelan gora, eta San Pedroko kanpandegiaren inguruan daude bilduta etxeak. Elizan, handik hurbil dagoen Leireko monasterioko organoa ikus dezakegu; Mendizabalen Desamortizazioaren ondoren utzi zuten, eta, gero eliza horretara eraman. Izabarako errepidetik Burgiko iparralderantz saihesbide bat aurkituko dugu; Erronkari baino pixka bat lehenago, Garderantz. Intxaurrondoek edertzen dituzte harrizko etxeak, eta berrehun urteko ale bat ere badago.
Erronkari da hurrengo herria, haraneko hiriburua, eta horren izena Gayarre familiari lotuta dago nahitaez; Julian Gayarre tenoreari batez ere. Hari eskainitako Museo Etxe bat ere bada, haren ibilbidea ezagutzeko aukera ematen duena;mausoleoa ere badu hilerrian, bai eta bustua ere pilotalekuaren alboan, bere sorterriko auzoei utzitakoa. Bestalde, Natura Interpretatzeko Zentroa eta Oroimenaren Etxea daude horma arkudunek eta balkoiek estutzen dituzten Erronkariko kale makurtuetan; inguruko natur eta kultur balioak zabaltzea da horien egitekoa.
Ezka ibaiaren kontrako norabidean jarraituz gero,Urzainkitik pasatuko gara; ibaiaren beste ertzean pilatutako jauretxe sendoen artean paseatzeko gogoa ematen du; kanpandegi sendo bat ere bada. Lau kilometro aurrerago Izaban sartuko gara; Euskal Herriko Idoia guztien Ama Birjina du zaindari, eta, bertako arkitektura tradizionala dela eta, hainbat pelikulatan agertu da. Teilatu oso pikoak eta teila batekin estalitako tximiniak dira Izabako jauretxe berezien ezaugarriak; atariak lotzen dituzten kaleak, berriz, estu-estuak eta makurtuak dira Herriaren inguruko oihanek eta San Cipriano kanpandegi ederrak koadro bikaina osatzen dute; leku batzuetatik begiratuta are ederragoa da, gainera. Izabatik iparralderantz jota, zuzen-zuzen Belaguarantz segi dezakegu edo, bestela, ezkerretik Otsagabiara desbideratu. Bigarren kasu horretan, Uztarroze eta gaztari eskainitako museoa ezagutzeko asmoz izango da, edo Mintxate artzain haran baztertuko 15 kilometroak. Pistan barrena, Kartxela mendiaren magaleraino hel gaitezke, ilunabarra leku paregabe batetik ikusteko. Frantziarantz jarraituz gero, Belaguarantz egingo dugu; lautadetako larreetatik Ilargikoak diruditen eremuetarako -Larrako karsta, adibidez- aldaketa bortitzaren adibide da hori. Belagua helmuga klasikoa da Euskal Herriko mendizaleentzat urteko edozein sasoitan; mendi ugaritara igo daiteke bertatik. Arrakoko trikuharriaren ingurutik, Keletako haitza eta Kartxela mendia lotzen dituen mendilerroko goialdera igo daiteke. Erraizko lepotik Lakora mendietara igo edo Larrako paraje zoragarrian sar gaitezke, mendiko aterpea pasatu ondoren. Karst ikaragarria da hori, eta mendi pinuak bakarrik irauten du; zeharkatu egin beharko dugu hori, Auñamendi, Añederra edo Hiru Erregeen Mahaia igo nahi izanez gero. Dena den, erraz galtzeko eta oso eremu malkartsuan ibili behar izateko arriskua onartu behar da Larrako labirinto arrokatsuan sartzearekin batera, igoera eta jaitsiera nekagarriak aurkituko baititugu bidean.
Gida
Informazioa.Julian Gaiarre Museo-Etxea. Tel. 948 475 180
Uztarrozeko Gaztaren Museoa. Tel. 948 893 236
Almadia Museoa. Tel. 948 477 153
Natura Interpretatzeko Zentroa. Tel. 948 475 317
Erronkariko Turismo Bulegoa. Tel 948 475 256
Ostatua.
Asolaze kanpin-aterpea (Belagua). Tel. 948 893 034
Urrueta kanpina (Garde). Tel. 646 330 956