Vladivostoketik Harbinera, Txinara iristeko bi gau eta egun oso bat behar dira trenean. Egunsentian iristen da trena Harbinera. Harbingo geltokiak manifestazio jendetsu baten tankera dauka. Dena dago jendez lepo, eta ordu erdia eman dugu geltokitik irteten. Putza dugu alboan, trenean ezagutu dugun txinatar bat. Hari esker lortu ditugu Pekinera joateko txartelak, baita motxilak leku seguruan utzi, dirua lortu eta non jan bilatu ere. Hainbesteko jendetza, nondik nora, galdetu diogu. Harbinek bederatzi milioi biztanle omen ditu! Harbinen bezala, beste hirietan ere mundua bizi da. Pekinen 14 milioi, Xianen zortzi...
Sabelaren orroak apaltzeko, Kentucky Fried Chicken AEBetako janari azkarreko jatetxe batean gosaldu dugu. Ingelesezko menua duen jatetxea behar dugu, eta Txinako zotzekin hasiz gero goseak amorratzen geratuko garenez, ohituta gauden lanabesak erabili nahi ditugu. Harbingo erdigunea eromena da. 50 solairuko etxeak, ehunka auto, jendea harat-honat... Jatetxe on batean egin dugu otordua. Mahai birakorra dute, eta bisitariok inoiz dastatu gabeko gutiziak jan ditugu. Txinako likorebat ere bai, usain gozokoa, baina barrena erretzen duena. 31 euro ordaindu dugu sei lagunen bazkari oparoa. Oso merke.
Harbinen Siberiako Tigrearen Parkea dago. Galtzeko arriskuan dagoen piztia da tigrea, eta parke horretan, espeziearen iraupena bermatzeko lanean ari direla saltzen diote turistari. Askatasun hesituan bizi dira animaliak, 350 kilokoak batzuk, eta ikusgarria da haiek ehizatzen ikustea. Ez da hori, dena den, Harbingo erakargarritasun turistiko garrantzitsuena, neguko izotz figuren jaialdia baizik. --30 graduko hozberoak sortutako izotzarekin figurak eraikitzen dituzte (otsailean), eta ondoren barrutik argiztatu.
PEKIN, ZAHAR ETA BERRI. Pekinek 30 graduko tenperaturarekin hartu gaitu. Far East ostatuan gaude, Pekingo hutong batean (kale estuz osatutako auzoa). Metroan 10 minutura dugu Tiananmen plaza ezaguna. Esateko modu bat da plaza, kilometro eta erdiko luzera eta kilometro erdiko zabalera daukalako, alderik alde. Erraldoia da. Gertu, Hiri Debekatua dago. Mao Zedong agintari ezagunaren mausoleoa dago han, eta mendeetan han sartzeak heriotza zigorra zekarrelako dauka izen berezi hori. Ming eta Qing dinastien egoitza izandakoa, 800 eraikin eta 9.000 logela ditu.
Pekinen beste eraikin erraldoi asko daude, Udako Jauregia, adibidez, baina Tiananmen plaza eta Hiri Debekatua ezagutu ondoren, erabat aseta geratzea da normalena. Milaka txinatar joaten dira Pekinera turismoa egitera, eta 1.400 milioi lagun direnez, jendetza ibiltzen da beti. Musulmanek Mekara egiten duten erromesaldiaren tankerakoa da txinatarrek Pekin hiriburura, Tiananmen plazara, egiten dutena.
Irekiak dira txinatarrak, elkarrizketa zaleak, gazteak batez ere. Ohitura bitxiak dituzte. Turisten begietan harrigarriena, hauxe: haur txikiek ez dute pardelik erabiltzen. Galtzek zartadura moduko bat daukate, eta gurasoek edozein zulo erabiltzen dute umearen beharra asetzeko.
Pekin etengabe hazten ari den hiri ikaragarria da. Hiri erdigunea txukuna da, etorbide zabalak ditu, eta eraikin ederrak. Bizikletak nonahi ikusten dira, eta kutsaduratik babesteko zapiak ere bai. Dozenaka etxe-orratz eraikitzen ari dira Pekinen, eta lelo bitxia duten publizitate iragarkiak sarri ikusten dira: «Etor zaitez Pekinera. 10 urte barru munduko hiriburu komertziala izango gara». Ez da harrokeriaz egindako mezua. Txinak beste inork baino merkeago ekoizten du edozein produktu, eta horrek balantza Txinaren alde desorekatzen du beti.
Xidan metro geltokitik hurbil dagoen merkatua edo Xiushui zetaren merkatua pagotxa handia da turistarentzat. Kalitate oneko arropa beste inon ikusiko ez den salneurrian eros daiteke bi gune horietan. Hutong-etatik bizikletan osteratxoa egitea ere polita da, ilunabarrean batez ere.
Gau bateko bidaia dago trenean Pekindik Xianera. Xian 14 kilometroko harresiz inguratuta dagoen hiri handi bat da. Buztinez egindako soldadu erraldoiengatik da ezaguna Xian. 1974 urtean bilatu zituzten nekazari batzuek, eta orduz geroztik, Txinako kokagune arkeologiko garrantzitsuenetakoa da. Figura guztiak bi metrotik gorakoak dira, eta enperadorearen handinahiaren isla omen dira.
Ehunka soldadu eta zaldi daude, asko hautsita dagoeneko. Askoz gehiago dira, dena den, trumilka biltzen diren turistak. Bidaia agentziak egun osoko txangoa saltzen saiatzen dira, baina denbora galtzea da, egun erdia nahikoa baita bisita lasai egiteko. Beste egun erdia erakargarriak ez diren museoak eta dendak bisitatzen joaten da. Iritziak iritzi, zortzigarren mirari gisa saltzen dutenak ez du halakorik merezi. Soldaduak 10-12 metroko distantziatik ikusten dira, eta ezin dira ukitu. Lehen begiratuaren ostean, dena antzekoa egiten da bisitariaren begietan.
Aukeran, politagoa da Huashan mendigunea, Xiandik 130 kilometrora dagoen granitozko itxura bereziko mendigunea. 2.000 metro pasatxo dituzte, baina teleferiko batek 1.600 metroraino eramaten du bisitaria. Han, eskailera ilara ikusgarrietan gora, gailurretaraino igo daiteke, ordu pare bateko txango lasaian, eta oso bista onekin gozatu.
Txinatarrek ohitura bitxiak dituzte. Harrigarrienetakoa, haur txikiek ez dutela pardelik erabiltzen
Leku guztietan dabilen jendetza, etxe-orratz garaiak, monumentuak... dena da handia Txinan
jakin beharrekoak
1.400 milioi biztanle ditu Txinak, eta ordutegi bakarra du herri osoan. Euskal Herrian baino sei ordu gehiago dira. Uda oso beroa da Pekinen, 32-35 gradutik gora egunero.Yuan-a da Txinako txanpona. Euro baten truke 10 yuan lor daitezke. Dolarrik ezin da lortu kreditu txartelekin, eta komenigarria da dolarrak edo euroak gainean eramatea.
Hiri erdigunetik urrunduz gero, 5 dolarrengatik ostatua lor daiteke Pekinen. Janaria ere merkea da: bizpahiru eurorekin ondo bazkaltzen da. Garraioa ez da garestia. Trenean, 1.000 kilometroko bidaiak 20 bat euro balio du. Txartelak lortzeko garaian azti ibili behar da. Milioika lagunek erabiltzen dute trena Txinan. Ostatuetan edo bidaia agentzietan lot daitezke txartelak, bost dolarreko komisioaren truke. Ez da aukera txarra, txartela ziurtatzen dizutelako. Irteerak lotzeko ere, ostatua da aukera onena.