Udari agurra erromeriarekin

Gasteiztarrek giro ezin hobean igaro dute Olarizuko erromeria. Urtero legez, lagun ugari bildu da Olarizu inguruko belardietan, janariaz, edariaz eta musikaz gozatzera.

Bazkalorduan itzalaren bila ibili ziren gasteiztarrak Olarizun. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Gasteiztarrentzat jai estimatua da iraileko Andre Mariarenondorengo lehenastelehenean egiten den erromeria. XIX. mendetik aurrera, belaunaldiz belaunaldi, Olarizuko mendiaren magaletara joateko ohiturari eutsi diote gasteiztar ugarik. Udari agur esateko garaia dela eta udazkena ate-joka datorrela iragartzen du Olarizuko jaiak.

Urteroko legean, jendetza bildu zen atzo Olarizun. Eguraldi paregabeak, gainera, ohi baino gasteiztar gehiago animatu zituen mendi inguruko belardiak bisitatzera. Oinez joan ziren gehienak, baina izan ziren bizikletaz joan zirenak ere. Gutxi batzuek aukeratu zuten autoa, gehienek nahiago izan baitzuten paseatzea. Eguzkiak gogoz berotu zuen goizetik, eta inork ez zuen galdu nahi izan janariaz, edariaz eta musikaz gozatzeko festa. Egitarau oparoa izan zen egun osoz, baina batez ere arratsalde partean agertu ziren gasteiztarrak Olarizura.

Erromeria izan baino lehen, goizean goiz, udaleko ordezkariek izan zuten beren egitekoa, ohiturari jarraituta udalerriko mugarriak bisitatu baitzituzten. Udal Txistulari bandaren laguntzarekin, 8,9 kilometroko ibilaldia osatu zuten. Plaza Berriatik abiatu ziren udal agintariak 09:00etan, eta denera 39 mugarri bisitatu zituzten: zehazki, Burgelu, Trokoiz, Andollu, Villafranca, Aberasturi, Ixona, Añua, Egileta, Izartza eta Okinako mugarrien arteko ibilbidea egin zuten. Javier Maroto alkateak huts egin zuen atzoko txangoan, Bruselan dagoelako bidaia ofizialean, baina udalbatzako gainerako kideektxintxo egin zuten bidea.

Tradizio handia du agintariek udalerriko zedarriak ikustera joateak. Jarduera horri 1590. urtetik eutsi zaio, baina denborarekin aldatuz joan da ibilbidea egiteko modua: 1966.urtera arte, ibilbidea zaldiz egiten zuten, baina hortik aurrera ohitura hori aldatu egin zuten, zirkulazioak zaldizko txangoari sortzen zizkion arriskuak eraginda, eta, harrezkero, oinez egiten da.

Ilarak babak jateko

Bazkalordurako jende dezente ikus zitekeen Olarizuko inguruetan. Urtero ilara luzeak sortzen dira baba jana dastatzeko, eta atzo, bero handia egonagatik ere, ez zen salbuespena izan. Babarrun platerra eskuetan, askok itzalpean eserita ekin zioten bazkaltzeari; beste askok, berriz, mahai zapiak eta aulkiak ekarri zituzten etxetik, eta ogitartekoak jan zituzten.

Jaki goxoak dastatzeko parada ere izan zuten Olarizura bertaratutakoek, ohi legez, saltoki ugari paratu zituztelako: anisez eta azukrez egindako erroskillak, txistorra, gazta eta euskal pastela izan ziren gehien saldutakoak, eta sagardoa, txakolina eta ardoa, berriz, txosnetan gehien eskatutako edariak.

Tripa ongi bete ostean, haurren txanda izan zen, puzgarri, jolas, txotxongilo, erraldoi eta buruhandiekin. Bitartean, Lisker taldearen doinuek dantzan jarri zituzten gazteak, eta, Udal folklore akademiako gaita jotzaile eta trikitilari bandarekin, askok agerian utzi zuten trebeak direla larrain dantzan eta txulalai doinuetan. Zelaietan ez ezik, mendi tontorrean ere izan zen girorik; hainbatek, sasoian daudela erakutsiz, mendi tontorrerainoko bidea egin zuten. Bertan, Arabako aizkolarien txapelketa erakustaldiaz gozatzeko aukera egon zen.

Olarizuko erromeriak ongi pasatzeko osagaiak eman zituen atzo, eta, ezbairik gabe, ikasturtea indarberriturik hasteko aukera eskaini zien gasteiztarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.