Gerizpean. Uda-pasa

Ugaztunei buruz ikasten

Sendaviva abentura parkeak haurrei zuzenduriko hitzaldi eta tailerrak antolatu ditu astebururako

Katamotzak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. SENDAVIVA.
Maialen Unanue
2011ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Sendaviva abentura parkeak Ugaztunen Eguna antolatu du asteburuan. Haurrei zuzenduriko tailer eta hitzaldiak prestatu dituzte, eta doakoak izango dira. Umeek animalien mundua gertutik ezagutzea dute helburu ekimen horiek.

Oinatzen tailerrean, animalien oin markak ezagutu eta ezberdintzen ikasiko dute haurrek. Horrez gain, buztina, pintzelak eta kartoia erabilita gustokoen duten animaliaren oinatza egin ahal izango dute, etxera eramateko. Belarjaleen sailean izango da ekimena, 12:00etatik 13:30era.

Jarraian, 18:45etik aurrera, hitzaldi interaktiboen bidez ugaztunengan ezezagunak diren bitxikeriak azalduko dizkiete haurrei.

Halaber, zirkuko akrobatek esku jokoak egiten erakutsiko diete haur eta helduei, 20:00etan.

Horrez gain, abentura parkeak ordutegia luzatuko du uztail eta abuztuan, udan egunak luzeagoak direla aprobetxatuz. Horrela, bisitariek egonaldia 23:00etara arte luzatu ahal izango dute. Parkeko atrakzio gehienak 22:30ak arte irekiko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek.

Kondaira sekretua izeneko ikuskizuna prestatu dute udako egitarauaren barruan. Urruneko oihan bat irudikatuko dute: basoko zaindariek, erritual baten bidez, animalientzat bizileku seguru bat bilatzeari ekingo diote; 22:00etan hasiko da ikuskizuna.

Abuztuan, egunero egongo da zabalik parkea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.