-EIBAR: Real Madrili hortz zorrotzak erakutsi ostean, Eibarrek pitin bat garbitu du gainean zeraman kondaira gaiztoa. Futbol dotorea suntsitu besterik ez dakiten hamaika hargin-traketsen etiketa, alegia. Nolanahi ere, astearte gauean Espainiako RN, SER eta COPE entzuten jarri nintzen, jakin-minez. Banuen itxaropena izar-eriari su-etena eman eta Eibarri minutuko aintza eskainiko ziotela, elkarrizketatxo baten bidez edo. Kia! Eibarren ordezkoekiko losintxa paternalistarik bai, baina gainerakoan, fundamenturik gabeko elkarrizketak, Ronaldo, Figo, Casillas... Kazetarien kezka bestelakoa baitzen: argi ibili, madrildar galaktikoak, ez zaitezte Eibarrekin bezala lasaitu hurrengoetan, Liga eta Txapeldunena irabazteko mandatu zerutiarra daukazue eta.
-EUSKALFOBIA?: Madrilgo kirol kazetaritzak Eibarri ez-ikusiarena egin diola eta, adiskide bat dut batere harritu ez dena, La Morenari dagokionez behintzat. Berriro ere, aspaldian darabilen teoria gogorarazi dit. Hots, gaueko entzuleen jaun eta jabeak euskalfobiaren patologiaduela. Azken urteetan etsai eta jomuga deklaratu dituenen zerrenda luzea gogorarazi dit: Villar, Clemente, Padilla, Gurpegi, Olano... Biktimismo handiegia ikusten diot teoria horri, baina...
-TORRE-LLEDO: Bozketaren misterioa eta gaur zuri eta bihar niri etxekoen autopromoziorako saria delaahantziz gero, Iparragirre Sariek beti dute zeri erreparaturik. Aurtengo sari berezia Floren Torre-Lledori egokitu zaio. Gaueko irratia egiten 36 urte daramatza. Merezi du aitormenik, giza erritmo biologikoaren lege naturalei desafio egin eta gauero giza fauna oso bati aurre egin diolako; buru-pitzatuei, bihotz-penatuei, erretxinei... denei. Baina dena esatera, haren ahotsa zein jarrera garraztasunaren ahots pipertua iruditu zait beti. Ideologia kontserbadorea, EITBko arduradunen harikoa ere argi utzi du beti. Erretirorako bidean jarri dute REn: gaueko ordutegia murriztu diote eta igande goizetara eraman, zahartzaroaz hitz egin dezan Alvarez Solisekin. Egokia erabakia.
UHINETATIK TIRAKA. UHINETATIK TIRAKA
Bigarren mailako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu