'Conozco una canción'.Jabier Muguruzaren hausnarketak berreskuratu dituzte Boulevard-en (ostiralero, 09:40). Lagun baten esanak hartzen zituen aitzakiatzat Vizcainoren iraganeko MQP saioan, gogoeta ustez xaloak zirenak baina mamiz sustantzia zutenak hiru minututan jaurtitzeko, mintzaera informal batean. Oraingoan, berriz, abestiak ditu abiapuntu. Joan den astean, adibidez, Imanol kantaria omentzeko plazaratzekoa den diskoaren atzean dagoen errealitateari -euskal kantari gutxik parte hartu izanak- egin zion kosk. Leteri eskainitako azkeneko berriketari ere hunkimen punturik itsatsi zion. Bat etorri berarekin ala ez, itzuli-mitzulikarik gabe, barruak agintzen dionetik jardutea, hori behintzat ezin zaio ukatu.
Dopina kirol irratsaioetan.Zer pentsatua eman beharko ligukete dopinaren aurkako operazioa gertatu eta gau horretan COPE eta Ser kateko kirol irratsaioen erreakzioek. Zaila egiten zaigu ekiditea Marta Dominguez PPko alderdikidea izateak eta irrati horien jabeek ideologia zehatz bana -Espainian gehien bozkaturikoa- ordezkatzeak izan dezaketela zerikusirik. De la Morenaren El Larguero-k monografikoa eskaini zion gaiari. Juan Antonio Alcala eta Joseba Larrañagak gidatze duten El Partido de las 12-k, aldiz, pittin bat erlatibizatu egin zuen atxiloketen garrantzia, kontua futbolarekin tartekatuz. Ikustekoa izan zen De la Morenaren interesa entzuleok interpretazio jakin bat guregana genezan: Dominguez munduan nagusitzen ari diren Espainiako kirolari arrakastatsuen ikur handia izan da denontzat; atxiloketek, ordea, izugarrizko min egin diezaioke munduaren begitara lortutako kirol estatus eta ospe horri. Kontraeraso gisa, zabal dezagun lau haizetara Espainiako estatu aparatuak beste inon ez bezain zintzo eta legezaleak direlako gertatu dela operazio hau.
Galbidean.Halaxe doala dirudi Ser katearen erregetza historikoa Espainiako irratigintzan. Kirol esatarien transfugismo kolektiboaren ostean, Gabilondorekin batera urtetan jardundako Luis del Val eta Carlos Elordi ahots mitikoen txanda iritsi da. Lehena COPEra abiatu da Ernesto Saenz de Buruagaren ondoan jardutera goizetan; bigarrena kale gorrian geratu da, baina jarraitzaile asko eta baita gainerako entzuleak ere zain gaude noiz larrutuko ote duen Ser katea, haserre amaitu baitu Carles Francinorekin.
KOMUNIKAZIOA
Uhinetatik tiraka
Marta Dominguez ispiluan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu