Ukenduetatik ingeniaritza genetikora

Centro Farmaceutico Vizcaino elkartearen mendeurrena ospatzeko, erakusketa bat antolatu dute Bizkaiko Foru Artxiboan. Farmaziaren historiari ematen dio begiratua

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Botikari talde batek CFV Centro Farmaceutico Vizcaino izeneko elkartea sortu zuen 1909an. «Ezelango kontrolik gabe, euren kasa, botikak saltzen zituzten hainbat drogeruk garai hartan. Ez zituzten betetzen legeak ezarritako neurriak», dio Carlos Arrieta botikariak. «Egoera horri buelta emateko sortu zen CFV. Kanpotik botikak ekarri eta hemen saltzen zituzten, legeak eskatutako baldintzetan. Halaber, xiringak, supositorioak eta konprimituak egiten zituzten, gero farmazietara banatzeko».

Sorreraren mendeurrena ospatzeko, Ibilaldi bat farmaziaren historian izeneko erakusketa antolatu dute Bizkaiko Foru Artxiboan. Irailaren 30a bitarte egongo da ikusgai. Han ikus daitekeenaren jabe da Arrieta. «Helburua ahalik eta gazte gehien etortzea da», dio. Eskoletako ikasleak joatea gustatuko litzaioke, farmazia alorra eta sendagaigintza zer den ikas dezaten. «Gure lana ezagutzera eman eta ez galtzea: hori da nire asmoa».

Izan ere, ezjakintasuna dagoela uste du. «Nola iritsi dira sendagaiak farmaziara? Atzean dagoen prozesua luzea da. Ikerketa, ekoizpena, mendeetako ezagutza... Horren guztiaren berri zabaldu behar dugu», dio. Asmo horrekin, bada, erakusketan farmaziaren historia osoari egiten zaio errepasoa. Zaharrenak persiarrek eta sasanidek erabiltzen zituzten objektuak dira. Louvreko museoan ikusi zituen, eta haien kopiak daude ikusgai. Duela 2.400 urteko mediku errezeta kuneiforme bat ere bada. Erromatarrek eta greziarrek erabiltzen zuten medikuntza eta farmazia objektu mordoa eskuratu du Arrietak. XVIII. mendean latinez idatzitako farmakopeen bibliografia ere bildu du.

Oinarrian, betikoa

Farmaziaren alorrak sekulako bilakaera izan duela dio Arrietak. «Hori ezin da zalantzan jarri». Baina lehen eta orain elementu bertsuak erabiltzen direla ohartarazten du. «Horren adibiderik argiena kosmetika arloan dago», dio. «Asko sintetikoak dira gaur egun, baina funtsean koloregai naturaletan oinarritzen dira». Lokatza, ardoa, txokolatea erabiltzen ditugu azalerako. Erromatarren garaian ere hala zela dio Arrietak. «Horretan ez dugu batere aurreratu!».

Sendagaiei dagokienez, honako hau da aldaketa nagusia: «Sintetikoak dira». Genetika ingeniaritzaren arloan ere iraultza gertatu dela dio. Halere, sendagai berri bat ez da kontu hutsala: «Aintzat hartu behar da sendagai bat ikertzea 1.000 milioi euro kostatzen dela». Garestia ez ezik, prozesua luzea ere bada. Hamar urteko lanaren ondorio izaten direla ohartarazi du, eta 5.000 ikerlarik parte hartzen dutela. Eta ikertutako ehun lanetik, gainera, 98 zakarretara doazela.

Gaur egungo gaixotasunak betikoak dira: tuberkulosia, malaria, Chagas gaixotasuna, parasitoek eragindakoak... «800 milioi lagunek dute malaria munduan». Bainaerronka nagusia gaixotasun degeneratiboak dira. «Asko ikertzen ari da, baina lan, esfortzu eta diru asko eskatzen du horrek. Urte batzuk barru izango dugu gaixotasun horiei aurre egiteko zerbait». Diabetesaren kasua jartzen du. Sendatu ez arren injekzioen bidez bizi-kalitate duina dutela dio. «Lehen jendea hil egiten zen!».

Txertoei aparteko garrantzia eman behar zaiela iruditzen zaio. «Gure umeek 10 txerto hartzen dituzte. Horrelakoei esker hainbat gaixotasun desagertu dira». Genetika alorrean ere lan handia dago egiteko, Arrietarenirudiko. Minbizia aipatu du: «Zein genek eragiten duten jakin behar dugu. Hori ikertzen ari dira. Hala, etorkizunean gaixotzeko arriskua duela uste den umeari gene hori kenduko zaio, minbizirik izan ez dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.