Hiroshima eta Nagasakiko herrietan bonba atomikoa jaurti zuteneko 50. urteurrena gogoratzeko, 1995ean Kids'Guernica izeneko nazioarteko bake proiektua sortu zuten. Floridako Unibertsitateko Artearen Historiako irakasle Tom Andersonek eta Osakako Unibertsitateko Toshifumi Yosuda Art Japan/Kyotoko lehendakariak eraman zuten proiektua aurrera. Japonian zein munduko hainbat herrialdetan arrakasta handia lortu eta gero, Europara ailegatu zen.
Proiektu horren bidez munduko haur guztien artean bakearen kultura zabaltzea eta sustatzea da asmoa. Horretarako, haur horiei Picassoren Gernika margolanaren neurri bereko oihal batean (3,5x7,8 metro) marrazki bat egitea proposatzen zaie. Han, haurrek bakeari buruz duten ikuspegiarekin osatuko dute lana.
Pablo Picassok 1937an gerran gertatu ziren bonbardaketen aurka protesta egiteko margotu zuen Gernika lana. Gaur egun, margolana bakearen sinbolo bilakatu da munduan.
Gernika-Lumoko haurrek ere proiektu horretan parte hartzeko aukera izan dute. Hala, Maria Oianguren Gernika Gogoratuz erakundeko zuzendariak jakinarazi du mundu osoko eta bertoko haurrek egindako margolanak ikusteko erakusketa antolatu dutela tokiko bonbardaketaren 75. urteurrenaren harira. «Guztira, 24 obra ikusteko aukera dago, eta horietatik zazpi bat Gernikako haurrek egindakoak dira», azaldu du.
Margolanak ikusgai
Margolanak Gernika-Lumoko eraikin, eskola, zentro eta kaleetan jarri dituzte. Hala, udalerrian zehar ibilbide bat egin behar da ikusteko, eta datorren astean liburuxka bat kaleratuko dutela jakinarazi du Oiangurenek, interesatuek margolanak non dauden jakin dezaten. Urriaren 14ra arte ikusi ahal izango dira lanak.
«Gernikako margolanak 10 eta 12 urte bitarteko umeek egindakoak dira, 7 eta 8 umez osatutako lantaldeetan eginak», jakinarazi du Oiangurenek. Hala, obra kolektiboak izanik hainbat istorio ikus daitezkeela adierazi du. «Haurrek euren kabuz egin dituzte obrak, bakoitzak bere bozetoa eramanez eta denen artean zer egingo zuten erabakiz», gaineratu du.
Obra guztiak Picassoren margolanean oinarrituta daude, baina bakoitzak mezu bat darama. «Batzuetan ideia orokor bat ikus daiteke, baina hainbat modutan adierazita. Beste batzuetan, ordea, abstraktuki kontzeptu ezberdinak azaltzen dira», jakinarazi du Oiangurenek.
«Margolanetan askotan agertzen da ostadarra, kolore biziekin; beste batzuetan, beltzarekin eta zuriarekin jokatzen da. Hortaz, margolan bakoitzaren atzean, badago zer ikusi, nahiz eta aurrean ez egon. Atzean zer dagoen ulertu behar da», azaldu du.
Artea bake pedagogia moduan erabiltzeko baliabide interesgarria dela adierazi du antolatzaileak, «ikusteko eta gero ikasteko». Oiangurenek jakinarazi du mundu osoko haurrek egindako 160 bat obra daudela guztira.
Koadroen erakusketarekin batera, bi lehiaketa antolatu dituzte antolatzaileek. «Liburuxketan, lanak non dauden azaltzen da, baina ez zein den zein. Horregatik, eskuorriek margolan bakoitzaren itsasgarri bana izango dute, ondoren kokapenaren arabera mapan bertan itsasteko», jakinarazi du antolatzaileak. Ibilbidea betetzen dutenek, familiarekin bidaia bat egiteko zozketa batean sartzeko, eskuorria Gernikako Bakearen Museoan entregatu beharko dute.
Horrekin batera, bigarren lehiaketa sakelako telefonoarekin edo argazki kamerarekin bideo labur bat egitea izango da, gaia librea izanda. «Lan horiek ere museora bidali beharko dituzte bidaia baten zozketan sartzeko», azaldu du Maria Oiangurenek.
Umeen begietatik ikusitako bakea
Bonbardaketaren urteurrena gogoratzeko, haurrek Picassoren lanean oinarrituta egindako lanak ikus daitezke GernikanGuztira, 24 margolan egongo dira; horietatik zazpi herriko umeek egindakoak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu