Aisialdirako, lanerako eta etxerako erabil daitezkeen objektuak modu berezian erakusten ditu Jacques Carelman artista frantziarrak Ezinezko objetuak izeneko erakusketan. Bilbon dago erakusketa hori, Bilboko Alondegian, Barrea Bilboko bigarren umore eta literatura astearen barnean. Carelmanek hainbat urtetako beharraren ondorioz osatutako bildumako 200 objektu ikus daitezke. Besteak beste, bizikletak, haurrentzako edo helduentzako arropa eta eskolarako eta baratzerako tresnak. Erakusketa igandera arte bisitatu ahal izango da, goiz eta arratsaldez.
Artistak dio erakusketa osatzeko 1968ko maiatza hartu duela oinarritzat: «Nire inspirazio iturri 1968ko maiatzeko gazteak izan ziren». Eta garai hartako konformismorik eza egungo Mendebaldeko kontsumo gizarteari kritika egiteko baliatu nahi izan du. Horretarako, tresna garrantzitsu bat dauka: irribarrea. Carelmanen ustez, Ezinezko objetuak erakusketa kontsumo gizarteari egindako kritika bat da. «Mendebaldeko herri aberatsetako biztanleek zer edo zer erosi, denbora gutxira baztertu eta kontsumitzen segitzeko duten beharraz barre egitea da nire helburua». Horrez gain, gizartean dagoen gauzen «mirespena eta sakratutasuna» alde batera uztea ere lortu nahi du erakusketaren bidez.
Baina, Carelmanen bilduma alde batera utzita, beste bi marrazkilarik ere leku berezia izango dute aurtengo ekitaldian. Batetik, Juan Carlos Egillor donostiar zendu berriari omenaldia egiteko aprobetxatuko dute Barrearen Astea. Antolatzaileen iritziz, Egillorren lanek «bilbotar arima» erakusten dute, eta hiriarekin duen lotura baliatuko dute Iñigo Loyola, Miss Martiartu, Lertxundi irakaslea eta Madamoiselle pertsonaiak lanak jendaurrean erakuste-ko.
Bestetik, Francisco Ibañezek urteetan egindako lanaren ondorio dira Mortadelo eta Filemon komikietako pertsonaia ezagunak. Bada, hark artearen munduari egindako ekarpena eskertzeko asmoz, Bilboko Barrea saria emango diote urriaren 1ean. Era berean, gaur- tik aurrera Ibañezen ibilbidea laburbiltzen duten obra esanguratsuenak ikusteko aukera izango du interesa duen orok.
Hiru artista horien lanaz gain, literatura arloko zenbait berrikuntza, ikuskizunak, jendaurreko elkarrizketak, mahai inguruak eta lehiaketak ikusteko abagunea egongo da egun hauetan. Hitzaldi horietan argitaratzaileek, zutabegileek, antzezleek, umoristek eta sukaldariek parte hartuko dute, besteren artean.
Umore surrealista
Aurtengo Bilboko Barrearen Astearen ardatza umore surrealista dela esan dute antolatzaileek. «Iaz ohartu ginen ez dagoela umorea genero gisa, baizik eta genero guztietan umorea ikus daitekeela; umore surrealista, alegia». Gaur hasi eta igandean bukatuko da astea; eta hiru txoko izango ditu: Kale Nagusiko BBK Aretoa, Areatza eta Alondegia.
Umorea eta barrea nagusi
Eguneroko objektuak modu bitxian erakusten ditu Jacques Carelman artistak Bilbon jarri duen erakusketan. Bilboko Barrearen Astearen barruan ikus daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu