Irria eta lezioak.Ostiral goiza izan daiteke aparta irratia umorez zipriztinduta ikusi nahi duen entzule horrentzat. Unidad de vigilancia (10:10-10-45) datorkigu lehenbizi, SER katean. Isaias Lafuentek esaleen hanka-sartze barregarriak eta erabili ohi dituzten kontzeptu okerrak aztertzen ditu, irrati pasarte benetan antologikoak bilduz. Ziurtatuta dago, irribarrea ez ezik, gazteleraren inguruko lezioak ikasteko aukera ere.
Bere buruari irri.Dialez aldatu, eta ordu erdi batera umore gehiago topa daiteke Radio Euskadin, Boulevard-en. Lisergio Laubost singleen apologista den disko jartzailea datorkigu, Roberto Mosoren alter-ego-a, txit bihurria disko-jogailua martxan jartzerakoan. Alicia San Juan eta Dani Alvarez esaleak berarekin hizki-mizkian aritzera ausartzen dira. Lisergioren ostean, berriz, Antes de mirar cruzar eguneroko saioaren txanda da, Anjel Alkain eta Aitor Gabilondorekin. Biren ateraldi histrionikoak alde batera utzita, punta xorrotxa ateratzen diote Boulevard-en esaten den guztiari. Herenegun, esaterako, Alvarez bera hartu zuten jomuga: ostegun goizean burtsek egun beltza izango zutela iragarri zuen arren, egundoko igoera izan zuten laster batean. Alvarezek bere buruari barre egiteko abilidadea erakutsi zuen, behinik behin.
Oroimen selektiboa.Albistegien ajeak —bi behintzat bai— nabarmendu dira egunotan, beste behin. Mariano Ferrerrek ostiralean REn desiratu zuen bezala, iritsiko al da eguna non fokuak ez diren jarriko Lopez eta Etxeberriaren arteko diosalean? Bigarren ajea, hau zailagoa zuzentzen: memoria selektiboa aplikatzen da hemen zendu diren pertsonekin. Atzo, adibidez, Rikardo Gatzagaetxebarria jeltzalea kexu agertu zen MQP saioan atzo, Juan Txurruka Hezkuntza sailburu ohiaz eta Michel Intxauspe bankari eta politikariaz ahaztu direlako, Bandresez ez bezala. Bide batez: abokatuaren ETAren biolentziarekiko jarrera aipatu zaigu hamaika aldiz, baina ia isilik pasatu da Terrorismoaren Kontrako Legea tortura babesletzat jo izan zuela. Bestalde, Ferrer berak Onaindia beatifikatzea baino ez dela falta esan zien SER katean aurrekoan Carles Francino eta Gorka Landabururi. Honako esaldi hau eranstea falta zitzaion orduan: … eta bitartean, Txiki eta Otaegi terroristatzat jotzen ditu Jaurlaritzako web ofizialak, eta horien familiarrak egurtu egiten dituzte hilerrietan.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Umorea, ostiral goizez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu