Unat

santi leone
2010eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Jose Maria Iribarren idazle tuterarrak dakar, 40 eta 50eko hamarkadetan apailaturiko Vocabulario navarro liburuan, eta definizioa, hauxe: «Bataioetan, haurrek erabiltzen duten hitza, aitapontekoak gozokiak eta dirua bota diezazkien». Unat. Hona, alegia, euskara batuan. Eta definizioan, haurrak eta bataioak. Ez hizlariarenganako norabidea adierazten duen adberbioa. Ez. Antropologoaren begiradapean, herria tribu bihurtzen da, eta horren hitzak, errituetako ele magikoak. Iribarrenendako, unat abrakadabra da.

Joxemiel Bidador zenak ikertua zuen Errepublikaren garaian EAJtik hurbil ibilia zela Iribarren. Gerra Zibilean, ordea, Molaren laguntzaile izan zen. Gerra ostean, Nafarroako kultura ofizialaren parte. Estimua omen zion euskarari, frankismoko bertze zenbait nafar idazlek bezala, eta horregatik sartu zituen euskal hitz batzuk berez Nafarroako gaztelaniaren aldaera biltzen duen Nafar hiztegian. Baina, anitzetan, bertan agertzen diren definizioek hitzen esanahia baino gehiago, frankismopeko euskaltzaletasunaren mugak erakusten dituzte, argi erakutsi ere. Azken buruan, ba al da, elizkizun eder baten ondoan, haur bat euskaraz egiten ikustea baino gauza maitagarriagorik?

Normala da, beraz, harrezkeroztik euskaltzaletasun navarrista horrek izandako bilakaera. Normala, euskara soilik bataioetan eta soilik haurrek erabilia izatetik gelditzearekin batera, ustezko euskaltzale askok euskararekiko interesa eta estimua galdu izana.

Gaur egun, aukeran, bataioetan ere nahiago lukete haurrek «aquí, aquí» oihukatuko balute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.