Biologian doktorea da Naroa Aldanondo (Donostia, 1978). Biologia ikasketak burutu ostean, Eusko Jaurlaritzako doktoretza beka bat lortu, eta Bizkaiko Golkoan antxoa gazteak urte batetik bestera izaten dituzten gorabeherak ikertu ditu tesian. Urrutirago joan behar izan du oraingoan. Saudi Arabian dabil urtarriletik aitzina, doktoretza ondorengo beka batekin Itsaso Gorriko arrainen biologia ikertzen. Itsasoa unibertsitate ondoan du, eta ikerketabaldintzak oso onak direla dio. Unibertsitatetik kanpoko giroa bestelakoa da, ordea. Emakumeen bizitza mugatua da herrialde arabiar horretan.
Zer ari zara ikertzen Saudi Arabian?
Itsaso Gorrian bizi diren arrainen biologia ari naiz ikertzen. Antxoarekin Bizkaiko Golkoan aplikatu nuen teknika antzekoa ari naiz aplikatzen. Aurrerago genetika begiratzen hasiko naiz.
Bizkaiko Golkoko antxoak eta Itsaso Gorriko arrainak. Nolatan bukatu duzu Saudi Arabian?
Tesia bukatu nuen, eta Euskal Herrian ez nuen aukerarik ikerketa jarraitzeko. Gauzak nahiko gaizki daude, ikerketan bereziki. Beste arlo batzuetan irakasle aritzeko begira egon nintzen, baina ezer ez. Ikerketan arituta, hainbat urtetan nahiko curriculum zehatza egiten duzu, eta nire profila ez zen irakaskuntzan eskatzen zutena. Urtebete neraman lanik egin gabe, eta hona etortzeko aukera sortu zenean ez nuen zalantzarik izan.
Nolakoak dira lan baldintzak?
Profesionalki aukera izugarria izan da niretzat hona etortzea. Unibertsitatea berri-berria da, eta ikerketa mailan dauden baldintzak izugarriak. Unibertsitate ondoan dugu itsasoa; oso erraza da, beraz, bertara joatea laginketak egitera. Laborategiak ere itzelak dira. Dena da berria, baliabide ugari daude, eta ikertzeko erraztasun guztiak ematen dizkizute. Egia esan, unibertsitate hau amets ba da edozein itsas biologorentzat: paradisua.
Eta nolakoa da unibertsitatetik kanpoko bizimodua ?
Bereizi beharra dago unibertsitateko bizitza eta Saudi Arabia herrialdekoa. Bi mundu oso desberdin dira. Campus barruan bizitza oso erraza da, laguntza asko ematen dizute. Esaterako, etxea bilatzen dizute. Unibertsitatean bizimodua Euskal Herrikoaren antzekoa da. Janzkera aldetik nahi eran joan zaitezke, betiere eurek deituriko jokabide oneko arauak errespetatuz—mahuka luzeko kamisetak eta belaunetik beherako gonak eraman behar dituzu—. Horrez gain, Europako beste unibertsitateen antzekoa da. Tabernak, zinemak, hondartzak... daude; erraza da bizitzeko, baina base militar batean bazeuden bezala da.
Eta hortik kanpo?
Hemendik gertu Jidda dago, eta pare bat aldizjoan naiz hara. Kontrolak pasatu, eta emakumeok abaya jantzi behar dugu, hemengo emakumeek erabiltzen duten soineko beltza. Berez, Jiddan atzerritar emakumeek ez dute zergan beloa eraman. Niri ez zait gertatu, baina esan didate Polizia erlijiosoak baten bat burua estaltzera behartu duela. Nik ez dut burua estaltzen, baina mundu guztiak begiratzen dit. Jendeak burua estaltzeko gomendatzen dit, lasaiago ibiltzeko. Pentsatzen egon nintzen, baina ez dut ikusten zergatik estali behar dudan burua.
Horrek emango dizu zer pentsatu, ezta?
Maiz izan dut gaia buruan bueltaka. Ez dakit nola iritsi den emakumea puntu horretara. Desberdintasun handia dago. Adibidez, emakumeek ezin dute gidatu. Beste mundu bat da, baina campusera bueltatzean desberdina da.
Euskaldunik topatu al duzu?
Itsaso Gorriaren ikerketa zentroko zuzendaria nire tesiaren zuzendari izandakoa da. Haren bitartez etorri nintzen. Campus barruan ere euskaraz hitz egiten da.
Donostiaren falta sumatzen al duzu?
Bai. Egun guztiak berdinak diren sentsazioa dut hemen. Eguraldia beti da berdina. Mendiaren falta sumatzen dut, baita janariarena ere. Ez dago urdaiazpikorik, ezta txorizorik ere.
Ingelesarekin nahikoa al da hor moldatzeko?
Campusaren hizkuntza ingelesa da. Halere, hasi naiz arabiera ikasten.
Naroa Aldanondo. Biologian doktorea
«Unibertsitate hau amets bat da edozein itsas biologorentzat»
Desberdintasun handiak aurkitu ditu Naroa Aldanondok Saudi Arabian. Beka batekin iritsi da, eta urte amaiera arte geratuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu