Azterketa garaia urrun dago oraindik, baina mugimendu handia dago EHUko Donostiako campuseko Carlos Santamaria liburutegian. Ikasleak etengabeko sartu-irtenean dabiltza liburuak eta apunteak eskuan dituztela. Batzuk lehen aldiz sartu dira eraikuntza berrian; besteek beren errutinaren parte bihurtu dute jada. Liburutegi ireki berria unibertsitate bizitzaren zurrunbiloan sartu da dagoeneko.
Ander Marquet Ryan arkitektoak diseinatu duen eraikina. Polita da: borobila, zuria eta modernoa. Kanpotik leiho gutxi batzuk ikus daitezke; hori bai, nahiko handiak, liburutegi barruan argi izpiak erruz sartzea ahalbidetzen dutenak. Handik ikasleak mahaietan ikasten ikus daitezke, eta haiek ere amaierarik gabeko ikastaldietan ikus dezakete denbora kalean igarotzen dela. Gaitz erdi arretak liburuetatik at ihes egiten ez badu.
Egurrezko eta betoizkoa da, eta hainbat gelatan sakabanatuta dago. Liburuz eta mahaiz jositako tokiez gain, taldeko lanak egiteko gelak eta deskantsatzeko tokiak daude. Barruan izan direnek liburutegia «argitsua» dela baieztatu dute, argia «leku guztietara indar berarekin iristen ez den arren». Ikasle bakan batzuk daude apunteetan murgilduta edo liburuak gainbegiratzen. Filosofiako liburu batzuk ikuskatzen aritu den ikasle batek «giroa nahiko lasaia» dela aitortu du, zarata ere sortu den arren: «Neska bat oinez pasa da takoiekin zalaparta egiten, eta bat baino gehiago begira geratu da». Liburutegi berriek ez dituzte ohitura zaharrak ahaztu.
Barruan bezain beste jende dago kanpoan, zigarretak erretzen edo lagunei itxaroten. Bigarrena edo hirugarrena amaitzen ari da hirukote bat, eta, beren aburuz, «ongi» dago eraikin berria. Psikologia ikasleak dira hirurak. Haien fakultatean bazuten liburutegi bat, baina, orain, beste ikasleekin partekatu beharko dute. Zentro berriaren inguruan iritzi desberdina du bakoitzak. Batentzat, «beharrezkoa» zen liburutegi handi eta bateratua edukitzea, baina lagunak ez du hain argi. Dena den, ados jarri dira azken ukitu batzuk beharrezkoak direla: «Amaitu gabe dirudi. Nahiko nahas-masa dago, fakultate guztietako liburuak batera daude».
Psikologia ikaslea da zigarreta bana biltzen ari den bikotea ere. Liburutegitik atera berri dira —horietako bat lehen aldiz izan da han—, eta horri buruz dihardute. «Itxura ona du, nahiko funtzionala dirudi, baina beldur naiz ea ez den zalaparta gehiegi egongo azterketa garaian. Hain gela handian pare bat hizketan hastearekin nahikoa izango da».
Ez da harritzekoa hainbeste psikologia ikasle egotea atarian. Fakultate horretako ikasleek gertu dute eraikina. Beste ikasle batzuek gehiago ibili behar dute; baina, gutxi gorabehera, Ibaetako campusaren erdigunean dago liburutegia. Eraikin berriaren kanpoaldean dauden ikasle batzuk ez dira liburutegira sartu. Lagunei itxaroten ari dira, eta haiek iristean beste leku batera jo dute. Elkartzeko toki gisa erabiltzen dutela dirudi. Pixkanaka unibertsitatearen bihotz bihurtzen ari da eraikin berria.
Plaza giro
Unibertsitatearen erdigune
EHUko Donostiako campuseko liburutegi berria ikasleen bizitzaren parte bilakatu da dagoeneko, eta egunero mugimendu handia dago han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu